2.926 txalo, Mendozari 'gero arte' esateko
Herritar askoren aitortza jaso du Julen Mendozak, Errenteria-Oreretako alkatetza utzi baino astebete lehenago. Lan horretan eman dituen zortzi urtek eskertu dizkiote.
Gaurko aitortza ekitaldia hunkigarritzat jo dute bertara joan direnek, zer esanik ez herrikideen -eta ez direnen- aitortza jaso duen Julen Mendozak. Errenteria-Oreretako jarduneko alkate denak lagunek antolatutako omenaldi ekitaldia jaso du, alkatetzan eman(go) dituen 2.926 egunengatik eskerrak emateko.
Alkatetza bere koaliziokide Aizpea Otaegiren esku utziko duela ziurra da; Mendozak bere etorkizuna ez du argitu, baina ekitaldi guztian sentitu da gero arte bat izango dela. Eserleku guztiak okupatuta zeudela, Mendoza txalo artean sartu da Merkatuzarren. De Cyne Reynan hainbestetan eskatu duen Rosana abeslariaren Llegaremos a tiempo kanta jo dute tabernako egoiliar den Piratak eta Mikelek.
Ondoren, Jon Maia bertsolariak jarduneko alkateari jarritako koplak bota ditu, duela zazpi urte Errenteria-Oreretara egin zuen bisita gogoraraziz: iragana eta geroa; gazpatxoa eta txistorra; mantxurrianoak eta kaxeroak; Beraun eta Gaztaño; Aljarafe eta Lau Haizetara.
Ondoren, arlo eta kolore askotako pertsona ugarik egindako bideotxoekin bideo luzea osatu dute; denek, gauza batengatik ala besteagatik, eskertu dute Mendozaren lana.
“Komunitatea sortu”
Itsasne Alvarezek hartu du hitza ondoren. 2011-2015 agintaldian udal gobernuaren kabineteburu izan zen, eta esana zuen denbora asko beharko zela bera mikrofonoen aurrera bueltatzeko. Hitza jan behar izan duela aitortu du, okasioak merezi duelako. “Garai berri baten gakoak ikusten zituen berak, gainontzekook ikusten ez genituen bitartean. Nekatu arte eztabaidatzen genuen, eta ni konbentzitzea lortu zuen”, adierazi du Alvarezek.
Komunitatea sortzearen eta politika humanizatzearen lorpenak egotzi dizkio jarduneko alkateari, baita ezberdinen arteko distantziak hurbilaraztea ere. Zortzi urteetan zailtasunak egon direla esan du, baina baita elkar ulertzeko guneak ere. “Ea merezi izan duen galdetzen badidate, baietz esango dut. Mila bider”, zehaztu du Alvarezek. Eskaera bat egin dio: “Itakara iristeko asko falta da. Inork ez zaitzala bidaiatzeko gogoa kendu”.
Mendozaren hitzak
Berak hitz egin nahi ez bazuen ere, oholtzara igo da gaurko ekitaldiko protagonista. Umorez esan du “funeral” baten antzekoa zela ekitaldia. Hurbildu den jendeari (hori ere jatorri ezberdinetakoa) eskerrak eman dizkio.
Bi momentu gogorarazi ditu Mendozak. Lehena, Bildu legalizatu zutenekoa; bera, beste hainbat bilkiderekin batera, Arkaitza tabernan zegoen, emozioak hartuta. Bigarrena, aginte makila lehen aldiz hartu zuenean. “Bost minutu lehenagora arte ez nuen jakin alkate izango nintzenik. Bazirudien borroka luze baten emaitza zela hura”.
Lehenengo egunak “gogorrak, kaotikoak eta buruaren mugetatik haragokoak” bezala deskribatu ditu, eta gobernu taldearen babes giroa gogorarazi du. Hasieran dirurik ez zegoela aitortu du, eta euren proiektuak ezin zuela lau urtera mugatu. “Garrantzitsua zen guretzako atzeraezina izatea”, adierazi du. Udalgintzan emandako pausoei elkarbizitzarena gehitu zitzaion. “Urte eta erdiren ondoren, EH Bilduren batzar batean kideen maitasuna sentitu nuen aurrera egiteko”. 2015etik 2019ra artekoa proiektuen agintaldia izan dela esan du.
Pasa den maiatzaren 26an inoizko emaitzarik onenak jaso zituen EH Bilduk, eta hori aintzat hartzekoa dela. “Aizpeari [Otaegi] eskerrak eman nahi dizkiot konpromiso eta eskuzabaltasunagatik. Konfiantza dut beregan, eta esku onetan utziko dut kargua”.
Errepaso politikoaz gain, pertsonala ere eman du. Bere bihotzean jendea eramango duela esan du, baita ere garai batean zirkulu kultural, sozial edo politikokoa ez zena. “Concha Rociera, Casa Galicia, Jon Maia, Ereintza, Lau Haizetara… Baita ere herri honetara etorri direnak, eta herri hau berpizten lagundu dutenak”.
Hiru urte eta erdian berarekin batera elkarbizitzaren alde lanean aritu direnak ere gogoan izan ditu. “Biktima guztiak ere…”. Eta hor etena egon da, biziki hunkitu delako. “Indarkeria sufritu duten guztiak nire baitan eramango ditut, eta aitortu behar diet egin duten esfortzu handia”.
EH Bilduren proiektu politikoa modu lokal batean landu dutela esan du, ikuspegi global batekin. Etorkizuneko Euskal Herria irudikatu du: “Herri berri batekin amesten dut. Iragan guztia bere gain hartu eta berriro eraikitzeko gai izango den herri bat; kohesio soziala duena; munduari begiratu eta esango diona ‘hau egin dugu'”.
Alkatetzan emango dituen 2.926 egunetan besarkadak jaso dituela adierazi du, eta bere “guardia pretoriar” politikoari eskerrak eman dizkio. “Ez dut izenik esango; parte izan zaretela sentitzen guztiak zarete guardia pretoriarraren kide”. Udal gobernu kideentzako (ezker federalistarekin etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko desioa agertu du) eta udal langileentzako esker oneko hitzak izan ditu, etxera begiratu aurretik. Hor berriro eten du diskurtsoa: gurasoei zein bere bikotekide Maite eta semeei eskerrak eman dizkie. Eta, nola ez, aipu batekin bukatu du hitzaldia. Pepe Mujicaren hitzekin, zehazki: “Ni ez naiz joango, iristen ari naiz. Eta egongo naizen tokian nagoela, proiektu politikoarekin egongo naiz, bizitzarekin egoteko modu gorena delako”.
“Funeral giroa” alaitzeko asmoz, Gariren Esperantzara kondenatua kantatu du alkateak berak. Duela zortzi urte Hertzainaken 564ekin egin zuen bezala. Eta alaitzeko nahikoa ez balitz, luntxa egin dute ondoren han bildutako guztiek.