PSE-EEk dio ez duela Pasaiako alkatetzarik hartuko EAJ gobernuan sartu ezean
Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak esan duenez, zail ikusten du sozialistak Pasaiako alkatetzara iristea.
PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusi Eneko Anduezak zail ikusten du Andoaingo eta Pasaiako alkatetzak beren esku geratzea. Larunbatean, EAJk baieztatu zuen azkenean ez duela Xabier Iridoyren hautagaitza aurkeztuko Irungo alkatetzara, eta PSErekin duen hauteskunde ituna “desblokeatu” zuten horrela. Izan ere, udal eta foru hauteskundeen ondoren, “akordio orokorra” egin nahi dute berriz PSErekin. Zalantza batzuk geratu dira argitzeko, ordea; atzo, Idoia Mendiak jeltzaileei ohartarazi zien “errespetuz” jokatu beharko dutela negoziazioan. Duela lau urteko eredua egokia dela esan du Anduezak, nahiz eta “lekuan leku” egokitu beharko den.
Pasaiaren kasuan zehaztuz, Anduezak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan honakoa adierazi du: “Pasaian, EAJk esan du gobernuan sartzeko aukera ez dutela aintzat hartzen. Hor ez dugu aukera askorik izango, nahiz eta beraien botoak eduki; gero gobernuan sartzen ez badira, negozio txarra”.
Hortaz, gaurko (astelehena) berrien arabera, indar bozkatuenak, EH Bilduk, lor dezake alkatetza. Ikusi beharko larunbatera arte zer gertatzen den.