Aizpea Otaegik hartuko du aginte makila larunbatean
Aizpea Otaegi Mitxelenak hartuko du aginte makila larunbatean, baita udalaren gidaritza. Udalbatzarraren zuzeneko jarraipena egiteko hainbat bide jarriko ditu udalak.
Udalbatza eratzeko eta alkatea hautatzeko aparteko osoko bilkura egingo dute larunbatean (hilak 15) pleno aretoan 11:00etan hasita. Ez da nolanahikoa izango, udal hauteskundeei erreparatuta Aizpea Otaegi Mitxelena izango da alkate, eta lehenengoz, beraz, emakumezko alkatea izango du Errenteriak. Momentu historikoa izango da Otaegik aginte makila hartzen duen unea.
Gardentasunaren aldeko lanari jarraituta, pleno horretan gertatzen den guztia zuzenean ikusi ahalko dute herritarrek eta horretarako bi bide jarriko ditu udalak: Herri Bizia web orria eta Herriko plazan, horretarako jarriko den pantailan. Plazan bertan aulkiak jarriko ditu udalak, gainera.