Askatasunez bizitzeko bidean, urrats bat aurrera
Ostiralean aurkeztuko dute ofizialki LGTBI kolektiboaren gainean udalak eskatuta Zuriñe Rodriguez eta Eli Etxabeguren ikerlariek egin duten diagnostikoa. Emakumeen Etxean izango da, 19:00etan hasita eta herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.
Askatasunez bizitzeko errealitatetik urrun dago oraindik ere Errenteria-Oreretako LGTBI kolektiboa, baina gaur, urrats bat aurrera egin dute bide horretan. Ostiralean aurkeztuko dute ofizialki LGTBI kolektiboaren gainean udalak eskatuta Zuriñe Rodriguez eta Eli Etxabeguren ikerlariek egin duten diagnostikoa, baina gaur aurrerapen bat egin dute. Bi ikerlariek, Julen Mendoza alkatearekin, eta Enara Larrain eta Imanol Miner LGTBI kolektiboko kideekin batera agerraldia egin dute gaur, diagnostikoa esku artean.
ErreferenteEkin du izena diagnostikoak. Sei hilabeteko lana dago atzean, lehen unetik LGTBI komunitatearekin harilkatu dute Rodriguezek eta Etxabegurenek urrats bakoitza, Mendozak nabarmendu duen bezala, “LGTBI kolektiboak eskatu ziolako udalari diagnostikoa egiteko. Begi onez ikusi genuen, garrantzitsua iruditu zitzaigun, eta aukera paregabea epe laburrean berritu behar dugun Berdintasun Planean txertatzea”.
Iruñean eta Gasteizen dago halako diagnostikoa, eta Errenteria-Orereta bihurtu da LGTBI kolektiboaren gaineko diagnostikoa egiten Euskal Herriko hirugarren udalerria. Berezitasun batekin ordea, Rodriguezek nabarmendu duenez, “Errenterian LGTBI kolektiboak lehen unean hartu du parte diagnostiko hori egiteko garaian, aktiboki aritu dira eta baldintza hori ez da eman Gasteizen eta Iruñean”. Errenteriako LGTBI kolektiboaren erreferentzialtasuna nabarmendu du jarduneko alkateak, “lan handia egiten duelako”.
Udalerriko LGTBI biztanleriaren argazki bakar eta zehatza lortu dutela ikerlanari esker nabarmendu du Etxabegurenek bere aldetik, eta ikerketa guztian zehar komunitatearen beraren saretzea lortu dela azaldu du, baita eztabaidarako espazioak izan dituela ere, “komunitatearen kideen artean, baita udalarekin ere eta sortu dira testuinguru oso zehatzak azterketa horretatik haragoko prozesu baterako”. Aldagai ezberdinak, eta problematikak identifikatu dituzte ikerlariek, “Iruñean eta Gasteizen daudenetatik aparte beste batzuk identifikatu ditugu bertan. Sexilioarena eta administrazioarekiko harremanak eta parte hartze politikoaren ingurukoak. Metodologia ezberdinak aplikatuta, finean 24 sakoneko elkarrizketa, eta 25 galdetegi online bete dira, eta hiru eztabaida talde sortu dira: Lehena LGTBI heldutzearen gainekoa izan da, aisia eta espazioa publikoaren erabileraren gainekoa izan da bigarrena, eta hezkuntzaren gainekoa hirugarrena”.
LGTBIfobiari aurre egiteko politikak
Ondorio argia atera dute ikerlariek: LGTBI pertsonek beren bizitzak askatasunez bizitzeko errealitatetik nahikoa urruti dago Errenteria-Orereta. Horrenbestez, ezinbestekotzat jo dute LGTBIfobiaren aurkako politikak diseinatzea, “pertsona hauek beren bizitza hobetzeko eta askatasunez bizitzeko bidea oraindik luzea da”.
Hori lortzeko, proposamen zehatzen pintzelada bat aurreratu du Rodriguezek, guztiak ostiraleko aurkezpenean ezagutaraziko dituztelako. Diagnostikoak hiru helburu zituela esan du Rodriguezek, “argazkia behar genuen LGTBI komunitatearen eta mugimenduaren argazkia lortu nahi genuen, mugimendu bera indartzea zen beste helburua, eta azkenik, proposamen zehatz batzuk egin nahi genizkion udalari, alegia, zer behar du komunitateak eta zer egin dezake udalak horri aurre egiteko. Izan ere, udalek ez dituzte eskumen guztiak”.
Lau ildotan banatu ditu proposamenak Rodriguezek: “Bere aniztasunean LGTBI komunitatearen ikusgarritasunean laguntzera bideratutako komunikazio kanpainekin loturikoak daude, errealitatea honen inguruan dauden estigmekin hausteko; diskriminazio positibo gisa funtzionatzen dutenak, LGTBI pertsonek beren genero eta sexu orientazioagatik jasaten duten bazterkeria arintzen lagunduko dutenak; jada eman den indarkeria LGTBIfobikoari aurre egiteko pentsaturikoak; eta indarkeria horrekin amaitzeko eta eredu sexuala aldatzearekin loturik daudenak, bereziki, formakuntzan oinarritutako neurrietara bideratutakoak”.
Sareak eta ezagutza osatu
Larrainek prozesua nola bizi duen azaldu du. Eskerrak eman ditu, hasieratik LGTBI kolektiboak bere espazioa izan duelako, baita haien proposamenek ere, “garrantzitsu eta babestuta sentitu gara. Aukera eman digu gure sareak eratzeko, gure artean ezagutu eta harreman berriak egiteko. Egia da Oreretan LGTBIQ+ kolektiboa egon dela eta badagoela eta potentea dela, baina ikusgarritasuna ez zegoen. Nik eti eraman dut nire orientazioa aske baina ez dut parte hartu aktiboki kolektiboan eta hau niretzako izan da erronka berri bat. Orain aukera erreala dut benetan aktiboki parte hartzeko, eta eskertzekoa”. Urrats garrantzitsutzat jo du Larrainek diagnostikoa, “erakutsi digu beharrak daudela, errealitatea da lana egin behar dela eta hau hasiera izango da pertosnen bizirtza hobetzeko”.
LGTBI kolektiboa gehiago antolatu dela historikoki nazio zein herrialdean herrian baino nabarmendu du bestalde, Minerrek, “lagunartean, giro informalean eman da, baina ez modu instituituan”. Erreferenteak izan direla herrian aitortuta, horiek ez direla modu antolatuan eman nabarmendu du, eta diagnostikoak gabezia handiak atzeman dituela, “premia dago gure artean mintzakidetza eta lankidetza espazio batzuk eratzen joateko, diagnostikoak horretan lagundu du”.
Mugimenduaren hastapenak, Errenteria-Oreretan
Herenegun Iztietako zebrabidea azkenekoz margotu zutela ekarri du gogora Minerrek, bestalde eta aurretik izan zitezkeen kontuak bateratu, “berresanguratu” dituztela nabarmendu du, “iraganean izan zitzakeen memoria astun horretatik libratu eta molde baikor, alai, koloretsuetara ekarri eta gune bat eman Iztietaren sarreran, gertakariengatik oso metro gutxira”.
Euskal herrian halako diagnostikoa egiten duen hirugarren herria izatea Errenteria ere ez da kasuala Minerren ustez, “mugimenduaren hastapena hemen dagoelako, baita hildako bat ere. Lehen aldiz jendeak aurpegia hemen eman zuen EHGAM bezala”. Abiapuntu berria dela diagnostikoa ere esan du, “kokatzen gaitu argazki baten aurrean zeinak apelatzen gaituen denoi, bai mugimenduan ari garenoi, mugimenduan aritu gabe komunitateko kide direnei, baita komunitatetik kanpo dauden herritar guztiei ere. Guztiak elkarbizitza ikuspegi batetik nola kudeatu guztion kontua da: erakunde, osasun etxe, arreta leku, udaltzainak, ikastetxeak… Herri honen DNAn disidentzia sexuala ere badago”.
Hitz bakarrean laburbildu du Minerrek prozesu guztiak LGTBI kolektiboan eragin duena, “ilusioa”.
Errenteriako Udalak badu gaurtik diagnostikoa, bideari hasiera emateko erraminta oso baliagarria. lanaren prozesuak berak, gainera, LGTBI mugimenduak duen giza kapital handia egiatatzea suposatu duela nabarmendu dute, “birsortu den eta sare berriak eraiki dituen mugimendu bat”.
Ostiralean (hilak 14) aurkeztu8ko dute Rodriguezek eta Etxabegurenek ErreferenteEkin diagnostikoa 19:00etan hasita Emakumeen Etxean, eta bertara deitu dituzte LGTBI komunitateko kideak, baita gainontzeko herritar guztiak ere. Ondorio eta proposamenak zehatzago emango dituzte bertan bi ikerlariek. Aurkezenaren ondoren, berriz, festa txikia antolatu dute, “zikloa itxi eta Errenteria LGTBI pertonen eskubideen aldeko borrokan, erreferentziazko toki izaten jarraitzeko bide berriak irekiko dituena”.