Zituene eta Orereta Ikastola eskutik helduta
Orereta Ikastolako otorduen parte izango da Zituene pasta lantegi ekologiko eta artisauaren pasta freskoa datorren ikasturtetik aurrera.
Bertako ekonomia sustatu eta lekuko hornitzaileekin aritzeko ahalegina egiten duela esan du Orereta Ikastolak, eta horren adibide, datorren ikasturtetik Zituene pasta lantegi ekologiko eta artisauarekin lankidetzan arituko dela esan du. Zehazki, Zituene lantegiko pasta freskoa erabiliko du ikastolak otorduak prestatzeko.
Ikasturtea amaitzear dagoenean, erronka nagusietako bat sukalde eta jangelarena izango dela azaldu du datorren urteari begira. Orain arte Añabitarteko eraikinetako otorduak soilik prestatzen zituzten Añabitarteko sukaldean, baina aurrerantzean, ikastolako jangela guztietakoak prestatuko dituzte bertan, “horri behar bezala erantzuteko aurrerapausoak emango dira janariaren garraioan eta sukaldeko lantaldean. Orain arte egin bezala, gainera, etxeko otorduak ahalik eta osasungarri, orekatu eta jasangarrienak izateko lanean jarraituko dugu”.
Zitunenerekin elkarlanerako lehen pausoak eman ditu Orereta Ikastolak, eta datorren ikasturtetik aurrera bertako pasta freskoarekin lanean hasiko da. Bertako ekonomia sustatu eta lekuko hornitzaileekin lanean aritzeko ahalegina egiten duela nabarmendu du ikastolak, eta halaber, Zituenek izaera kooperatiboa, eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen alde egiten duen apustua ere babestu eta hauspotu nahi duela. Lankidetza “interesgarria” eta “garrantzitsua” dela esan du, eta elikadura ikuspegitik, lekuko eta garaiko lehengaiekin eta herriko lantegian bertan lanean aritzen dela Zituene, “horrek produktuaren kalitatea bermatzen du”.