Duintasunak piztuko du txupina
Aho batez onartu dute Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkartea omentzea alderdi politiko guztiek.
Duintasuna elkarteak piztuko du aurtengo madalenei hasiera emango dien txupina. Hala onartu du, aho batez, udalbatzak atzo egindako ez ohiko udalbatzarrean. Errenteria Irabazizeko bozeramaile Ion Collarrek, Errenteria herri “borrokalaria” izan dela nabarmendu zuen, “oinarrizko eskubideen aldeko borrokari lotuta izan da beti eta pentsiodunen borroka aitortu nahi dugu”. Pentsiodunen mugimenduan gaur ari direnak, duela hamarkadak demokrazia, eskubide politiko eta lan eskubideen alde aritu ziren berak direla nabarmenduz zuen, gainera, Collarrek, “gure aitortza osoa, beraz, zuen konpromisoari, adibide zarete guretzat eta datozen belaunaldientzat”.
Pentsiodunen mugimendua omentzeko proposamena babestu zuen ere PSE-EEk, eta Jose Angel Rodriguez bozeramaileak kolektibo horrek aitortza merezi duela egindako lanarengatik esan zuen, “eskertu behar dizuegu lana eta borroka”. EH Bilduko Eñaut Graciak ere hartu zuen hitza. Mugimendu feminista erreferentziala bihurtu dela herrian esanda, pentsiodunen mugimendua ere erreferentzial bilakatu dela esan zuen, “kalean ikus ditzakegu elkarretaratze eta manifestazioak antolatzen, hitzaldiak ere, salatzen lan erreformak, pentsio duinak aldarrikatzen. Mugimendu hori gai izan da kalean egon daitekeen haserrea aktibo politiko bilakatzeko, eragile politiko bihurtu zarete nolabait, gure herria aberatsagoa eginez, beraz, eskerrik asko”.
Publiko artean zeuden Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteko kideek eta hitza hartzeko aukera eman bazieten ere, beraiek ez zuten egin. Niessen elkarteak aurkeztu zuen Duintasuna elkartea omentzeko proposamena eta haren izenean, Fernando Lopetegik hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkion udalbatzari “poza handiz hartu dugu aho batez babestea gure proposamena”.
Duintasuna elkarteko ordezkariak ez ziren publiko artean izan ziren bakarrak atzoko saioan. Patxiku Zelaia inguruko bizilagun batzuk ere izan ziren plenoan. Ez zen bertan eraikiko diren etxebizitzen gairik landu atzoko plenoan, hala ere hasi zenetik Patxikun etxerik ez, Paxiku gune berdea, edota Patxikun 1993ko akordioa errespetatu zioten afixak erakutsi zituzten.
Mendozaren agurra
Julen Mendozaren azken plenoa izan zen atzokoa. Larunbatean alderdikide duen Aizpea Otaegi Mitxelenak hartuko du aginte makila eta bera izango da gainera, Errenteriak izango duen lehenengo emakumezko alkatea. Orduan amaituko da Mendozaren zortzi urteko alkate aroa, baina ez berarekin koalizio subiranistak hasitako proiektua. Mendozak atzoko saioa baliatu zuen agur esateko eta hitzak izan zituen gobernu taldea EH Bildurekin batera osatu duen Errenteria Irabazizeko bozeramailearentzat eta oposizioan aritu diren EAJko eta PSE-EEkoentzat ere.
Eskerrak eman zizkien banan bana, EAJko Maite Peñari lehenik, “zortzi urte hauten egin dugun ibilbideagatik, eduki ditugun eztabaida guztiengatik, beti nola ez, arrazoia zenuen. Plazer bat izan da eta partekatu duzu bozeramailetza Garbiñerekin (Oiarbide) eta berari ere eskerrak eman nahi dizkiot, askotan ere ezinbestekoa izan zarelako hartu ditugun erabakietan”.
Collari eman zizkion eskerrak ondoren, eta Errenteria Irabaziz alderdiari, “kasu honetan lau urte izan dira, lau urte emankor. Erraza izan da elkarrekin aritzea eta noski, plazer bat izan dela ere”. Azkenik Jose Angel Rodriguezi eta alderdi sozialistari eman zizkion eskerrak Mendozak: “Ondo hasi ginen, krisia izan genuen bidean, baina ondo amaitu dugu. Gure artean ezberdintasun handiak izanda ere, adostasun eta akordio handiak ere izan ditugu”.
Kazetariei ere eman zizkien eskerrak Mendozak, “denbora honetan hemen gertatu denaren kronika jasotzeagatik”, eta nola ez plenoetan aritzen diren langileei, idazkariei eta atearen bestaldean aritzen diren itzultzaileei ere. Zortzi urtean arrasto ukaezina utzi du Mendozak Errenteria-Oreretan bereziki, eta atzoko udalbatzarrean ere utzi zuen: agurra eztitu nahi izan zuen, eta eskerrak emandako guztiei litxarreria zorroa oparitu zien.
Hainbat zinegotzirentzat ere izan zen atzokoa azken plenoa. Hala, EH Bilduko Jaione Karrikirik eta Jon Txasok; PSE-EEko Almudena de La Torrek, Maite Azpilikuetak eta Iñaki Ruizek; Errenteria Irabazizeko Jose Cruz Legorburuk, Nagore Basurtok, eta Mikel Rodriguezek; eta EAJko Jose Manuel Francok ere atzokoa izan zuten azken plenoa.