Eraldaketa politiko eta sozialerako ituna berritu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek
Gaur aurkeztu dute akordio hori Foru plazan, modu irekian eta argi esan dute bertan eskaera bati erantzuten diola akordio horrek: "Errenteriako herritarren artean gehiengoaren eskaera den aldaketa politiko eta sozialari". Sinistuta azaldu dira bi alderdiak gizarte justuagoa eraikitzeko bideari ekarpena egingo dion Errenteria bat posible dela.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gobernagarritasun akordioa sinatu dute. Bigarrenez egin dute, aurreko agintaldian ere batera aritu zirelako formula bera erabilita Errenteriako Udala gidatzen EH Bildu eta Errenteria Irabaziz. Aurretik ere, itunik gabe, baina orain zortzi urte alkatetzara heldu zenean Ezker Anitzako zinegotziaren babesa jaso zuen EH Bilduk udalean. Bidea Errenteriarentzat eta errenteriarrentzat onuragarri izan den zalantzarik ez dutela argi utzi dute akordioa berrituta. Hala adierazi du itunaren aurkezpenean Aizpea Otaegi EH Bilduren zerrendaburuak eta Errenteriako hurrengo alkateak, “historikotzat jo zen hitzarmena sinatu genuen aurreko agintaldian, pentsatzen genuelako eraldaketa politikoa eta sozialean sinisten dugun bi alderdi garen neurrian, gure batura biderkatzailea zela gizartea eraldatzeko garaian. Une horretan ere Bildu Ezker Anitzarekin gobernatzetik zetorren eta luzea da aliantza horren historia”.
Azken urtetako beren jardunak frogatu duela eraldaketa sustatzeko garaian aliantza ona izan dela bi alderdien artekoa, “eraginkorra dela frogatu dugu herriaren eta herritarren bizitza hobetzeko garaian, eta uste dugu gainera aliantza horrek bere osotasunean hartuta herritarren babesa jaso duela azken udal hauteskundeetan”.
Eskerrak eman dizkio Otaegik Elkarrekin Podemosi aliantza hori posible egiten jarraitzeagatik eta bidea partekatzen jarraitzeko aukera eskaintzeagatik.
Ion Collar Elkarrekin Podemosen zerrendaburuak hartu du hitza ondoren. Aldaketa sustatzeko bidean aktiboa izan nahi duela Elkarrekin Podemosek esan du Collarrek, “Errenteria justuagoa, feminista eta solidarioa, parte hartzailea eta jasangarriagoa egiteko konpromisoa hartu dugu. Herritarrek pasa den maiatzaren 26an eman ziguten papera dela ulertu dugu, eta ulertu dugu ere Errenteriaren gehiengoak gobernu egonkorra izan nahi duela, eta pertsonak aurretik jartzen dituena. EH Bildurekin gobernu aurrerakoia osatuko dugu horretarako eta hutsik ez egiteko lan egingo dugu ez soilik bi alderdioi botoa eman digutenei, baizik eta herritar gehiengoari ez kale egiteko”. Umiltasunetik, zintzotasunetik eta koherentziatik egingo dutela erantsi du, “horren erakusle da gaurko ekitaldi ireki hau”.
Gaur aurkeztu dute akordio hori Foru plazan, modu irekian eta argi esan dute bertan eskaera bati erantzuten diola akordio horrek: “Errenteriako herritarren artean gehiengoaren eskaera den aldaketa politiko eta sozialari”. Sinistuta azaldu dira bi alderdiak gizarte justuagoa eraikitzeko bideari ekarpena egingo dion Errenteria bat posible dela, “zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak babestuz sozialki kohesionatuagoa izango dena, pertsonen interesei erantzungo dien garapen eredu sozioekonomiko iraunkorra defendatuko duena, eta pertsonen eta herrien erabakitzeko gaitasuna errespetatuko dituena, parte hartze politikoaren ardatz nagusi gisa”.
Akordioa bi zatiren batuketa soila izatea ez dutela nahi esan dute, «Errenteriaren alde gure etorkizuneko apustua partekatzen dutenen batura baizik».
Apustu egiteko garaia, arriskuak hartzeko unea dela erantsi dute eta beren esku dagoela “krisi sistemikoaren” aurrean “inflexio” eta “haustura puntua” lortzea, “eta herritarrak eta herria protagonista izango diren beste egoera batera igarotzea”. Ez dute zalantzarik, “etorkizuna herritarren interesak eta interes publikoak defendatuz eraiki behar da”, eta horretara doaz. Bereizketarik gabe, giza eskubide guztien alde egingo dutela hitz eman dute, baita zerbitzu publikoen alde ere. Gainera, herritarrek eta herriek duten erabakitzeko ahalmena errespetatuko dutela nabarmendu dute eta kohesio soziala lortzeko pertsonei babes soziala ematearen alde lerrokatu dira, “finean, egungo egoera zeharo aldatuko dugun, edota funtsean ezer aldatzen ez duten egokitzapen txiki batzuk egingo ditugun erabaki beharra dugu”.
Errealitate soziologiko oso desberdina dela Errenterian jakitun dira identitate sentimenduari dagokionean, “baina uste dugu gehiengoa bat gatozela etorkizun duinaren alde apustu egin behar dugula esatean”. Ziur dira errenterian espazio soziologiko berri bat badagoela, errealitatea eraldatzeko gai diren aliantza politikoak eskatzen dituena: “Apustua egiteko garaia da”.
Lau oinarrien gaineko proiektua
Lau oinarriren gainean eraiki dute akordioa, eta horiek izango dira ekintza politikoaren gidari eta erreferentzia. Akordioa estrategikoa da eta duela zortzi urte egindako apustu politikoari segida eman nahi diola zehaztu dute; eredu politiko sozial eta berria izango du lotura elementu gisa; kalitatezko zerbitzu publikoak indartzea babestuko dute; eta herritarren partaidetzan oinarritutako gizartea sustatuko dute.
Horiek oinarriak, baina konpromisoak ere hartu dituzte. Bizitza duinak, erantzunkidea den komunitatea eta hiri berdinzalea eraikitzeko konpromisoa da horietan lehena, eta horren barruan adinekoen gizarte kontseilua martxan jartzea; haurrentzako eta familientzako auzoetako jolasguneak estaltzen segitzea, eta haurren autonomia sustatzeko eskola bide seguruak sortzea; gazteen foroa sortzea eta gazteen emantzipazioa ahalbidetzeko neurriak sustatzea; LGTBI kolektiboaren diagnosiarekin hasitako lanari jarraipena ematea eskubide berdintasuna sustatuko duten politikak artikulatuz; edota oztopo arkitektonikoak identifikatu eta ezabatzea bildu dute bertan. HAPOa eguneratzea herritarren parte hartzeko prozesu zabal baten bidez, eta gobernantza demokratikoaren ereduan sakontzea, berriz, bigarrena, eta horren barruan udalerriko eta Oarsoaldeko eragile sozial, politiko, sindikal, enpresarial eta kulturalak eta herritarrak oro har inplikatuko dituen parte hartze prozesua abiatzea.
Lekuona abiapuntu izango duen aro kultural berri bat zabalduko dute, gainera, eta egungo ekosistema ondo artikulatzea eta politika kultural deszentralizatua auzo guztietara hedatzea dute erronka. Herri seguru bat egiteko prebentzioa eta kohesionatutako komunitatea sustatuko dute, bestalde, hurbileko poliziari bultzada emanda Herritarren Segurtasunerako Aholku Batzordea indartuta. Ingurumenari ere erreparatu diote bi alderdiek, azkenik, «ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duen herriaren alde lan egingo dugu».
Gobernuaren osaera
Gobernu osaera ere zehaztu dute bi alderdiek itunean. Hala, Kultura, Ingurumena, Gazteria eta Kirol arloak Elkarrekin Podemosek hartuko ditu bere gain, eta Elkarrekin Podemoseko bozeramailea bigarren alkateordea izango da.
EH Bilduk alkatetza, Garapen Sozioekonomikoa eta Komertzioari dagozkion alorrak, Gizarte Zerbitzuak, Hezkuntza, Euskara, Hirigintza eta Hiri Mantenua, Udaltzaingoa, Trafikoa eta Garraioa, Ogasuna, Berdintasuna, Informazio Gizartea eta Herritarren Partaidetzarako Sailak. Halaber, Liburutegi eta Artxiboen arloa EH Bilduk hartuko du bere gain eta harreman formal eta erregularreko mekanismoa ezarriko du Kultura sailarekin, Errenteria Musikaleko Patronatuaren kasuan bezala, EH Bilduren lehendakaritza izango duena.
Gobernu Batzordean EH Bilduko bost kidek hartuko dute parte eta Elkarrekin Podemosek bi pertsona izango ditu ordezkari. EH Bilduk Lurraldea eta Antolaketa batzordeen lehendakaritza izango du eta Elkarrekin Podemos, berriz, Herritarrak arloaren buru izango da.
Ituna sinatuta amaitu dute aurkezpen ekitaldia. Aurretik egindako zortzi urteko bidearekin eta bota duen zaparradarekin behintzat, zerbait bermatuta dute, gaur sinatu duten akordioa ez dela paper errea izango.