Kirol Kultur Astea antolatu du lehenengoz Touringek
Urtebete bete du Touringen zuzendaritzan talde berriak, eta kudeaketaren ardura hartu zuenean hainbat konpromiso hartu zituzten. Horien artean giza balioak sustatzea eta portaera kodea adostea.
Urtebete bete du Touringen zuzendaritzan talde berriak, eta kudeaketaren ardura hartu zuenean hainbat konpromiso hartu zituzten. Horien artean giza balioak sustatzea eta portaera kodea adostea. Bide horretan, urrats bat da hilaren 22an hasi eta 27ra bitartean antolatu duen Kirol Kultur Astea. Asteartean aurkeztu zuten Fanderian Ana Berridi eta Mikel Azkune Touringeko Zuzendaritzako ordezkariek, Juan Luis Asensio Mindara elkarteko ordezkariak, eta Alex Uranga Realaren administrazio kontseiluaren ordezkariak.
Horren barruan, omenaldia, mahai ingurua, antzerkia, eta bazkaria antolatu dituzte. Lehen hitzordua hilaren 22an izango da (larunbata), egun horretan klubeko bazkaria egingo dute, “aspaldian egiten ez zen zerbait zen eta berreskuratu nahi izan dugu, eta bide batez herrira hurbildu. Horretarako Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokian egingo dugu bazkaria eta bertan Touringeko partaide diren 300 neska-mutil baino gehiago izango dira”.
Oinarrizko futbolean ematen den biolentziaz mintzatuko dira, baita giza balioen transmisioz izenburu horrekin hilaren 25ean (asteartean) antolatu duten mahai inguruan. Xenpelar Etxean izango da 19:00etan hasita. Gaur egun futbolean ematen den bortxakeriarekin kezkatuta eta sentsibilizatuta daudela eta Touringek ekarpen hori egin nahi izan duela zehaztu dute. Oinarrizko futbolaren gainean arituko dira, “edozein mailetan justifika ezinak badira ere adin horietan ematen direnak oraindik lotsagarriagoak direlako”. Horrenbestez mahai inguruaren bidez zein eguneroko klubaren jardunean haurrei transmititu behar zaizkien balioak bultzatu eta sustatzeko bideak landu nahi dituztela zehaztu dute.
Mahai ingurua bortxakeriaz
Mahai inguru horretan Kepa Sanz epaile ohia, Garbiñe Etxeberria Realeko nesken koordinatzailea, Juan Carlos Lopez Ubis Realeko Kirol Psikologoa, Jesus Orbegozo Egiluze Ikastetxeko Kirol Zuzendaria, Begoña Irazu foru aldundiko teknikaria, eta Jon Ansotegi Realeko jokalari ohia arituko dira. Moderatzaile lanetan berriz, Jon Gonzalo arituko da.
Antzerkiak ere izango du tartea, eta aurreko mahai inguruarekin lotuta hilaren 26an (asteazkena) Jokuz kanpo antzezlana emango dute 19:00etan hasita Niessen Aretoan. Antolatzaileek nabarmendu dute ez dela haurrei begirakoa, gurasoei begirakoa baizik. Sarrerak ekainaren 20ra arte izango dira salgai Fanderiako Futbol zelaian 5 euroan. Bildutako dirua Mindara elkarteari emango diote.
Astea amaitzeko bazkideen ekitaldia antolatu dute hilaren 27rako (osteguna), eta zehazki 50 urte bete dituzten bazkideei omenaldi egingo diete, “hainbeste urteetan zintzo demonio Touringen koloreak maitatu eta defenditu dituztenei aitortza egingo diegu”. Guztira 21 bazkide omenduko dituzte Xenpelar Etxean 19:00etan hasita.
Hitzarmena Mindararekin
Jon Bautista Campusa egingo du Touringek aurten bigarrenez, eta horren barruan Mindara elkarteko kide diren gaztetxoak Fanderiara joan eta kirol ekintza ezberdinak egingo dituzte campusean parte hartzen ari diren haurrekin. Helburu bikoitza lortu nahi dute, “inklusibitatea lantzea batetik, eta sentsibilizazioa sustatzea bestetik”.
Futbol eskola
Touringek Futbol Eskola antolatu du Fanderian urtero bezala. Urriaren 7an hasiko da eta izena emateko egunak ere zehaztu dituzte: hilaren 17an, 2011n jaiotakoak; hilaren 18an, 2010ean jaiotakoak; hilaren 19an, 2009an jaiotakoak. Ordutegiari dagokionean 18:00etatik 19:30era joan beharko dute Morrongilleta kaleko 8. zenbakian Touringek duen egoitzara. Haur guztiek astelehenean egingo dute saioa 17:30etik 19:00etara. Edozein zalantza argitzeko 943 008 838 telefono zenbakira dei dezakete interesdunek hilaren 10etik 14ra.