Lezoko EAJk du alkatetzaren atea; giltza PSE-EErena da
Lezoko EH Bildu eta PSE-EE, EAJk zer egin zain daude. Lehena alkatetza eskuratzeko, bigarrena Martiarenari botoa eman behar ote dion jakiteko.
Larunbateko 11:30ean, udaletxean, egingo dute udalbatza berria osatzeko eta alkatea izendatzeko udalbatzarra. Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan EH Bildu garaile izan arren, litekeena da Jesus Mari Martiarenak EAJren zerrendaburua alkate izateko hautagaitza aurkeztea, eta hala balitz, Lezoko PSE-EEk HITZAri adierazi dio hori babestuko duela, hau da, aldeko botoa emango diola alkate izateko. EH Bilduk eta EAJk seina zinegotzi lortu dituzte, PSE-EEk bakarra. Sozialistek dute Martiarenari alkatetza emateko giltza; baina atea EAJk jarri behar du, hau da, Martiarenak adierazi behar du alkate izan nahi duela. Aterik gabe, giltza alferrik. Itxura osoa dauka, ordea, Jesus Mari Martiarenak hartuko duela aginte makila.
Ordezkaritza lortu duten hiru alderdi nagusiekin harremanetan jarri da HITZA. EH Bilduren eta PSE-EEren erantzunak jaso ditu; EAJrena ez. Mikel Arruti EH Bilduko buruaren hitzetan, EAJrekin bilkura izan zuten udal hauteskundeen ondoren, “hauteskundeetan lezoarrek adierazi dute adostasunetara iritsi behar dugula, akordioak behar direla. Gu izan gara bozkatuenak, beraz, guri dagokigu alkatetzaz eta udal gobernuaz hitz egiteko urratsa egitea. Baina berriz ere diot, denekin hitz egiteko prest agertu gara, adostasunetara iristeko. Gainera, ni neu alkate izateko aurkeztuko nintzela adierazi genien”. Arrutik baieztatu du EAJrekin izandako bilkuran, jeltzaleek proposamenik ez zutela egin, “esan ziguten oraindik ez zutela egoeraren azterketa egin. Hori egindakoan hots egingo zigutela gaineratu zuten. Ez digute deitu”. Baina Arrutik uste du EAJk eta PSE-EEk akordioa egina dutela.
Lezoko PSE-EEren buru Jose Angel Sanchezek garbi hitz egin du: “EAJko hautagaiak bere burua alkate izateko aurkezten badu, PSE-EEk babesa eman behar dio. Kasu honetan, nik, zinegotzi bezala, botoa eman beharko nioke, eta emango diot”. Erabaki hori EAJk eta PSE-EEk goi mailan egin duten akordioaren barrukoa dela azaldu du Sanchezek, “hori Lezon ere aplikagarria da”. EAJk alkatetza lortuko balu, Sanchezek adierazi du bere asmoa dela gobernu taldeko kide izatea, “aurreko legealdian hala izan da, nahiz eta akordio espliziturik edo agiri idatzirik ez egon”.