Oiartzungo lehenengo komun komuna inauguratu dute feministek
Donibane kaleko komun publikoan plaka jartzearekin kanpaina hasi du Oiartzungo Asanblada Feministak. Ez du bereizketarik nahi.
Oiartzungo Feministen Asanbladak Komun komunak kanpaina hasi du gaur arratsean, agerraldi eta ondorengo ekintza batekin. Helburua da komunek bereizketarik gabeko erabilera edukitzea, edonork edozein erabili ahal izatea. Donibane kaleko komunekin hasi dira; kanpoaldean plaka bat jarri dute, lehenengo komun komunak inauguratzeko.
Mugimendu feministaren izenean, Nora Velez del Burgok eta Maria Manerak aldarriak jakinarazi dituzte. Horrela, komunak sexuaren arabera bereizteak moralitateak, desberdintasunak eta matxismoak ezaugarritutako gizartean jatorria duela esan dute. Eskoletan, elizetan eta hainbat lanpostutan bereizketa zegoela gogorarazi dute, eta egun desagertu dela.
Bestalde, esan dute haurrei txikitatik ezarri zaiela pixa egitea, sexuaren arabera, modu bereizian egin behar dutela. “Sexu heziketa ez-moralizatzaile batetik urruntzen ditu haurrak, eta oso deserosoa izan daiteke. Adibidez, bulba duten mutilentzat zutikako pixatokiak bakarrik daude”, adierazi dute.
Bazterketa eta higienea
Mahai gainean jarri duten beste arrazoietako bat da komuna generoa arautzeko tokia dela, norbera gizon ala emakume den erabakitzera behartzen duen tokia. Gizon/emakume dikotomiatik irteten diren identitateak baztertzen dituela salatu dute. Horrez gain, semedun amen, alabadun aiten edo mendekotasuna duten pertsonen eta haien zaintzaileen bizitzak zailtzen dituela azaleratu dute.
Hein berean, komun bakoitza identifikatzeko irudia oso estereotipatua izan ohi dela azaleratu dute. Ez dira arrazoi bakarrak. “Sexuak elkarrengandik urruntzen ditu, gaur egunean egiten ari den genero hurbilketaren kontra. Berdintasunak eta ezberdintasunak ditugun pertsona orok espazioak konpartitzeak gainerakoekin enpatizatzea dakar, eta honek aniztasuna aberastasun gisa ulertzea ahalbidetzen du”. Azkenik, higienea aipatu dute. Eserita pixa egitea garbiagoa dela esan dute.
Komunak espazio naturalak ez direla nabarmendu dute, kulturak sortutakoak baizik. “Ondorioz, aldakorrak eta aldagarriak izan daitezke”.
Oiartzunen komun inklusiboak sortu nahi dituzte, eta gaurkoa izan da lehenengo urrats praktikoa. Herriko establezimenduek euren komunak edonorentzako direla azaltzen duen identifikatzaileren bat nahi badute, Oiartzungo Feministen Asanbladarekin harremanetan jartzea besterik ez dute. Eta beren aldarria indartzeko galdera batekin bukatu dute interbentzioa: “Etxean guztiok espazio bera erabiltzen badugu komunera joateko, zergatik ez kalean?”.