Badakite borrokatzen
Arrazoi ekonomikoak tarteko, arraunlari askok taldea utzi dute eta urteko plangintza hutsetik egin behar izan dute moreek. Gutxirekin asko egiten jarraituko dute.
Zaharrak berri Sanpedrotarra Arraun Elkartean. Urtero bere burua birsortzeko gaitasuna garatu dute moreek. 2018koa sasoi txukuna izan zen, aise lortu zuten maila ez galtzeko helburua, Kontxan izan ziren, eta bloke sendoa eratu zuten. Baina hori ez zen nahikoa izan arraunlariak klubean mantentzeko, hamabi arraunlarik utzi baitute elkartea. Talde dirudunen aurrean ezer gutxi egin dezaketela dio Antxon Corman Sanpedrotarra Arraun Elkartearen presidenteak, «puntako arraunlariek, proiektu egonkor bat nahi dute. Baina zaila da egonkortasuna lortzea diru gutxirekin eta hamabi arraunlarik taldea uzten badute urtero». Hilaren 22an hasiko da Eusko Label Liga, eta Libia-k tripulazio berriarekin ekingo dio lehiari.
Borrokan aritzera ohitutakoak dira San Pedron, eta badakite aurten ere sufritu beharko dutela. Nola edo hala, lortu dute trainerua osatzea harrobiko gazteekin, baina horrek ere izan ditu ondorio negatiboak, izan ere, Kalparra, bigarren trainerua ezingo dute ureratu. Lekurik gabe geratu diren arraunlariak beste klub batzuetan ariko dira aurten. Gaztetasunaren gabeziei aurre egiteko, beteranoen eskarmentuaz ere baliatu dira. Urko Kortajarena arraunlari zaharrenak 42 urte ditu, Unai Martin gazteenak, ordea, 18 besterik ez.
Elkarteak arraunlari trebeak sortzeko gaitasuna frogatu duela uste du Cormanek, baina lorpenei jarraipena emateko ezinbestekotzat du blokea mantentzea, «oso zaila da urtero arraunlari onenak galtzea eta lehiakor izaten jarraitzea. Trainerua kasik hutsetik osatzea gogorra da, bai, baina hori da dagokiguna, futbolean bezala,diruak geroz eta garrantzi handiagoa du arraunean».
Taldea beste bat izanda, oso zaila iruditzen zaie iazko sasoian egindakoa hobetzea, eta argi dute aurtengo helburua: maila ez galtzea, eta ahalik eta erosoen aritzea. Helburu horri begira, klubean hasi dira dagoeneko arerioak aztertzen «Astillero, Isuntzako Lekittarra eta Cabo da Cruz gurekin ibiliko dira borrokan. Kaiku gaur egun zertxobait hobeto dagoela esango nuke. Hala ere, ez dugu jakingo benetako maila zein den liga hasi arte». Lehen bizpahiru estropadetan gertatzen denak berebiziko garrantzia izango du, sailkapenean lasai kokatzeko eta sasoiari konfidantzaz ekiteko.
Iaz Kontxarako sailkatu ziren,eta garaipen gisa ospatu zuten sanpedrotarrek. Aurten, baina, ez dirudi ametsa betetzeko baldintzetan direnik. Dena dela, errealista bezain baikorrak dira.Azken urteotan beti besteen aurreikuspenak irauli dituztela oroitarazi du elkarteko presidenteak, «beti gara KAE1 Ligara jaisteko hautagaietako bat, baina 14 urte dira onenekin lehiatzen ari garela».
Diruaren menpe
Ekonomiari dagokionez, bereburua urtero birsortzera behar-tuta dago Sanpedrotarra Arraun Elkartea. «Iaz traineruaren aurrealdean babesle ezberdinen iragarkiak jarri genituen, ekarpen ekonomiko baten truk». Aurten babesle berria izango dute, Moyua taldeko Sercom enpresa hain zuzen ere; nolabaiteko lasaitua hartu dute, beraz.
Pasaiako Udalak emandako laguntzak ezin dira beste udalerriek emandakoekin alderatu, «diru gutxi» baitago Pasaian Cormanen iritziz. Gainera, arraun elkarte gehiago daude badian,eta diru laguntzak banatu eginbehar dira. Bazkideen, arrantza arloko enpresa eta gizabanakoek egindako ekarpenekin osatzen dituzte bestelako diru sarrerak.Sosak han-hemenka bilatzen ikasi dute, baita murrizketak egi-ten ere. «Gerrarako ekonomian»aditu bilakatu dira.
Kontuak osatzea lortzen dute urtero, baina estu. Aurten 250.000 euroko aurrekontua izango du Sanpedrotarra Arraun Elkarteak. Kopuru esanguratsua dirudi, baina klub aberatsengandik oso urrun daude Cormanen kalkuluen arabera «700.000 euroko aurrekontua duten arraun elkarteak badaude. Guk diru horrekin ez genituzke fitxaketarik egingo. Nahikoa genuke klubaren egitura sendotu eta azpiegiturak hobetzearekin, arraunlariek alde egin ez dezaten».
Dena ez da dirua kirolean,baina lagungarria dela uka ezina da. Cormanen iritziz, arraunlariek ez dute alde egiten dirua irabazteko, baizik eta proiektu egonkor baten parte izateko eta sariak irabazteko. San Pedrok nahikoa diru izango balu, proiektu bat finkatu ahalko luke eta proiektu horren inguruan hazi. Fitxaketez gain, ongi era-biltzen bada, diruak klub txiki batek egonkortasuna lortzeko gakoa izan daiteke.
Lau urteko proiektua
Arraunlarien buruan, Mikel Arostegi oriotarrak jarraituko du entrenatzaile eta arraunlari rolak uztartzen. Iaz lortutako oreka, Arostegiren lanari esker izan zen. Oso pozik daude entrenatzailearekin eta erakusten ari den konpromisoarekin, «lau urteko proiektua garatu nahi zuela adierazi zigun Mikelek. Iaz maila galduta ere entrenatzaile izaten jarraituko zuela esan zigun. Asko eskertu genion jarrera hura, konfidantza emango diogu».
Ekonomia arloan klub apala da San Pedro, baina goi mailako entrenatzailea dutela dio Cormanek, eta bera dela pertsonarik aproposena proiektua aurrera eramateko, «teknikoki ligako entrenatzailerik onena dugu. Ikaragarria da halako baldintzetan lortu dituen emaitzak».
Mikel Arostegi: «Traineruaren blokeari eutsi nahiko nioke eta arraunlari hauekin hazi»
Hamabi arraunlarik utzi zuten iaz San Pedroko trainerua, baina entrenatzaileak ez du ontzitik jaisteko asmorik. 2011n iritsi zen oriotarra Kalparrako klubera arraunlari gisa, eta azken sasoietan entrenatzaile papera ere bere gain hartu du. San Pedroren entrenatzaile izatea baldintza zailetan lan egitearen baliokide da, baina ez dio erronkari uko egin. Aurten moreak Eusko Label Ligan manten daitezen lan egiten ari da Arostegi. Etorkizunari begira, esku artean duen blokeari jarraipena eman nahiko lioke entrenatzaileak.
Eusko Label Liga hastear da eta Libia bertan izango da. Nola dator denboraldia?
Entrenamenduak ongi doaz eta orain arte lan polita egin dugu.Azken estropadetan gorabehera batzuk izan ditugu, baina badakigu zer egin eta nola aritu behar dugun.
Aldaketa asko berriz ere, hamabi. Nola kudea daiteke hori?
Hamabi arraunlarik taldea uztea kolpe handia da, zalantzarik gabe. Urte batetik bestera blokea mantenduko bagenu, traineruak aurrera pausoa emango luke.
Tira, aurten berriz ere hutsetik hastea egokitu zaigu. Iaz KAE2Ligan aritutako B traineruko zazpi arraunlarirekin osatu dugu Libia aurten.
Ez al da jauzi handiegia, KAE2Ligatik Eusko Labelera igarotzea urte batetik bestera?
Bai, sekulako saltoa da, alde ikaragarria dago maila batetik bestera. Baina egoerak behartu gai-tu salto egitera. Aurten ez dugu Kalparra ureratuko, ez baitugu nahikoa jenderik. Zaila da, bai, baina hauxe da dagokigun egoera eta nola edo hala egin behar dugu aurrera.
Urtea zaila datorrela dirudi, gozatzeko moduan ibiliko zarete?
Ondo prestatu gara. Guk gurea‘‘ematen badugu, gure maila gorena erakusteko gai bagara, gustora egongo gara egindako lanarekin.
Beteranoak eta gazteak uztartu dituzue traineruan.
Beteranoen eskarmertua beti izango da ona traineruarentzat. Ahal den neurrian, traineru orekatua osatzen saiatu gara.
Eta nola datoz gazteak?
Egia esan, batzuk gazteegiak dira Eusko Labelen arraun egiteko. Ilusioz beteta daude, eta gogotsu denboraldiari ekiteko. Seinale ona da hori, ikustear da zer nolako maila erakutsiko duten.
Zaila al da hutsetik sortutako traineruari, talde sena ematea?
Beteranoek asko laguntzen dute arlo horretan. Haiek badakite zein den elkartearen egoera eta zer nolako zailtasunak dauden taldeak osatzeko. Traineruaren parte izateko erabakia hatzen duenak, lehen unetik erakusten du erabateko konpromisoa eta denok batera egiten dugu aurrera.
Iazko maila erakusteko aukerarik bai?
Nahi bai, baina auskalo lortuko ote dugun. Guk badakigu zer eman dezakegun, baina ez daki-gu besteen maila zein izango den. Lehen sei estropaden ostean jakingo dugu non gauden. Lehia estua izango da.
Pozik errepikatuko genuke iaz ortutakoa, noski, baina egungo egoera bestelakoa da. Gure helburu nagusia da maila mantentzea eta arraunaz gozatzea.
Amestea ez da txarra, Kontxa al da zuen ametsa?
Beti amestu behar da, baina oraintxe bertan gure helburu ba-karra Eusko Label Ligan jarraitzea da. Hamabi aldaketa egin ostean maila mantentzea, nahiko ametsa litzateke.
Garrantzitsuena ligako lehen estropadetan ongi jardutea da. Hastapenak onak badira, abuztuan Kontxan pentsatzen hasi ahalko gara. Baina oraintxe bertan urrun dago helburu hura.
Lau urteko proiektua da zurea,nolako egoera nahiko zenuke lau urte barru?
Ez dakit zer gertatuko den baina gazte hauekin sortutako blokeari jarraipena eman nahiko nioke,trainerua denekin batera hazi dadin. Ez dakit non egongo garen lau urte barru, baina asmoa urtez urte gora egitea da. Hutsetik hasi gara aurten, hobetzeko tarte handia dugu oraindik. Banderaren bat edo beste irabaztea ederki legoke. Baina esan bezala, ez dakit zer gertatuko den.
Zer egin beharko luke San Pedrok arraunlari onenek alde egin ez dezaten?
Gakoa dirua da. Horren kontra ezin dugu ezer egin. Sanpedrotarra Arraun Elkartea izen handiko kluba da, baina diru kontuetan txikia. Ekonomikoki ezin gara alderatu beste klub batzuekin. Epe luzera talde sendo bat osatzeko, dirua behar da ezin-bestean.
Diru faltan, zaleen babesa nabari duzue behintzat?
Noski baietz. Egia esan, zalegoari dagokionez ez dugu inongo kexarik. Zaleek zein klubak ederki tratatzen gaituzte eta beti izan dugu haien babesa. Urte asko daramazkit San Pedron, 2011n iritsi nintzen arraun egitera, eta bertan jarraitzen dut.
Oriotarra izanik, arraunerako zaletasuna duen herri bat zer den badakizu. Nolakoa da arraunaren egoera Pasaiako badian zure ustez?
Nire ustez, arraunean eta kirolean orokorrean, aro onak eta txarrak daude. Badirudi gaur egun Pasaian pixka bat behera egin duela arraunak. San Juan-Koxtapek maila galdu zuen iaz, Trintxerpek ez du lortzen trainerurik ureratzea, eta gu ere, hortxe-hortxe gabiltza, borrokan.
Horrez gain, arraunaren testuinguru konplexua ulertu be-har da. Oso kirol gogorra da, exijentzia handiko jarduera. Gazteak direnean gehienak gustura ibiltzen dira, baina Senior Mailan egoera bestelakoa da. Askok ez dute jarraitzen, arrazoi asko direla medio. Halere, ziur naiz aro berriak etorriko direla eta arraunak berriz ere gora egingo duela Pasaian.