[Galeria] Traineruak aurkeztu ditu Hibaikak
Hibaika Arraun Elkarteak denboraldi berrian uretan arituko diren taldeak aurkeztu zituen atzo. Zumardia aukeratu zuen aurkezpena egiteko arraun elkarteak.
Atzo aurkeztu zituzten denboraldiko traineruak. Harrobia ere bertan zian zen. Hibaika Arraun Elkarteak denboraldi berrian uretan arituko diren taldeak aurkeztu zituen atzo. Zumardia aukeratu zuen aurkezpena egiteko arraun elkarteak. Kategoria guztietako arraunlariek hartu zuten parte aurkezpenean, baita elkarteko zuzendaritzako kideek, entrenatzaileek, eta prestatzailek ere. Bi traineru izango ditu uretan Hibaikak aurten ere: Emakumeena ETE ligan eta gizonena KAE2 ligan.
Pasa den larunbatean hasi zuten denboraldia bi traineruek, eta emakumeek biribil hasi dute denboraldia, lider direlako ETE Ligan lehenengo bi estropadak irabazita. I. Igartza Bandera, eta I. Adegi Bandera etxera ekarri dituzte Hibaikako emakumeek.
Gizonen traineruari dagokionean, KAE1 ligan emaitzak ez dira onak izan. Larunbateko estropadan azkenak sailkatu ziren Pasaiako Badiako uretan. Igandean berriz, azken aurrenak izan ziren errenteriarrak.
Idoia Arbelaitzek egin zuen Hibaikaren denboraldiaren aurkezpena eta nabarmendu zuen ahalegin handiz, gogoz eta ilusioz prestatu dutela Hibaikako kide guztiek hasi den arraun denboraldia: “Gogor bezain temati entrenatu dute neska mutilek”. herriaren izena oso ondo ordezkatuta izango den zalantzarik ez duela gaineratu zuen aurkezleak, “badakigu poztasun handiak emango dizkigutela”. Hibaikako kide izateak suposatzen duena galdetuta denetariko erantzunak jaso dituela esan zuen Arbelaitzek, “hitz bakarrean labur daitezke: Harrotasuna. harrotasuna sentitzen dutela herriaren, Oreretaren izena, Kantauri itsasoan zabaltzen dutenean. Harrotasuna eta ohorea. Ilusioa barneratuta dutela egunaren lehen ordutik, baita uretara ateratzen diren unetik ere. Balore bikainak jasotzen dituztela bizitzarako Familia sentimendua handia dela, familia handi bat osatzen dutelako, eta elkartasuna ezaugarri nagusia dela, kirolarien artekoa, zein herritik jasotzen dutena”.
Elkartasun hori elikatzea herritar ororen esku dagoela nabarmendu zuen gainera, aurkezleak, “animoz, babesez, indarrez, txaloz beteriko elikadura igorri behar diegu haien izerdia gure herriaren izenaren alde lau haizetara zabaltzen duten horiei”.
Babesleentzat ere izan zituzten atzoko aurkezpenean esker hitzak, “arraunlaririk gabe ez legoke Hibaikarik, eta babeslerik gabe zaila litzateke Madalen trainerua uretara ateratzea”. Ezinbesteko direla halaber, kudeatzaileak, laguntzaileak, entrenatzaile fisikoak, jarraitzaileak, gurasoak eta harrobia osatzen duten haur eta gazteak, nabarmendu zuen Arbelaitzek, eta guztiei ekarpena eskertu.
Maite Gartzia Kirol eta Gazteria zinegotziak parte hartu zuen atzoko aurkezpenean. Labur mintzatu zen Gartzia: “Ohorea zarete guretzako Hibaika eta bertan ari zareten arraunlariak, eta herria harro dago zuekin”. Orain arte egin duten ibilbidea eta aurretik egiteko dutena eskertu zien Kirol zinegotziak. Aizpea Otaegi alkatea ere izan zen aurkezpenean, baita familia argazkian atera ere.
Familia argazkia eginda amaitu zuten aurkezpena.
