Gizartea eraldatzeko mahaia
Oarsoaldeko Ekonomia Sozialaren Mahaiak inguruko hamar eragilerekin hasiko du bere ibilbidea.Pertsonen parte hartzea, ekintzailetza eta garapen eraldatzailea jarriko dituzte mahai gainean.

Eratu egin dute Oarsoaldeko Ekonomia Sozialaren Mahaia. Eredu neoliberala gizaki eta herrien kontrakoa delakoan, bestelako aukerak aztertu eta sustatuko ditu mahaiak, betiere Oarsoaldeko berezitasunei jarraiki. Ekintzailetza komunitarioa, elkarlana eta garapen ekonomiko eraldatzailea izango dira proiektuaren ardatzak.
Mahaia ia urtebeteko lan eta azterketaren emaitza da. 2018ko udazkenean Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresetan pertsonen parte hartzea sustatzeko diru laguntzak eskaini zituen. OlatuKoopeko hainbat kooperatibek deialdiari heldu zioten, Oarsoaldeko Talaios Kooperatibak tartean. Lehen helburua, saretze prozesu horren testuinguru eta bertan jarduten zuten eragileak ezagutu eta aztertzea izan zen. «Oarsoaldeko baldintzak bereziak direla ukaezina da. Gaindegiaren datuen arabera, Bizkaiko Ezkerraldea eta Meatzaldearekin batera, gainbehera ekonomiko sakonena bizi duen eskualdea da», dio Amaia Oleaga, Talaios Kooperatibako kideak. Ekonomia sozialari dagokionez, nolabaiteko ehuna bazegoela antzeman zuten, bereziki azken urteotan sortu diren alor ezberdineko kooperatibei esker. Proiektu ezberdinak uztartuz,aktore eraldatzaile bat izateko gaitasuna dutela uste du Oleagak, «beste garapen ekonomiko baterako tresna izan gintezkeela ulertu genuen».
Oarsoaldeko hainbat eragilek osatuko dute Ekonomia Sozialaren Mahaia: Eskura Mobile, Zituene, Elika, Arraztalo, Labore Oarso, Gaindegia, Orereta Ikastola edo Talaios Kooperatiba, besteak beste. Prozesuan zehar interesa agertu dute beste eragile batzuk, Pasaia-Lezo Lizeoak adibidez, eta antolatzaileek gogorarazi dute «ateak zabalik» dituztela aurrerago mahaiarekin bat egiteko. Argitu beharra dago,saretze prozesua, OlatuKoop taldeak egindako deialdi baten ondorioz jaio zela, baina Ekonomia Sozialaren Mahaiko kide guztiak ez direla OlatuKoopen parte.
Sektore ezberdinak ordezkatuko dira mahaian, batik bat, elikadura, teknologia berriak eta hezkuntza. Denek dituzte, ordea, oinarri berberak: lanerako eredu horizontal eta komunitarioa zein lurraldearekiko lotura. Lurraldetasunean datza gakoa, antolatzaileen aburuz, «ekonomia sozialak bere inguruko baldintza sozioekonomikoak eraldatzeko aukera ematen die pertsonei». Apurka-apurka hasi dira. Eraginkorrak izan nahi dute, baina bide luzea egin beharko dute lehenik. Mahaia eratuta, ildo nagusiak antolatzeko garaia dute orain. Urrian ekingo diote lan dinamika berriari.
Hiru lan ildo
Oarsoaldean kokatuta dauden kooperatiben mapa aztertuz hiru sektore nabarmentzen dira. Elikagai ekoizpena, teknologia berriak eta hezkuntza. Nekazaritza agroekologikoak Oarsoaldean hartzen ari den indarra «agerikoa da» Oleagaren iritziz, Zituene pasta obradorea edota Labore Oarso horren erakusle dira. Oarsoaldeko elikadura estrategia garatzeko, ezinbestekoak izango dira tankera honetako enpresak.
Teknologia berriekin zerikusia duten kooperatiben hazkundea nabarmentzekoa da, «teknologien arloan zerbait interesgarria egosten ari dela nabaritu dugu». App-ak garatzen dituzten Eskura Mobile edo Talaiosek, kooperatibismoa eta demokrazia ekonomikoa lurren ustiapenetik harago doazela frogatu dute. Hurrengo urteetan, gainera, hazkunde handia aurreikus-ten da sektore horretan.
Mahaiaren kideentzat ekonomia sozialaren giltzarri nagusia, bailarako ikastoletan dago, «gure inguruko kooperatiba handienak dira. Ekonomia sozialean dihardute eta askotan ez dira haien garrantziaz jabetzen». Kooperatibisten kopuruaz gain, ikastolek ekonomia eredu eraldatzailea gauzatzeko espazio fisikoa eskaintzen die beste eragileei, baita mezua jende gehiagori helarazteko aukera ere, «milaka ikasle, langile eta gurasorengan eragina izateko aukera da. Pasaia-Lezo Lizeoaren kasua nabarmena da, pasaitar ugari pasa dira bertatik». Funtsean, eskolek ekonomia eredu ezberdin bat aurrera eramatea posible dela frogatu dute. Zituenek, adibidez, Orereta Ikastola pasta ekologikoz hornituko du. Eskolan elikadura eta teknologia libre eta iraunkorrek topo egin dezakete, zeharo ezberdinak diruditen sektoreen elkar eragin positiboa frogatuz.
Aktore garrantzitsua
Hasiberriak dira, baina argi dute epe luzera herritarren mesedera dagoen mugimendu eraldatzailea izan nahi dutela. Gauzak beste modu batera egiteko aukera eskaini nahi diote jendeari, ohiko sistema kapitalistaren menpe egon ez daitezen. Erakunde publiko eta sektore pribatuaren aurrean garapen autonomoa eraikitzea proposatzen dute, «eskualdekook arduratu gaitezen eskualdeaz». Giza harremanak, ekonomikoak badira ere, elkartasunean oinarrituak izatea dute helburu, baten arrakastak, denei eragiteko.
Prozesu eraldatzaile horretan, udalak eta bestelako erakundeak izan nahi dituzte bidelagun, betiere mahaiaren autonomia errespetatuz: «Berdinen arteko harremana izan behar du, ez dugu klientelismorik onartuko».
MAITENA URRETABIZKAIA ETA BEÑAT IRASUEGI, OARSOALDEKO MAHAI SOZIALEKO KIDEAK: «ASKO GARA GAUZAK BESTE ERA BATERA EGIN NAHI DITUGUNAK»
Eskura Mobile eta Talaios kooperatibetako kideek ekonomia sozialaren aldeko apustua egin dute, Oarsoaldea eraldatzeko.
Nolakoa da Oarsoaldearen egungo egoera sozioekonomikoa?
Beñat Irasuegi: Oso kezkagarria da. Industriaren krisia 1980ko hamarkadan gertatu zen, eta Oarsoaldea oraindik gainbeheran dago, inor ez da gai izan konponbide bat emateko. Ordutik lanpostu gehienak hirugarren sektorean sortu dira, zerbitzuetan alegia. Kasu gehienetan prozesua planifikatu gabe egin da, horrenbestez, prekarietatea oso hedatua dago. Gaindegiak egindako ikerketaren emaitzek argi diote, Gipuzkoako errentarik baxuena hemen dugu.
Maitena Urretabizkaia: Eskualdea bera oso anitza da gainera, ezberdintasun handiak ageri dira herri batetik bestera. Ez da berdina Oiartzunen bizitzea ala Pasai Antxon bizitzea, ez dirudi eskualde berdinean daudenik.
Hamar eragilek osatuko duzue Ekonomia Sozialaren Mahaia. Nola errotu zen proiektua?
Urretabizkaia: Oarsoaldeko eragileen behar bati erantzuteko proiektua izan da hau, asko gara gauzak beste modu batera egin nahi ditugunak. Erakundeetara jo izan dugu maiz, baina beti entzungor egin digute. Egoeraz nekatuta, geure burua antolatzen hasi ginen. Ekonomia sozialean jarduten dugun hainbat kooperatiba elkartu ginen, egin genezakeen ekarpenaz hausnartzeko. Gure inguruko proiektu eraldatzaileak aztertu ostean, mahai sozial baten sorrerarako baldintzak ematen zirela ikusi genuen.
Irasuegi: Kooperatibismoaren eredu berritik sortutako proiektuak gara gehienak. Ekonomia sozial berri honek lurraldearekiko konpromiso handiagoa du, ilusio handia dugu.
Sektore oso ezberdinak ordezkatzen dira mahaian, elikadura, teknologia berria eta hezkuntza.
Urretabizkaia: Nik teknologian jarduten dut, baina elikadurak eragiten dit. Egunero jaten dut eta nire elikadura kalitatezkoa eta bertakoa izatea nahi dut. Ikuspegiak kolektiboa izan behar du gai honetan. Nire ustez, kooperatiba bat, enpresa xume bat baino askoz ere gehiago da. Kooperatibismoa bizitzeko modu bat da, gizartean eragin eraldatzailea izateko tresna gara.
Irasuegi: Elikadura pisu handia hartzen ari da. Hutsetik sortutako proiektuak dira, kalitatezko elikagaien ekoizpen sistema zeharo deseginda baitzegoen. Azken urteotan Labore edota Elika bezalako kooperatibek bide berri bat hasi dute. Gainera, beharra eta eskaria badagoela uste dugu, Zituenek eta Orereta Ikastolak sinatutako hitzarmena, adibide ona da.
Hezkuntza sektoreak eskainiko dizkigun aukerak oso garrantzitsuak izango dira datozen urteetan. Hezkuntza, birsortze prozesu batean murgilduta dago, eskolek ere bestelako eredu produktibo baten alde egin nahi dutelako. Elikaduraz gehiago kezkatzen ari dira eta inguruko ekoizleengana jotzen dute batzuk. Teknologia libreak beste era batera erabiltzeko modu des-berdinak sustatzen ari dira. Kooperatibak diren heinean, euren arduraz jabetzen ari direla esango nuke.
Sektore ezberdinen arteko elkarlana aberasgarria da, beraz?
Urretabizkaia: Bai, noski, esan dudan bezala, ikuspegiak kolektiboa izan behar du, nahiz eta nire ogibidea ez izan, elikadurak eta hezkuntzak egunerokoan eragiten didate.
Formakuntza eta ahalduntze ikastaroak eskaintzen dituzue.Zer da KoopFabrika?
Irasuegi: Behar jakin batetik jaio zen KoopFabrika duela bost urte. Gure inguruan jende askok zuen interesa kooperatibismoarengan, baina ez zuten ekonomia sozialean formazioa jasotzeko aukerarik. Ekintzailetza baliabide bakarrak, erakundeek eskainitakoak ziren. KoopFabrika, proiektu kooperatibista bat abiarazi nahi duen jendeari formakuntza emateko tresna da. Hutsetik hasi genuen proiektua,baina gaur egun lortu dugu egitura sendotzea eta finean, aholkularitza egokiagoa ematea. Kooperatiba bat hasi nahi duen pertsonari, bidelagun bat ematen diogu. Bidelaguna, kooperatibismoan esperientzia duen norbait izango da, hau da, urrats berberak eman dituen norbait. Hemendik aurrera proiektuaren lurraldetasuna landuko dugu. Oarsoaldean eragile garrantzitsua izatea nahi dugu.
Formazioaz gain, kooperatiba batek finantziazioa behar du.
Urretabizkaia: Badira finantziazioa lortzeko moduak banketxe sistematik at. Nik Koop57 nabarmenduko nuke, finantza zerbitzu etiko eta solidarioak eskaintzen baititu. Elkartasunean oinarritutako sistema da. Ekintzaileak ez du diru kopuru jakin bat bildu behar enpresa abiarazteko. Nahikoa du hainbat abal emaileen babesa jasotzearekin. Proiektua gaizki aterako balitz, abal emaileek ados-tutako diru kopurua emango lukete, proiektuaren galerei aurre egiteko. Garrantzitsuena da,ekintzaileak ez duela diru askorik behar proiektua hasteko, baizik eta ingurukoen elkartasuna.
Zergatik dira ikastolak hain garrantzitsuak zuentzat?
Urretabizkaia: Sarritan ahazten dugu gure inguruko ikastoletako gurasoak kooperatibistak direla, Haurtzaron esaterako.Ikastolen bitartez, gure eragina handitu dezakegu eta sektoreak uztartzeko aukera izan dezakegu. Aurrerago kooperatibismoari buruzko jardunaldi batzuk antolatu nahiko genituzke, soilik ikastolekin.
Irasuegi: Ikastolen ekarpena bi ikuspegitatik aztertu behar da. Alde batetik, hezkuntza eraldatzailearen aldeko eragile garrantzitsuak dira, autogestioa, ekintzailetza eta antolakuntza irakasteko lekuak izan daitezke. Enplegu arloan jarrera autonomoak sustatzeko leku aproposa da eskola. Bestalde, hezkuntza eragileek duten garrantzia ekonomikoa nabarmenduko nuke. Kontsumitzerakoan eredugarriak izan daitezke, inguruko elikagai agroekologikoekin hornituz, telefonoa Izarkom kooperatiban kon-tratatuz… bestelako erabakiak hartuz. Ekonomia sozialean oinarritutako sare batean, zerbitzu ezberdinen topalekua izan daiteke eskola.
Pasaia-Lezo Lizeoa, ekonomia eraldatzailerako eredu gisa jarri duzue. Zergatik?
Irasuegi: Lizeoa juridikoki osoa urreratua dagoen kooperatiba integrala da. Oinarri zabala du, eta lurraldearekiko lotura estua du, gainera, Pasaiako lau barrutiak batzen dituen eragile bakarrenetarikoa da. Nire ustez, Lizeoan ez dira ohartu haien garrantziaz, eta askotan bere burua gutxietsi egiten dute.