Zaintza martxa, sei etapa enplegu duinaren alde
Zaintza erdigunean jarri eta dituzten lan baldintzak salatzeko Zaintza martxa abiatu du gaur ELA sindikatuak Gipuzkoan barrena.
Parekidetasuna, egiten duten lanaren araberako soldata, bizi ahal izateko lan jardunaldi osoak, azken batean lana bera eta hura egiteko baldintza duinak dituzte aldarri. Erabat feminizatuta dagoen sektorea da zaintzarena, zaintza bera emakumeei egozten zaielako, eta sektore feminizatuek dituzte oro har, lan baldintza eskasenak. Zaintza erdigunean jarri eta dituzten lan baldintzak salatzeko Zaintza martxa abiatu du gaur ELA sindikatuak Gipuzkoan barrena. Donostiatik abiatuta, 13:00etan heldu da Errenteria-Oreretako Herriko plazara. Gaurkoa lehenengo etapa, aurretik, hilaren 29ra bitartean, beste bost etapa.
Txomin Lasa ELAko ordezkariak azaldu du erresidentzietako langileena borroka laborala dela, baina baita borroka feminista eta zaintza eredua ezbaian jartzeko borroka ere, “gaur aldarrikatzen ari garena eta egun hauetan aldarrikatuko duguna da ez dela posible Gipuzkoako erresidentzietan 90 minutu bakarrik ordaintzea Gipuzkoako Foru Aldundiak gure adinekoen zaintzarako, beste 22 ordu eta erdiak zer? Gipuzkoarrok beste erdu bat merezi dugula esaten ari gara, hau finantzatu behar dela, honetan inbertitu behar dela, bizitzak lehentasuna izan behar duela gipuzkoarrontzat. Finean, heriotzarako bidaian gure adinekoek ematen dituzten azken hilabete edo urteak baldintza duinetan eman behar dituztela, baita haietaz arduratzen diren langileek ere, hori da eskatzen ari garena”.
Sei etapetan Gipuzkoako eskualde guztietako bi herri lotuko dituzte eta ideia bat jendarteratu horietako bakoitzean, “gaur egun Gipuzkoan ez dugula zaintza eredu indartsu bat”. Horren arrazoia ere azaldu du ELAko ordezkariak, “zaintza lanen atzean emakumeak daudelako da, eta sektore prekarizatua da. Sexuen araberako lan banaketan beti egotzi zaio zaintza lana emakumeari, ez zaio baliorik eman eta hortik dator egungo egoera: langileak esplotatuta eta adinekoak heriotza duin bat izateko bermerik gabe”.
Errenterian egin du lehen geldialdia Zaintza Martxak, eta bertan, ELAko ordezkariak Aizpea Otaegi alkatearekin eta Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko beste kideekin bildu dira. Janire Diaz Jauregi Deba eta Urola Kosta eskualdetako ELAko arduradunak azaldu duenez Gipuzkoako erresidentzien gatazkaren gaineko informazioa helarazi diete udal ordezkari horiei, “hitzarmen bat itxita dagoela erresidentzietako gatazkan azaldu diegu baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela finantzatu nahi. Zerbitzu publiko bat da diputazioak azpikontratatu eta finantzatzen duena, eta aldundiak behin eta berriz esan digu negoziaketa patronalarekin egin behar dugula. Beti esan dugu hala dela, baina hirugarren agente garrantzitsua diputazioa da, berak zeresana badu, zerbitzu publikoa den unetik eta berak kontratatzen duenetik. Ardura zuzena dute. Beraiek eskatu ziguten enpresekin negoziatzeko eta guk etxeko lanak egin ditugu. Gehiengoa ELAk du sektorean eta patronalaren gehiengoarekin sinatu dugu”.
Akordio horren barruan, soldata igoera 2017tik, lanaldi osoak denentzat eta ratioak hobetzea adostu dute, besteak beste, “oso garrantzitsua da akordioa langileentzat, akordio horrek ahalbidetuko lukeelako ratioaren igoera, eta hori guretzako ezinbestekoa da”.
Babesa eskatu diete gatazkarekiko Errenteriako alkateari eta gobernu taldea osatzen duten Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko ordezkariei, eta Otaegiri erresidentzietako langileen kamiseta eman diote sinbolo gisa. Erresidentzietako ELA sindikatuko langileek gaur 70 egun bete dituzte greban.