«Zauriak itxi ahal izateko bide garrantzitsua dugu aurretik»
Argentinan izan berri da Lopez de Etxezarreta Argentinako Kereilaren testuinguruan. Udalak urtea amaitu aurretik aurkeztuko du bere kereila auzi horretan.
npunitate osoa dute 1936ko Espainiako Gerran, frankismoan eta ondoren trantsizioa deitu zen hartan egin ziren sarraskien arduradunek. 40 urteko diktadurapean egin zituzten izugarrikeriak ezin ditu, gainera, egungo sistema juridikoak epaitu, Amnistia Legea ezarri zutelako helburu horrekin. Milaka biktima dira. Ezin dute, orde,a ezer erreklamatu, ez egia, ez justizia ezta erreparazioa ere.
Egoera hori izanik, eta inpunitatearekin amaitzeko, nazioartera jo zuten 2010. urtean frankismoak hil eta desagerrarazitakoen senideek; nazioarteko jurisdikzioak bakarrik ikertu eta epaitu ditzakeelako genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak. Bederatzi urte geroago, 400 kasutik gora barnebiltzen ditu Argentinako Kereilak, eta hilabete honetan bertan, Buenos Airesen izan dira San Fermin 78 Gogoan plataformako kideak Euskal Herriko beste hainbat eragilerekin batera, gertaera hori kereilan txertatzeko eskatzeko.
Bidaia horretan parte hartu du Garazi Lopez de Etxezarreta zinegotziak, Errenteriako Udalaren ordezkari gisa. «Aberasgarria», hala definitu du esperientzia, «Argentinako Kereila beraren xehetasunak ezagutu eta Argentinako instituzio, eragile eta elkarteen elkartasuna jaso dugu». Errenteriako Udalak urtea amaitu aurretik aurkeztuko du bere kereila, Argentinakoaren barruan txerta dezaten eskatuta. Oinarrian, 1936ko Espainiako Gerran gertatu zenaren ikerketak argitara atera dituen izen-abizen eta gertaeren zerrenda luzea, eta aurretik Memoria partekatu baterantz ikerketak 1956 eta 2012 urteen artean dokumentatu ahal izan dituen urraketak, besteak beste.
Zergatik hartu du parte bidaia horretan Errenteriako Udalak?
Errenteriako Udala ez da oraindik azaldu kereila horretan. 2013. urtean mozioa onartu genuen Gerra Zibilean eta frankismoan gertatutakoak ikertzeko, egia jakin, eta ondoren justizia eta erreparazioa egin ahal izateko. Mozio hartan ere onartu genuen frankismo garaian udaleko langileak ziren eta erailak izan zirenei omenaldia egitea, eta horren ondotik ikerketa abiatu genuen. Aranzadik egin du ikerketa hori, eta udalak argitaratu berri dituen hiru liburuak dira emaitza. Ikerketa martxoan aurkeztuta, kereilaren bidea egiten hastea tokatzen zitzaigunean suertatu zen bidaia egiteko aukera. Babes instituzional zabala eraman nahi zutenez, udal batzuengana ere jo zuten, horien artean guregana, eta erabaki genuen joatea.
Zer suposatu du bidaiak, zer jaso duzu Argentinan?
Bidaiak balio izan dit hobeto kokatu eta jabetzeko zer den kereila bera, zein ibilbide izan duen hasieratik eta nola ari den lantzen Argentinan, eta are gehiago jabetzeko larritasun edo azkartasun gehiagorekin bidea egin behar dugula gure kereila propioa jartzeko. Horrek ez du esan nahi, Errenteriako norbanakoak ez daudenik kereilatuak. Bat baino gehiago dira. Orain, udal gisa ikerketa eginda, zerrendatuta ditugu biktimario ezberdinen barruan gerran eta frankismoan hildako pertsonen izen eta abizenak Gerra Zibilaren ikerketaren bidez, baita Memoria partekatu baterantz ikerketaren bitartez 1956 eta 2012 urteen artean gertatutakoak. Ikerketa horiek egiarekiko gerturatze bat eman digute, justizia egin ahal izateko kereila propioa egin dezagun. Kereila orokor hori osatzeko balioko du gureak, informazio gehiago emango du.
Bidaiaren ostean argi dut azkartu egin behar dugula udal gisa kereila jartzeko prozesua. Ongi lotu nahi dugu zein norbanako eta elkartek jarri duten salaketa gure herrian kereila horren barruan, bide bat elkarrekin egin dezagun.
Eperik zehaztuta baduzue kereila jartzeko?
Udalak aurten jarriko du kereila. Hori da asmoa. Horrekin batera lanketa bat egin nahiko genuke kereilatua dagoen jende guztiarekin, agian kereila pertsonal gehiago susta ditzakegulako.
Garrantzitsua da udal gisa egingo duzuen kereilaz gain norbanakoenak aurkeztea?
Bai, zalantzarik gabe, kopuruak kasu honetan baduelako bere garrantzia.
Rodolfo Martin Villa persona non grata izendatu zuen Errenteriako Udaleko udalbatzak aho batez; Gasteiz, Iruñea, Arrasate, Irun, Lizartza eta Zizurreko plenoek ere hala egin dute. Zer suposatzen du horrek, zein ondorio izango ditu?
Argentinako bidaiara gonbidatu izanaren arrazoi nagusia hori izan da, gure udalak Martin Villa persona non grata izendatu izana. Garrantzi handia du, kereila 2010ean jarri zutenean, hartzen zituen gertakarien epea motzagoa zelako. Orain onartu da kereila luzatzea Espainiako Konstituzioaren testua onartu zen garaira arte. Horrek emango digu aukera bete-betean, trantsizioaren urteetan Euskal Herrian oso larriak izan ziren gertaerak kereilan barnebiltzeko: 1978ko Iruñeako San Fermin, 1976ko Martxoaren 3ko Gasteizko gertakariak, eta 1977ko Errenteriako Amnistiaren Aldeko Astekoak, kasu. Eraildako horiek eta gertaera horiek kereila barruan sartuko dira, eta garai horretan Martin Villa zen arduraduna.
Trantsizio garai hori delikatua izan zen oso guretzat, zalantzarik gabe, frankismoaren politika sistematiko hori, gizartearen kontrako eta erabat pentsatua dagoen pertsonen kontrako politika errepresore sistematiko hori nondik datorren azalarazten laguntzen digulako. Gure ibilbidean gauza asko nahasten dira, borroka armatuaren eta gatazkaren ibilbidean guk beste elementu batzuk baditugunez, badirudi batzuetan ahaztu egiten zaigula nondik datorren: gauzak egiteko politika oso konkretu batzuen ondorioz gertatu ziren gertaera horiek, diktadura eta frankismo horren politika egiteko modutik, zehazki.
Garai horretaraino eramatea, trantsizioa ere barruan sartzea garrantzitsua da. Gerora ere esango genuke segi duela, torturak oso modu sistematikoan segitzen duelako Espainiako Estatuan. Gertaera hauek epaitu ahal izatea, adierazten du genozidio bat izan dela, edo behintzat sistematikoki pentsatu eta gizartearen kontrako politika jakin bat dela oso leku konkretu batetik datorrena. Balio handia du, beraz.
Salaketa Euskal Herritik 10.000 kilometrora egin behar izan duzue.
Oso hunkigarria izan da 1978ko San Ferminetan hil zuten German Rodriguez eta Madrilgo aste beltzaren barruan hil zuten Arturo Ruizen anaiak entzutea esaten, epaitegietan entzuten dituzten lehen aldia dela; izugarria izan da. Justizia egin dadila eskatzeko aukera lehenengoz izan dute 41 urte geroago. Arlo humanoan, hunkigarria eta gogorra da, eta azalarazten du 1977ko Amnistiaren Legearen ondotik puntu eta amaierako politika egin dela, orri garbia nolabait. Espainiako Estatuak ez dio ematen gaur-gaurkoz inolako biderik giza eskubideen urraketa ikertu eta ezagutzeari. eta ez ikusiarena egiten du. Ezin da onartu. Argentinan komunikabideekin izan garenean agerian utzi dute ezin dutela ulertu Argentinako diktaduraren inguruko epaiketa eta kasu ugari Espainiako Estatuan epaitzea, eta Gerra Zibila eta frankismoan gertatu zirenak ez ikertu eta epaitzea, izan ere, oso kontraesankorra da.
Argentinan abian den kereilan zein izango dira hurrengo urratsak?
Bidaiak bi helburu zituen, 1978ko San Ferminetako gertakariak kereilan sartzea eta haiei testigantzak hartzea, baita Madrilgo Aste Beltzean hil zuten Arturo Ruizen anaiari ere, batetik. Maria Servini epaileak hartu dizkie testigantzak. Bestetik, kereilak bizirik jarrai dezan babes instituzionala eta soziala badagoela erakustea, kereilaren atzean dagoen mugimendua ez dagoela hilda, eta epaiketa prozesuak segida izan dezan lanean ari dela erakustea.
Kereilarekin hasitako bidearen hurrengo urratsa, berriz, Martin Villari irailaren 9an deklarazioa hartzea izango da. Ordurako dago deituta. Prozesua hasi denetik Espainiako epailetzari errekerimenduak egin dizkiola, baina jaramonik ez diola egin esan digu Servinik, eta baduela Martin Villa Argentinara deklaratzera joango den nolabaiteko esperantza. Bidea da kereila gehiago sartzea, Espainiako Estatuko epaitegietan zein Argentinakoetan.
Bi lan ditugu: batetik ahal dela pertsona horiek epaituak izan daitezela; eta bestetik, pedagogia egitea, gizarteak ezagutu dezan zer gertatu zen benetan.
Inpunitatea ezabatzea da helburua. Lorgarria ikusten duzu?
Pentsatu behar dugu baietz, baina ez dut uste oso lan erraza izango denik. Argi dut egin behar dela, agerian jarri behar dela eta erabili behar direla ahalik eta bide gehienak horretarako, agerian uzteko behintzat, hori hala izan zela.
Argentinan elkartasun handia jaso duzuela diozue.
Bai, handia, ni behintzat sentsazio horrekin etorri nahiz. Agian gizarte gisa zatikatua egongo da Argentina, gurea dagoen bezala neurri batean, baina giza eskubideen gaia askoz ere barneratuagoa dute, lanketa handia egina dute, instituzionalizatuagoa dute. Buenos Airesko gobernuan izan ginen, udala bezala da, baina eskumen gehiago ditu, eta Giza Eskubideen Batzordeko presidentea lapurtutako ume bat da. Lehen pertsonan bizi izan du Argentinako diktadura eta izan dituen ondorioak. Giza Eskubideen Idazkaritzaordeko politikoekin ere izan ginen. Azken horiek eskuinekoak dira eta hala ere, memoriaren inguruko lanketa barneratuagoa dute hemen duguna baino. Sentsazio horrekin itzuli naiz.
Bestalde, izugarria izan da Maiatzeko Plazako Amekin, seme-alabekin, Argentinako giza eskubideen inguruan, diktaduraren inguruan lanean ari diren elkarteekin sentitu dugun gertutasuna. Konexio handia izan dugu. Heldutasun handiagoa dutela sumatu dugu giza eskubideen arloan.
Errenteria-Oreretan, nahikoa ezagutzen da gertatutakoa?
Uste dut ez dugula nahikoa ezagutzen, eta deigarria izan da Gerra Zibilaren inguruko ikerketa biltzen duten liburuak argitaratu eta lehen egunean 1.500 ale agortzea. Bigarrenez argitaratu genituen 800 ale eta atera eta hurrengo egunean 700dik gora banatu genituen. Horrek zer edo zer esan nahi duela uste dut.
Ez da nahikoa ezagutzen gertatu zena garai ilun hartan, hitz egiteko beldurra dagoelako oraindik ere. Beharra dago ezagutzeko, jakiteko, hitz egiteko… Zauriak itxi ahal izateko bide garrantzitsua dugu egiteko aurretik. Ezagutzeko beharra dugu, baita erreparazioa egiteko behar handia ere.
Kereilak aurkeztu dituzten herritarrek egoera nola bizi duten jakiteko aukerarik izan duzue?
Liburuak aurkezterakoan jende bat gerturatu zaigu eta kontatu digu, baina ez hainbeste inpunitate eta frustrazioaren ikuspegitik nola daramaten, gehiago kontatzeko gogoz, ekarpena egiteko gogoz hurbildu dira.
Gaia mugitzeko gogoa dute, beharra urratsak egiteko. Gutxi batzuekin baino ez naiz izan eta horiek oso pozik hartu dute Argentinara egindako bidaia, orain arte udaletik egindako bidea eta aurrerantzean ditugun asmoak. Gustura hartuko dute zerbait egiteko saiakera.
Zein bide du aurretik udalak gertatu zena azalarazteko?
1936ko Gerrako eta lehen frankismoko gertaerei begira bide bat ireki nahi dugu, jendeak informazioa ematen segi ahal izateko. Bestalde, Memoria partekatu baterantz liburua berrikusten ari gara, osatzeko. Horrekin batera, bizikidetza arloan egindako bidean pedagogia egitea tokatzen da, memoria lantzeko eskoletan, herritarrekin. Agintaldian arlo horretako erronka nagusia hori izango dugu.