Beste domina bat lortuta, Europako Txapelketan izango da Irazu
Aiora Irazuren bolada onak ez du etenik, oraingoz. Oiartzuarrak brontzezko domina eskuratu zuen asteburuan egindako Espainiako Piraguismo Kopan, Ourensen. Pasaiak Kayakek ordezkaritza izango du Europako Txapelketan.
Gaztea izan arren, nagusitasunez ari da aurtengo denboraldian Aiora Irazu, asteburu honetan, berriz ere izan da podiumean. Ourenseko Castrelo do Miñon egindako Espainiako III. Piraguismo Kopan hirugarren izan da junior kategorian, palista oiartzuarra.
Ur lasaietako maratoi modalitatean fin ibili zen, iraupen zein abiadura probetan, une batez gainera, emaitza hobeago izan zitekeela pentsatu zuten zenbaitek. Tarte handi batez, Irazu lehia estuan ibili zen beste bi palistekin, Cuenca eta Meridako ordezkariak, hurrenez hurren. Baina azken itzulian, ezin izan zion erritmoari eutsi palista gazteak eta irabazlea baino 40 segundo beranduago zeharkatu zuen helmuga. Emaitza honi esker, Europako Txapelketa parte hartzeko txartela lortu du Aiora Irazuk.
Kadete mailan, lan dotorea egin arren Laura Zunzunegik ez zuen dominarik lortu, laugarren bukatu zuen Pasaia Kayakeko ordezkaria. Santiagotarrak taldeko hiru ordezkaria igo ziren podiumera. Kategoria berean lehiatu ziren Eider Irazu eta Uxue Lopez. 9. eta 19. postuetan bukatu zuten Trintxerpeko palistak.