Oiartzun eta Karaez, 25 urte lotura indartuz
Oiartzunen eta Karaezen arteko senidetza hitzarmenak mende laurdena bete du aurten. Harremanak lehenago hasi ziren, eta hainbat bitxikeria utzi ditu.
Pasa den maiatzaren 14an bete ziren 25 urte Oiartzungo eta Karaezko udalek senidetza harremana modu ofizialean sinatu zutenetik. Euskal Herrian egin zuten lehenengo izenpetzea, eta Bretainian astebete geroago. Jon Iñarra eta Jean Pierre Jeudy ziren, garai hartan, alkate.
Modu ofizialean nabarmendu behar da, harremanak lehenago hasi baitziren. Joxe Mari Mendikute izan zen Oiartzungo Senidetza Batzordeko lehenengo presidentea. Talde hori sortu baino lehen, gogorarazi du nola hasi zen karaeztarren eta oiartzuarren arteko harremana. «Bai Independentziari taldean sartuta ginen batzuk, eta aurkezpen ekitaldi bat egin genuen herrian: bazkaria egin genuen Madalensoro frontoian, eta ondoren musika aktuazio bat antolatu nahi genuen, estatu gabeko herriekin». Korsikarrak, kataluniarrak eta bretoiak —galiziarrik ekartzea ez zuten lortu— gonbidatu zituzten festibal hartara.
«Bretoiekin», jarraitu du Mendikutek, «Arbonan (Lapurdi) geratu ginen, harrera egiteko, eta orduan ezagutu genituen. 1990 inguruan izan zen hura. Hango kultur etxean afari xume bat egin genuen, eta hona etorri ginen, jaialdira. Harremanak berehala hasi ziren». Eta lotura hori indartu zen 1992an: Haurtzarok Kilometroak antolatu zuen, eta Charlie Grall kazetariak ikastolen festa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen.
1990ean hasi zen bi herrien arteko harremana, jaialdi baten harira
Hala ere, Karaezen euskaldunen presentzia ez zen arrotza. «Ereintza Dantza Taldeak bidai bat egin zuen, Karaezera, Anjel Mari Elkanorekin eta Ander Bengoetxea autobus gidariarekin. Gu joan ginenerako ezagutzen gintuzten», esan du Mendikutek. Bretainia mendebaldeko herrian errefuxiatuentzako etxe bat zegoela nabarmendu du; Parisera iristean, Frantziako Gobernuak euskal errefuxiatuak Bretainiara bidaltzen zituen. «Gero konturatu ziren ez zirela negozio onak, kristoren harremanak egin zituztelako! Moztu egin zuten… Gauzak horrela ziren garai hartan. Pisu bat zuten errefuxiatuentzako, baina Frantziako Gobernuak ez zuen debekatu. Hara jendea bidaltzeari utzi zioten», gaineratu du.
Kontu horiek alde batera utzita, kirol, kultura, hizkuntza eta ekonomia mailako harreman ugari izan dituzte bi herriek urte hauetan guztietan, 1994an han eta hemen sinatutako akordio horri esker. Herri bakoitzean senidetza batzorde bana eratu zen.
Elkartrukea
Azken bisita ofizialak norberaren hizkuntzaren aldeko lasterketekin du zerikusia. Bretoiak apirilean etorri ziren Oiartzunera, Korrikan parte hartzera. Kilometro batean lekukoa eraman zuten. 2018an, berriz, Oiartzundik autobus bat atera zen Bretainia aldera, Redadegen korri egitera. Horrelako bidai asko egin dira urte hauetan guztietan.
Mendikute buru-belarri sartuta egon da horietako askotan. «Joan garen bakoitzean, kristoren harremanak sortu dira, eta eman digute dena. Hona etortzen direnean laguntzen diegu pila bat. Hara joaten zen jendea harrituta gelditzen zen: ‘Zer da hau! Dena ematen digute eta!”. Eta haiek hona etortzen direnean, berdin». Bidaiak, hasieran, udalak antolatzen zituen, eta ondoren talde txiki bat sortu zen horiek prestatzeko.
Kirol taldeak, kultur elkarteak, hezkuntza mundukoak, eskulturagileak… Hainbat izan dira Bretainiako txoko horretaraino joan diren Oiartzungo eragileak. Bidaiek zerbait baldin badute da espero ez diren egoerak sortzen dituztela. Mendikutek hainbat bitxikeria gordetzen ditu memoriaren altxortegian.
Oiartzun Kirol Elkarteko futbolariekin joan zireneko bat du gogoan. «Lauzpabost egun joan ginen, eta Oiartzun Kirol Elkarteko presidenteak ez dakit beldurra ala zer zuen, nola hartuko gintuzten ala zer, janari pila bat eraman zuela. Total, bueltan ekarri behar izan zuen dena!».
Partida egunean bertan, ibai baten ondoan gaztelu zahar batean zegoen jatetxe batera eraman zituzten bazkaltzera. «Idilikoa zen. Bazkaldu genuen, siesta egin zuten eta partidara joan ziren. Gu jatetxean geratu ginen. Partida bukatu, eta futbolariak gazteak zirenez, detaile txiki bat izan behar zen haiekin. Arbonako harreran ezagutu nuen Gerald-ek fets-noz-era [gaueko festak, bretoieraz] eraman zituen. Afari txiki bat egiten dute, agertoki baten ondoan, eta hara igo daiteke edonor, nahi duena abestu eta jotzera». Aitortu duenez, beldur zen Oiartzungo futbolariak aspertuko ziren ala ez. Beldurrak azkar asko uxatu zituzten: lehen kanta jotzen hastearekin batera, Bretainiako dantzak dantzatzen hasi ziren oiartzuarrak. «Zoragarria izan zen».
Karaez eta Gwengamp lotzen dituen trenbidea bada, pare bat bagoi txikik osatzen duten trenarekin. Zerbitzu hori kendu nahi zuten, eta karaeztarrak mobilizatzen hasi ziren. «Manifestazio bat egin zuten linea hori ez kentzeko. Han izan ginen ere bai!».
Politikak asko batu ditu bi herriak. Errefuxiatuen gaiaz gain, hemengo elkarteen eredua hartu zuten Karaezen. «Hangoek elkarte bat antolatu zuten, Egin izenekoa. Bretoieraz kimua esan nahi du. Elkartzen ziren, kartelak egiten zituzten, lana… Mugimendu politiko eta kulturala bat egoten zen han, eta diwana bultzatzen zuten».
Kirol, kultura, arte, hezkuntza eta abarreko eragileak mugitu dira
Hango abertzaleekin dute harremanik handiena. Senidetzaren hasieran, hala ere, PCF Frantziako Alderdi Komunistako kide zen alkatea: «Hango abertzaleak Alderdi Komunistarekin elkartzen ziren, eta irabazten zuten, 1995era arte. Jean Pierre Jeudy zen alkatea, eta harekin hasi ziren harremanak. 1995ean beste batzuek irabazi, eta 2001ean orain dagoena jarri zuten, Christian Troadec. Hark irabazi zuen. Gainera, kontseilaria da, eta abertzale batentzat zaila da hori Bretainian».
Elkarteena ez zen izan imitatu zuten eredu bakarra. Mendikutek aipatu duen Geraldek —«Oreretako madalenak ongi ezagutzen ditu»— enpresa bat zuela, enpresa eta lantegientzako bazkariak egiten zituena. Lanean ari zirenak elbarriak ziren, Gipuzkoako Gureak-etik hartutako ideiarekin. «Han elbarriek ez dute ezer. Gerald jubilatu zenean, Tiar Ar Vro elkartean —lehen Egin zenean— bazkariak ematen hasi ziren egunero. Han ere jende elbarritua ari da lanean». Tiar Ar Vron, gainera, bretoiera ikasteko eskolak ematen dituzte.
Bretoiak Euskal Herrian
Karaezeko lekukotzak emateaz gain, bretoiek Euskal Herrian bizitzakoei buruz ere aritu da Mendikute. Oiartzunera batzuk etorri izan dira autoan, eta oiartzuarrek ibilgailu horretaz ahazteko esaten zieten:«Autoa pakean uzteko esaten genien; Iparbusen aparkatzen genituen autoak. Autobusa hartu eta Donostiara joaten ginen, edo Getariara, Jaizkibeldik mendi buelta egitera… Maiz etortzen direnek badakite plazan hartu behar dutela autobusa, eta horrekin Donostiara joan daitezkeela edo nahi duten tokira». Eta esaldi batekin biribildu du, barre artean: «Ez gara ez han ez hemen galtzen».
Galtzen ez zena Manu izeneko karaeztar bat zen. Garai batean, furgoneta zahar bat hartzen zuen, baita krepeak egiteko tresnak ere, eta Gernikara joaten zen. «Krepeak egiten eta saltzen zituen, eta jasotzen zuen diru guztia presoen familiei bideratzen zien». Hamarnaka bitxikeria gehiago konta ditzake Mendikutek, baina espazioa bukatzen ari da…
Harreman hori zein hizkuntzatan eramaten zuten galdetzerakoan, esan du frantsesez egiten zutela. «Nik irakurri eta idazten zer edo zer badakit, baina beti dago inguruan hizkuntza dakiena. Adibidez, Jon Iñarra alkate zenak frantsesa daki, Arrasaten ikasi arren, Grenoblen bi urte eman zituelako». Hitzak, hala ere, soberan daude elkartasuna bada lengoaia komuna.
Xanistebanetan herria bisitatuko dute bretoiek
Xanistebanetako Jai Batzordeak orain dela aste pare bat jakinarazi zuen erabakia: Oiartzun-Karaez Senidetza Batzordeak botako du xanistebanen hasiera iragarriko duen txupina. Batzordeak, halaber, bretoiei lagako die ohore hori, eta Christian Troadec alkatea izango da botatzeko ardura hartuko duena. Ez da lehenengo aldia izango Oiartzunekin senidetutako herrikoak udaletxeko balkoian egongo direna. 1994an bi alkateek bota zuten suziria. Kuriositatez, udalbatzak lehen aldiz dantzatu zuen sokadantza urte hartan.
25. urteurreneko egonaldia ez dute suziria piztera mugatuko. Iosune Cousillas Kultura zinegotziak azaldu duenez, oraindik dena zehazteke dute, baina xehetasun batzuk eman ditu. Jakinarazi duenez, abuztuaren 1ean iritsiko da Karaezko udal ordezkaritza. «Herriak aukeratu du beraiek txupina botatzea, baina udalak —instituzio bezala— harrera bat eta aitortza bat egingo die mende laurden honetan egindako aitortza eta truke horrengatik», esan du Cousillasek. Hilabetearen lehenengo egunean egiten den kultur ekitaldian egingo dute aitortzea hori. «Saiatuko gara ahalik eta osatuena izaten», gaineratu du Cousillasek. Gainera, 25 urte hauetako harremana laburbilduko duen erakusketa jarriko dute.
Abuztuaren 2an harri landu bat jarriko da, segur aski Arizmendi-Eneko lorategian. «Bretoiek harriarekin harremana handia dute, eta kulturaren ezaugarrietako bat da», zehaztu du zinegotziak. Asterix eta Obelixen komikietako menhirrak ikustea besterik ez dago. Antzeko forma izango du Oiartzunen jarriko duten harriak, metro eta erdiko garaierarekin. Bretainiako eskulturgile ezagun bat ari da hori lantzen, eta alde batean lauburua izango du, eta bestetik, triskel bat (zelten hiru buruko sinboloa). Oiartzundik bila joango dira. Asmoa da uztailaren hirugarren asteburu inguruan joatea, eta abuztuaren 2an inauguratzea. «Ekitaldi xume bat egin nahi dugu, dantzekin, bertsolariekin eta abar». Ondoren, bazkaria, bi udaletako kide eta senidetza batzordekoekin.
Abuztuaren 3an, herri afaria egin nahi dute Girizia elkartean, eta oiartzuarrek bretoiekin afaltzeko aukera izango dute. Biharamunean bueltatuko dira beren herrira.
Aurrekariak
Aurretik, urtemuga biribilak bi herrietan ospatu dituzte. Hamargarren urteurrena Karaezen ospatu zuten 2004ko azaroaren 27an. Autobusez abiatu ziren udaleko ordezkariak zein herritarrak bretoien gonbidapenari erantzunez. Hurrengo egunean egin zuten ekitaldia eta bertan elkartu ziren Martin Beramendi eta Christian Troadec orduko alkateak eta Iñarra eta Jeudy alkate ohiak. Beramendik eta Troadecek bi zuhaitz landatu zituzten, oroigarri gisa.
Hamar urte geroago, 2014an, Oiartzuni egokitu zitzaion ospakizun antolaketan sartzea. Maiatzaren 3an karaeztarrei harrera egin zieten udaletxeko areto nagusian. Besteak beste, oroigarriak elkartrukatu zituzten.