Udalbatzaren funtzionamendua zehazteko plenoa egingo dute etzi
Udalbatzarren maiztasuna, batzorde iraunkorren osaketa eta beste hainbat gai zehaztuko dituzte agintaldi honetako bigarren udalbatzarrean.
Hauteskundeak eta kargua hartzeko udalbatzarra pasatuta, Oiartzungo udalbatza martxa hartzen ari da. Etzi, asteazkena, funtzionamendua zehazteko plenoa egingo dute —ezohikoa izango da—.
Enekoitz Markosek bere zinegotzi kargua hartuko du, ekainaren 15ean ezin baitzuen egin. Horrez gain, udalbatzarren maiztasuna zein den zehaztuko dute, eta batzorde iraunkor informatiboak osatu.
Gainerako gaiak honakoak izango dira: erakunde partaidetza anitzeko Udalbatzaren ordezkarien izendapena; alkateordeak gobernu batzordekideak eta batzorde informatiboen lehendakariak izendatzeari buruzko alkatearen ebazpena ezagutaraztea; zenbait kargudunen arduraldia eta ordainsariak; eta zinegotzientzako eta udal taldeentzako hileko diru-sarrerak.