Azken eraso sexista salatzera deitu du udalak
Errenteriako Udaleko talde politiko guztiek gogor salatu dute eraso sexista eta adierazpen instituzionala egin dute, aho batez.
Pasa den ostegunean emakume bati sexu erasoa egiten saiatu zen 43 urteko pisukidea. Gizona atxilo eraman zuen Ertzaintzak. Eraso sexista hori salatzeko elkarretaratzera deitu du Oreretako mugimendu Feministak gaur 19:30ean Agirre Lehendakariaren plazan.
Errenteriako Udaleko talde politiko guztiek gogor salatu dute eraso sexista eta adierazpen instituzionala egin dute, aho batez. Erasoa jaso duen emakumeari elkartasun eta babes osoa helarazi diote, baita laguntza eskaini ere, eta Oreretako Mugimendu Feministak antolatu duen elkarretaratzearekin bat egin dute, eta herritar guztiak deitu parte hartzera.
Emakumeei egindako edozein indarkeria motaren aurrean erabateko gaitzespena erakutsi du, eraso matxisten aurrean “zero tolerantzia” adierazi, eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera argia berretsi du: “Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta lanean jarraituko dugu erakunde, elkarte eta herritarrok, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”.
2019-07-02-Erakunde adierazpena