Oarsoaldea, azken urtean langabezia gehien jaitsi den eskualdeen artean
Oarsoaldea da, Gipuzkoan, azken 12 hilabeteetan langabezia tasa gehien jaitsi duten eskualdeetatik hirugarrena, Tolosaldearen eta Urola Erdiaren atzetik.
Lanbidek jasotako datuak dira albiste honetan erabili direnak. Oarsoaldeak 2018ko ekainaren bukaeran %9,28ko langabezia tasa zuen, eta aurtengo seigarren hilabetearen azken egunean %8,23koa. Gipuzkoan langabezia gehien jaitsi den hirugarren eskualdea da Errenteria-Orereta, Pasaia, Oiartzun eta Lezo biltzen dituena, %10,86ko jaitsierarekin. Aurretik daude jaitsiera horretan Tolosaldea (-%14,5) eta Urola Erdia (-%11,18).
Azken hamabi hilabeteetan izandako jaitsieraren emaitza da ekainaren 30ean Lanbidek emandakoa. Izan ere, maiatzetik ekainerako jaitsiera oso apala izan delako, %0,91koa. Horrela, egun, Oarsoaldeko lau herrietako 2.954 pertsonak dute izena emanda Lanbiden, 2018ko ekainaren azken egunean 3.314 zirelarik.
Oarsoaldea, Gipuzkoan langabezia tasa handiena dutenen artetik laugarrena da, Bidasoaren (%10,1), Deba Barrenaren (%10,06), eta Donostialdearen (%8,45) aurretik. Aldiz, herrialdean tasarik baxuena duen eskualdea Urola Kosta da, %6,35ekin.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabeziaren batezbesteko orokorra %10,4koa da, eta Gipuzkoakoa %8,3koa. Hau da, EAEko tasa baino bi puntu pasatxo beherako dago, eta Gipuzkoako batezbestekotik hurbil.
