Alemaniako agertokietan ere arrakasta
Zaria Koru Eskolako Zariatxo Abesbatza osatzen duten 11 eta 17 urte arteko berrogeita hamar abeslariak Alemanian izan dira ekainaren 25etik 30era. Abuztuan, Zariagaz, Txekiara.
Zaria Koru Eskolako Zariatxo Abesbatza osatzen duten 11 eta 17 urte arteko berrogeita hamar abeslariak Alemanian izan dira ekainaren 25etik 30era. Hainbat emanaldi egin dituzte bertan Imanol Elizasuk zuzenduta, eta guztietan arrakasta lortu dute. Agertokia, Alemaniako zein beste herrialdetako abesbatza ospetsuekin partekatu dute errenteriarrek, tartean, Hannoverreko Madchenchor, AEBetako Pittsburgh Girsl Choir, eta Springe hiriko Quilisma abesbatza.
Bi kontzertu eskaini zituzten errenteriarrek beren egonaldian eta bietan publikoaren txalo zaparrada jaso zuten sari gisa. Aurkeztutako errepertorioa eta interpretazioaren kalitatea nabarmendu ditu Elizasuk, ” Zaria Koru Eskolaren helburuetako bat da euskal musikagileen lanak munduan zehar zabaldu eta ezagutaraztea. Bide horretan, Alemanian, besteak beste, Junkal Guerrero, Jesus Guridi, Nemesio Otaño edo Norberto Almandozen kantak interpretatu dituzte”.
Hannoverren Zariatxok itxi zuen Chortage Hannover 2019 jaialdiko Nacht der Chore emanaldia 700 ikus-entzuleren aurrean. Saxoniako Hildeheim hirian ere abestu dute errenteriarrek. Alemaniara bisita eta emanaldiak Hannoverreko Madchendor abesbatzarekin egindako nazioarteko elkartrukearen barruan egin du Zariatxok. Arrakasta musikalaz gain, Zariatxo abesbatzako haur eta gazteek Alemaniako abeslari eta familiekin esperientzia aberasgarria bizi dutela nabarmendu du Elizasuk, “abeslariek lanerako gaitasun eta jarrera bikaina erakutsi dute berriz ere”.
Zariagaz, Txekiara
Abuztua berriz, Zariagaz abesbatzak Txekiara bidaia egingo du eta bertan izango da abuztuaren 29tik irailaren 10era. 13 eta 22 urte arteko Zariagaz koruko berrogeita hamar gaztek bira egingo dute Txekiako Errepublikan barrena. Canto Nachod abesbatzak ekainean Errenteriara egindako bisitaren itzulera izango da hori. Irailaren 1ean Susicen, 4an Novy Boren eta 6an eta 7an Nachoden kontzertuak emango ditu Zariagazek.