'Nagore' dokumentala eskainiko dute asteazkenean
Emanaldiaren ondoren solasaldia egingo dute, emakumeen kontrako indarkeriari buruzko eztabaida publikoak sustatzeko dinamikaren barruan.
Errenteria-Oreretako Emakumeen Etxeak dokuforuma antolatu du datorren asteazkenerako (hilak 10). Nagore dokumentala eskainiko dute, 18:00etatik aurrera.
Iaz egin zuen bezala, Helena Taberna dokumentalaren zuzendariak egile eskubideak partekatu ditu, uztaileko lehen bi asteetarako. Helburua izango da emakumeei kontrako indarkeriari buruzko eztabaida sortzea.
11 urte dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage irundarra hil zuela. Yllanes pasa den urteko martxoan geratu zen aske, homizidioagatik —eta ez hilketagatik— kondenatua izan ondoren.
Pasa den astelehenean, Asun Casasolak —Laffageren amak— eskatu zuen aurtengo sanferminetan ez egotea “ez Nagorerik, ez La Manada-rik”. Iruñean egin zituen adierazpenak, Astelehen Lilak-ek egin zuen elkarretaratzean. Laffageren hilketaren ondoren, astelehenero biltzen dira Iruñeko Gazteluko Plazan, indarkeria matxista salatzeko.