Uhinak oiartzueraz astintzen
Oiartzun Irratiak lehenengo emisioa egin zuen 1999ko uztailaren 7an. Euskarazko hedabideak ugaritzen ari ziren garaian mikrofonoen bidezkoa ere loratu zen.
Kortaturen Sarri Sarri abestiak dioen bezala, Irratikoak han ziren emititzen zuzenean. San Fermin Egun bati buruz ari zen abestia, eta uztailaren 7 batean hasi zen emititzen —ofizialki— Oiartzun Irratia: 1999koan.
Ane Lardi Enbil sorrera horren parte aktibo izan zen. Testuinguru hura gogorarazi du. Esan duenez, 1990eko hamarkadan euskarazko komunikabideen loraldia eman zen. «Euskalgintzan, ordura arte, erdarazko zerbitzuei begira egoten ginen, baina herri komunikabideen kasuan, erdarazkoei aurrea hartu zieten. Herri askotan, bertako informazioa jasotzeko euskarazko komunikabideak bakarrik zeuden. Euskararen normalkuntzan pauso garrantzitsua izan zen hau», adierazi du.
Garaiko testuinguruaren errepasoarekin jarraituz, 1998an Oarsoaldeko lau udalerrietan euskara hutsezko aldizkari bana zegoen: Errenteria-Oreretako Lau Haizetara, Lezoko Orratx!, Pasaiako Branka eta Oiartzungo Udala informatzen. Horrez gain, Oarso Telebista ere ikus zitekeen. Eta Oiartzunen bi irratik funtzionatu zuten: Urritza eta Kontakatilu.
Haien ondorengo izango zen Oiartzun Irratia sortzeko ideia Gema Lasartek izan zuen, eta Lardiri proposatu zion proiektua aurrera eramatea. Kontakatilu Irratiaren azpiegitura aprobetxatu nahi zuten, haien sarea pixka bat zabaltze aldera, eta Oiartzungo Udalera jo zuten, haiek egin baitzuten irratia izan zenean inbertsioa.
«Euskarazko herri komunikabideen kasuan, erdarazkoei aurrea hartu genien» (Ane Lardi, irratiaren lehen esataria)
Udalak eta Oarso Kultur Fundazioak —eskualdeko hedabideak biltzen zituen elkarteak— hitzarmena sinatu zuten 1999aren hasieran. Lehen urrats haiek gogorarazi ditu Lardik: «Administratiboki koordinatzen hasi nintzen, baina teknikoki ez neukan ideiarik ere. Zintzilik Irratiko lagun bat neukan —Fernan Bengoetxea— eta hura hasi zen pixka bat laguntzen. Gero Joxe Luix Pikabea agertu zen, eta sokarekin harrapatu nuen. Estudio mahaia, antenak… eta behar zen guztiaz arduratu zen. Alde teknikoa berak eramaten zuen».
Aipatu bezala, uztailaren 7an hasi zuten emisioa, baina bezperan egin zuten zero emisioa esaten zaiona. «Iruñekoarekin batera, gure txupinazoa ea nola ateratzen zen probatu genuen. Zero programa egiten zen irratietan. Jakiten zen ea gidoiak bat egiten zuen luzerarekin. Joxemari Carrereri deitu nion proba horretarako. Esan nuen ‘motz gelditzen bada, honek beteko du!’. Biak hitz egiteko modukoak gara eta…», gogorarazi du Lardik.
Hasiera hartan ilusioa eta urduritasuna nahastu zirela esan du. «Aurretik Lau Haizetara sortu genuen [Lardi zen koordinatzailea], baita telebista ere. Inertzian sartuta ginen, eta ez ginen oso kontziente zer zen irrati bat sortzea. Konfiantza osoz aritzen ginen». Esan du herritarrek ilusioarekin jaso zutela irratiaren sorrera, elkarteetara joaten zirenean antzematen zela.
Oiartzueraren hautua
Ordura arte medio idatzietan aritu zen Lardi, eta aitortu duenez, konturatu gabe gidoi guztiak euskara batuan idazten zituen, nahiz eta gero oiartzueraz mintzatzen zen mikrofonoaren aurrean. Konturatu ziren hori zela amua: «Entzule batek behin esan zidan Donostian egiten zuela lan, eta bazkaltzeko garaian autoarekin ez dakit nondik barrena ibiltzen zen Oiartzun Irratiaren uhinak hartzeagatik. Esaten nion lan ederrak hartzen zituela gu entzuteko. ‘Jo, badakizu zer den irratia piztu eta zuk bezala hitz egiten duen bat entzutea?’, esaten zidan. Inkontzienteki egiten genuen, eta tresna ona zela konturatu ginen».
Lau Haizetara-n euskara batuan idazten zutela azaldu du, Errenteria-Oreretan euskaldunberriak euskaldunzaharrak baino gehiago zirelako. Pasaian eta Lezon lizentziaren bat hartzen zuten bertako hizkerekin. Izan ere, beste garai batzuk ziren haiek: «Euskalgintzan, gaur egun, onartuta dago, dakienak euskalkian eta ez dakienak, batuan. Orduan, irizpideei dagokienez, pixka bat galduta ginen, baina ahozkoa zenez, errazagoa izan zen».
«Entzuleria gehiago erakartzeko, gazteak gonbidatzen ditugu, inguruan eragiteko» (Alazne Etxeberria, irratiko esataria).
Tango kantariak zioenaren kontra, hogei urte badira zerbait. Modu analogikoan hasi ziren emisioak, eta errepikapenak nola ematen zituen gogorarazi du.
Saioak kasetetan grabatzen zituztela esan du; ordu erdikoa zen saioa, eta arratsaldeko errepikapena egiteko, alde bakoitza 45 minutukoa zuen kasete batean grabatzen zuten. «Arratsaldean», jarraitu du, «A aldean jartzen nuen zinta, gero Kastrora joaten nintzen kafe bat hartzera eta irratira, zintari buelta emateko. Gero playlist-ak iritsi zirenean, hori bai izan zela zeruan egotea!».
Izan ere, aro analogikotik digitalera bitarteko trantsizioa harrapatu zuen. Arlo horretan, Gorka Irastortza Lezoti-k laguntza handia eman ziela nabarmendu du Lardik. Egoera hartan, Euskal Herriko hainbat irratik Arrosa Sarea sortu zuten, eta irrati txikiek edukiak partekatu ahal izan zuten, eta parrilla zabaldu ahal izan zuten.
Lardi 2003ra arte aritu zen esatari lanetan, eta koordinazio nagusia bere gain hartu zuen. Gero kolaboratzaile lanetan aritu zen. Ondoren etorri ziren Eñaut Gantxegi, Uxue Perez, Urtzi Argibai, Mirari Martiarena eta beste hainbat.
Egungo egoera
Gaur egun, esatari lanetan ari direnak Irati Odriozola eta Alazne Etxeberria dira. Etxeberria duela zazpi bat urte sartu zen irratian, eta Odriozola 2016an. Biak hasi ziren publizista moduan, eta momenturen batean mikrofonoen aurrean jarri behar izan zuten. «Nik», esan du Odriozolak, «magisteritza ikasi nuen, eta hona kasualitatez iritsi nintzen. Baina, egia esan, gustura nago hemen. Nire kasuan, Alazne eta Mirarik [Martiarena] irakatsi zidaten, eta gainera, herrikoak gara eta herria ezagutzen dugu. Saltserak ere bagara…». Etxeberriak, bere aldetik, esan du hasieran urduritasun handia sentitu zuela mikrofonoen aurrean, eta denbora behar izan zuela urduritasun hori kentzeko.
Zehaztazpen bat erantsi dio: «Horrek ez du esan nahi oraindik gainetik kendu dugunik, segun eta zein gai jorratu behar dugun». Odriozola, berriz, ohituago dago mikrofonoen aurrean jartzeari, publikoan kantatzen baitu. Hala ere, gauza bera ez dela aitortu du: «Irratian ez duzu ikusten nor dagoen beste aldean; ez dakizu nor ari den entzuten eta nor ez; ez dakizu bizilaguna entzuten ari zaizun eta kritikatuko dizun».
Biek ala biek aitortu dute entzule oso finak dituztela, beti hor dauden horietakoak. «Eskertzekoa da hori —baita udalaren laguntza ere—. Egunero lehiaketa egiten dugu, 12:30ean, eta batez beste hogei dei jasotzen ditugu. Batzuetan badirudi ez zaituela inork entzuten, eta gero kaletik gelditzen zaituzte eta esaten dizute ‘Zein ongi hau elkarrizketatu duzula!’». Eta opariak ere eramaten dizkiete lokalera, Etxeberriak esan duenez: «Kroketak eta tortillak ekartzen dizkigute, badakigu noiz dauden gaixo, noren urtebetetzea den badakigu. Eskertzekoa da hori».
Oiartzunek 10.000 biztanle ditu, eta esan dute beti dagoela zerbaiti buruz aritzeko aukera. Odriozola: «Sagardo Eguna ez bada, beste festaren bat izaten da, edo urteurrenen bat. Oiartzun herri nahiko saltseroa da, eta beti egon ohi da zerbait». Lehortea dagoenean, berriz, Euskal Herriko albisteetara jotzen dute, baina argi dute oiartzuarrek eta Oiartzunek dutela lehentasuna.
Ate irekiak
Etxeberria eta Odriozola dira esatariak, eta Itsaso Guemes ari da publizista lanetan. Kolaboratzaile sare bat ere badute: Asier Mitxelena, Eider Zabalegi, Joxemi Lopez eta Larraitz Aristizabal. Oiartzundik kanpokoak ere badaude: Txente Rekondo nazioarteko analisiak egiteko, Maider Iantzi Gara-ko kazetaria eta Urko Etxebeste Oarso Bidasoko Hitza-ko zuzendaria.
«Oiartzun herri nahiko saltseroa da, beti dago zerbait kontatzeko»
Hori bai, nabarmendu nahi izan dute edozein joan daitekeela saio bat egitera, edonorentzako dituztela ateak zabalik. «Bi langile gaude, baina edonork parte har dezake. Jendeak pentsa dezake toki itxi bat dela, eta justu kontrakoa bilatzen dugu», esan du Odriozolak. Etxeberriak gogorarazi du, Arguyuan magazineaz gain, egun saio propio bakarra dagoela: Txikorta, lehen sektoreari buruzkoa.
Komunikatzeko modu berriak daudela izan daiteke saio gutxiago egoteko arrazoietako bat. Hala ere, sare sozialek laguntzen diete jende gehiagorengana iristen, eta Euskal Herriko txoko gehiagotara heltzeko ahalmena ematen die —Gure Zirkuaren kasua gogorarazi dute—. Arguyuan magazinearekin, Txikorta-rekin eta Arrosa Sarearen Zebrabidea-rekin betetzen dute parrila, musikarekin ahaztu gabe.
Etxeberriak aitortu duenez, entzuleria gehiago erakartzeko, gazteak gonbidatzen saiatzen dira, bere inguruan eragiteko. «Hori da gure erronketako bat, entzuleria zabaltzea eta egungoa mantentzea».
Uztailaren 13an ospatuko dute, egun osoko festa batekin
Hilaren 13an, egun osoko festa egin nahi du Oiartzun Irratiak, adin guztietako herritarrentzako egitaraua prestatua. Odriozolak eta Etxeberriak adierazi dutenez, entzuleentzako zerbait polita egin nahi dute, eta herritar guztiek parte hartzea nahi dute. Elkarteen eta udalaren laguntza eskertu dute. Gaineratu dutenez, bi pertsonaren artean horrelako egun bat prestatzea oso zaila da, eta babestuta sentitu dira.
Urtero entzule komunitate fidelenarekin bazkariak egiten dituzte, baina hilaren 13koarekin pauso bat aurrera eman eta oiartzuar guztiekin partekatu nahi dute irratiaren —lehenengo— bi hamarkaden ospakizuna. Irratiaren bueltan sortu den komunitatea elkar ezagutzea eta denek batera ospatzea nahi dute. Goiza musikarekin hasiko dute, eta plazatik zuzenean emisioa egingo dute, esatari edota kolaboratzaile lanetan aritu diren hainbat lagunekin.
11:00etan, haurrentzako txokoa irekiko dute, eta 12:00etan hasiko da herriko gazte eta beteranoen arteko desafioa. Bazkaltzen hasi baino ordu erdi lehenago ekitaldi txikia egingo dute, eta arratsalderako osagaiak bertsolariak, musikariak, bingoa —«saltsa pixka bat sortzeko»— eta dantzariak izango dira. Gauerako, Lartaun abesbatza.
- 10:00etan. Oidultzen goiz eresia, Elizalde auzotik zehar.
- 11:00etan. Haurren txokoa Kontzejupe plazan, puzgarriekin, aurpegi margotzearekin eta abarrekin, Haurtzarokoen laguntzarekin.
- 12:00etan. Herri kirol desafioa Done Eztebe plazan: Oiartzungo beteranoak gazteen kontra.
- 13:30ean. Ekitaldia, plazan.
- 14:00etan. Herri bazkaria, plazan. Sarrerak: helduek 15 euro, haurrek 8 euro (sarrerak Kastron eta irratian).
- Bazkaldu ondoren. Herriko bertsolariak, kantaldia eta bingo jolasa.
- 17:30ean. Tio Teronen Semeak.
- 22:00etan. Lartaun abesbatza.