Elkartasuna, jendarte justuago baterako pilula
Aste Solidarioa egin berri du Langile Bankuak. Egoera zaurgarrienean dauden familiak protagonista bihurtuta, langileen arteko elkartasuna dute oinarri aukeratu ez, baina egokitu zaien zulotik irteteko.
Egoera zailena tokatu zaien horiekiko elkartasunez jardun nahi dute Langile Bankuaren atzean dabiltzanek. Argi diote tokatu egiten dela, pobretutakoen errua ez dela egoera prekarioan, pobrezian bizitzea. Duela hiru urte lanean hasi zen iniziatiba hori Errenteria-Oreretan, pobrezia egoeran bizi diren familientzat elikagaiak biltzeko. Orain urrats bat aurrera egin nahi dute eta sarea sortu, prekarietatean bizitzea egokitu zaien familia horiek protagonista bihurtuta.
Aitzol Galfarsorok azaldu duenez, duela hiru urte, beren iniziatiba martxan jartzeko unean konturatu ziren beharra zuten familiek jasotzen zuten laguntza karitatearekin lotuta zegoela, «Caritas eta elizaren bidez jasotzen dute laguntza. Guk uste dugu langileen elkartasunetik erantzun behar zaiola, eta ez karitatetik. Ez da nahikoa elikagaiak eman eta esatea ‘zein zorte txarra duzun’, ‘zein gaiztoa den sistema kapitalista’; ekiteko tresnak eman behar zaizkie, era autonomoan antola daitezen, eta zulo horretatik ateratzeko aukera izan dezaten».
Proiektua zabaldu asmoz Elkartasun Puntu Finkoak iniziatiba martxan jarri zuen Langile Bankuak duela hiru bat hilabete, «egun, herriko 20 saltoki txiki dira elkartasun puntu finkoak, eta gehiagora heldu nahi dugu, zabaldu sare hori, baita herritar gehiagorengana iritsi ere».
Bat egin duten saltokietan dirua biltzeko itsulapikoa dago, baita proiektuaren gaineko xehetasunak azaltzen dituen esku orria ere: «Bezeroek laguntzea dute, horretarako informazioa dago saltoki horietan, eta langileei ere azaltzen diegu helburua zein den haiek ere bezeroei konta diezaieten. Jasotako diruarekin, saltoki txiki horretan bertan erosketa egiten dugu, gero beharra duten herriko familien artean banatzeko».
Aste solidarioa
Elkar elikatzen den elkartasuna da. Saltoki txikiek proiektuan parte hartzen dute, eta gero, proiektuak saltoki horietan erosten ditu elikagaiak, «dirua bertan jaso eta bertan gastatzen da, gero erosteko». Izan ere erpin bi gutxienez ditu Langile Bankuaren iniziatiba horrek, prekarioen dauden familiekiko elkartasunez aritzea, eta saltoki txikiei arnasa ematea, «geroz eta saltoki handi gehiago daude eta gure auzoak husten, saltoki txikirik gabe gelditzen ari dira. Horrek auzoetako bizitza itzaltzen du pixkanaka». Komertzio txikiari bultzada ere izan nahi du, beraz, baita auzo bizien aldeko aldarrikapena ere, Galfarsorok nabarmendu duenez.
Iniziatiba zabaltzea dute erronka orain, eta horri begira Aste Solidarioa egin dute pasa den astean. Pasa den asteburuan, elkartasun puntu finkoak diren hainbat komertziotan elikagai bilketa egin dute Langile Bankuko kideek, «jendeari azaldu nahi diogu zertan ari garen, zein helburu ditugun, zertarako erabiltzen dugun bildutakoa, eta bide batez, ahal bada, gero eta komertzio txiki gehiago batu sare sendoa sortzeko iniziatibaren bueltan».
Ostegunean Iztietako Joxe Mari eta Loren harategietan egin zuten bilketa, arratsaldez. Ostiralean, berriz, Agustinetan egin zuten, ordutegi berean, Tienda de Willy saltokian. Larunbatean, Bokartan, eta Uriña nahiz Kepa harategietan egin zuten bilketa, kasu honetan goizez, 11:30etik 14:00etara.
Garai batean elkartasun keinuak zeudela bizilagun eta komertzio txikien artean esan du Galfarsorok, «hori erabat galdu da gaur egun, eta berreskuratu nahi genuke. Merkatalgune handietan pentsaezina da halako zerbait, monopolioa dute, eta auzoetako bizia xurgatzen ari dira batetik, eta langileen arteko elkartasun sareak desagerrarazten, bestetik. Gure auzoetako komertzio txikia desagertzen ari dela erakutsi nahi dugu, egoera hori ere agerian jarri, hausnarketarako».
Bazkaria eta hitzaldia
Astea ixteko, Foru plazan bazkaria egin zuten larunbatean. Galfarsorok aipatu duenez, Langile Bankuko familiak eta saltoki txikietako langileen elkargune izan nahi zuen, bereziki, bazkari horrek. Baina parte hartu nahi zuen orok izan zuen aukera. Ondoren hitzaldia izan zuten Foru plazan bertan.
Une honetan hamabost familia ari dira Langile Bankuan. Argi dio Galfarsorok, «askoz gehiago dira egoera prekarioan, pobrezian bizi direnak Oreretan. Horien egoera bistaratu nahi dugu, estigma kendu, ez daitezela lotsatu, ez delako beren errua egoera horretan izatea. Edonori gerta dakioke, finean. Langile jatorriko familietako kide gara, eta soldatapeko lana egiten dugunez, horren menpekoa da gure egoera: egoera ekonomiko ona edo txarra izatea, lan prekarioa izatea, sistema kapitalistaren logikak markatzen du hori».
Komertzio txikiak
«Langileen elkartasunetik» aparte, ez duela Langile Bankuak bestelako laguntzarik jasotzen nabarmendu du gazteak, «autogestioa da gurea, familiek beraiek antolatzen duten zer edo zer elkartasunean oinarritzen da, langileen arteko kooperazioan».
20 saltoki inguru dira Elkartasun Puntu Finkoak egun Errenteria-Oreretan. Horietako bat da Iztieta auzoan dagoen Jose Mari harategia, eta duela hilabete pasatxo egin zuen bat iniziatibarekin. Xabier Otxotorena da bertako arduraduna: «Jendeari laguntzeko da iniziatiba, eta bertan jasotzen duten dirua, gainera, gure harategian gastatzen dute erosketak egiten beharra dutenen artean banatzeko ondoren».
Mostradore gainean dituzte itsulapikoa eta esku orriak. Jendeak galdetzen omen du, baina ez gehiegi, «uste dut agian gehiago zabaldu beharko luketela egiten ari direna, eta atzotik horretan ari dira». Gutxik galdetu, baina galdetzen duen orok egiten duela bere ekarpena dio Otxotorenak, «gutxiago edo gehiago, bakoitzak ahal duena sartzen du itsulapikoan».
Langile Bankuaren iniziatiba begi onez ikusten du, «beharra dutenei laguntzeaz gain, komertzio txikia ere sustatu nahi dute. Guk laguntzen dugu eta beraiek gu laguntzen gaituzte”.
Galfarsorok egin bezala, merkatalgune handiei ere erreparatu die Otxotorenak: «22 urte darama zabalik gure harategiak, eta alde izugarria sumatu dugu, okerrera. Gutxiago saltzen dugu orain». Horren atzean, merkatalgune eta saltoki handiak, eta TAOa daudela, besteak beste, dio: «Aparkatzeko ordaindu behar izateak jendea komertzio txikietara bertaratzea zailtzen du oro har, supermerkatu handietan, berriz, aparkalekua doan duzu, ondoan».
Ekarpenak jasotzeko prest
Kexu da Otxotorena: «Komertzio txikia lagundu behar dela esaten dute, baina ez dute laguntzen, gero eta saltoki handi gehiago ditugu, eta haientzat dira erraztasun guztiak eta guretzat, berriz, oztopoak denerako». Komertzioak ixtearekin auzoak itzaltzen doazen zalantzarik ez du, «ixten dena ez da berriro zabaltzen».
Elikagai bilketan eta informazioa jasotzen parte hartzera deitu ditu Galfarsorok herritarrak, baita hausnarketa egin eta garai bateko elkartasun sareak berreskuratzera ere, «langileen arteko elkartasuna delako pobreziari, besteak beste, erantzuteko tresna». Elkartasun hori adierazteko bide ugari dago, eta edozein proposamen helbide elektronikora helarazi daiteke, edo 697 41 34 85 telefono zenbakira deituta egin.