Pasaian du etxea ‘Aita Mari’-k
Pasaiako portuan eroso eta seguru daudela diote ISHko kideek, hemen behintzat porturatzeko trabarik ez dutelako. Aste batzuk emango dituzte badian, Mediterraneora itzuli baino lehen.
Pasaiako portuan dago Aita Mari, Itsas Sal-bamendu Humanitarioa GKEk kudeatutako erreskate itsasontzia. Ohiko konpon-keta batzuk egiteko hartu dute Lesbosetik Pasaiarako bidea. Giro politikoak baldintzatuta utzi behar izan diote berriz ere lan egiteari, hau da, bizitzak salbatzeari.
Aita Mari erreskate lanetan aritzeko moldatu zuten duela urte bat, Pasaian bertan. Baina oraindik ezin izan dute erreska-terik egin, ez baitute Espainiako Gobernuaren baimenik jaso. Bestelako bide bat hartzea erabaki zuten eta migratzaileei laguntza humanitarioa eskaini diete azken bi hilabetetan, Greziako Lesbos uhartean. Itsas Sal-bamendu Humanitarioak (ISH), 2015 urtetik osasun arreta eskaini du Egeo Itsasoko Kios eta Lesbos uharteetan. Hauteskundeen ostean baina, egoera zaildu da Grezian. Igandean gobernu berria aukeratu zuten greziarrek, kontserbadorea, eta migratzaileak politikari eskuindarren jomugan daude.
Ziurgabetasun egoera horren aurrean, ISHko kideek Grezia garai batez uztea erabaki dute eta bide batez, itsasontziak behar dituen hobekuntzak egin. Konpontze lan sinpleak izan arren, oztopoak jarri dizkiete hainbat herrialdetan porturatzeko, Maltan esaterako, eta material hornitzaileak topatzeko ere zailtasunak dituzte. Mediterraneoan ongi etorriak ez direnez, Pasaiara itzultzeko erabakia hartu dute, bertan sartze askea dute eta. Etxean sentitzen dira Pasaian.
Konponketa xumeak dira Aita Mari-n egingo dituztenak, pare bat komun gehiago eraiki eta erregai tankea moldatzea besterik ez. Mantentze lan soil batzuk egiteko, milaka kilometroz nabigatu behar izatea, GKEek pairatzen duten presioen erakusle da. Jazarpenak jazarpen, berean jarraituko du ISHk eta aste gutxi barru itsasoratuko dira beste behin.
Ez dute amore emango
Pasaiako badian dauden bitartean, erreskate lanetan aritzeko baimenak eskatzeari ekingo diote beste behin, izan ere, Aita Mari, horretarako jaio zen, Mediterraneoan jende gehiagorik ez itotzeko. Libia eta Italia arteko bideaz gain, errefuxiatu eta migratzaileek beste ibilbide batzuk hartzen ari direla ohartarazi du ISHk. Turkiatik Greziara doazen ontzien kopurua gora egiten ari da berriz ere, eta aurreko asteburuan Kanarietara iritsi nahi zuten 20 migratzaile ito ziren Atlantikoan. GKEek, ordea, baimenik izan ezean, ezin dute inor erreskatatu, nahiz eta baliabide guztiak eduki. Erabateko zentzugabekeria iruditzen zaie erreskate itsasontziei oztopoak jartzea, eta arma zein erregaiez beteta doazen ontziei, behar duten babes guztia ematea.
Dena den, argi dute baimen hura lortzea zaila izango dela,eta bestelako aukera juridikoak aztertzen hasiak dira, bandera aldatzea kasu. Funtsean espainiar banderari uko egitea litzateke hori, eta migratzaileak erreskatatzeko debekua babesten ez duen herrialde baten bandera eskatzea. Dagoeneko izan dituzte hartu-emanak pare bat estaturekin, baina oraingoz bakar batek ere ez du proposamenarekin bat egin. Estatu txiki batek ez luke arazorik izan beharko bere bandera eskaintzeko, ohikoa da herrialde txiki askok haien bandera uztea, nahiz eta tripulazioak beste nazionalitate bat izan. Kasu honetan, baina, estatu boteretsuenek eta haien atzean dituzten interes ekonomikoek, presioa egiten dute GKEei banderarik ez emateko.
Estatuen eta Europako Batasunaren trabez nekatuta daude.2015ean sortu zenetik, ISHk beti jokatu du legearen arabera, eta ez du gatazkarik sortu erakunde publikoekin edo botere judizialarekin. Baina aski dute, eta neurriak hartzea ikertzen ari direla jakinarazi dute, erreskateak oztopatzen dituztenen kontra lege ekintzak hartuko dituzte, alegia. ISHko kideen ustez, mundua hankaz gora dago, bizitzak salbatzea kriminalizatuta baitago mundu honetan.
Mediterraneora abuztuan
Aita Mari-k oraindik ez daki erreskaterako baimena lortuko ote duen, baina tripulazioko hamalau kideek argi dute lankidetza solidarioan jarraituko dutela. Baliteke Grezian itsasoratu ahal izatea, eta bertako kostazainekin batera, migratzaileak erreskatatzen laguntzea. Dena dela, ISHn ikasi dute ezin dela ezer ziurtzat jo.
Baimenik ez badute, Kios eta Lesbos uharteetara itzuliko dira, laguntza humanitarioa banatzeko, azken bi hilabeteetan egin bezala. Asko geratzen da egiteko, baita Grezian ere. Hedabideen ikusmira gaur egun Libia eta Italian badago ere, pertsona askok Greziarako bidea hartzen jarraitzen dute. 60.000 migratzaile inguru daude herrialdean,gehienak baldintza kaskarreko errefuxiatu guneetan. Gainera, preso gisa dituzte, gehienek beste herrialde batzuetara joan nahi dute eta.
2015ean Europako iritzi publikoak bortxazko migrazioaren irudia ezagutu zuen. Irudi hura ez zen urte hartako udaberrian ezabatu, baina askok ez dute gehiago ikusi nahi.
Iñigo Gutierrez ISH-ko presidenteordea: «Racketek Itsasoko Legea bete du, naufragoak porturatu ditu»
2015etik, Mediterraneoa hilerri erraldoia izan ez dadin lan egin du. Lau urtean mota guztietako trabak topatu arren, erakundearen egitura sendotzea lortu dute.
Carola Rackete, Sea Watch 3 ontziko kapitaina aske utzi du Italiako poliziak, baduzue bere berririk?
Hedabideetan agertu dena dakigu guk. Sea Watch gobernuz kanpoko erakundearekin harremanetan jarri gara, eta gure elkartasun eta prestutasun osoa adierazi diegu. Sareetan Carolari babesa emateko hainbat egitasmo abiarazi ditugu, change.org webgunean egindako sinadura bilketa, adibidez.
Pertsonalki ezagutzen duzu?
Carola ez dut ezagutzen, baina Maltan, Pia Klemp ezagutu nuen. Bera ere auzipetuta dago Italian mafiekin elkarlanean aritzea egotzita. Klemp Iuventa ontziko kapitaina zen 2017an, eta Italiako kostazainek, Matteo Salviniren agindupean, Iuventa geldiarazi zuten.
Egia esan gizonok uste dugu oso kementsuak garela, baina bi emakume alemaniar hauek sekulako ausardia erakutsi dute. Gizonezko kapitain asko daude, baina gutxi dira halako erabakiak hartzeko prest daudenak.
Carolak legeak dioena bete zuen, besterik ez. Itsasoan ziren naufrago batzuk jaso zituen, eta segurua den portu batera eraman zituen, kasu honetan, Lampedusako uhartera. Italiar agintarien debekuaren aurrean, hiru astez zain egon da Sea Watch 3 Lampedusa inguruan. Pazientziaz jokatu zuen Racketek, baina egoera bideraezina zela ikus-terakoan, Itsasoko Legeak dioena egin zuen, naufragoak portura eraman.
Zer dio legeak zehazki?
Itsasoan naufragoak topatzekotan, berdin dio nongoak diren, zergatik dauden han edota zein baldintzetan dauden, portura eraman behar dira.
Askok diote migratzaileak erabiltzen dituzten ontziek motorra dutela, eta horrenbestez ez direla naufragoak. Ontzi horietako batean sartuko balira, ziur naiz ez luketela ausardi nahikoa izango Kontxako badiari itzulia emateko. 20 zaldiko motorra duten gomazko ontziek 200 lagun inguru eramaten dituzte, egurrezkoak are eta arriskutsuagoak dira, oso zaharrak baitira. Naufragoak dira eta kito. Frogatuta dago laguntzarik jaso ezean, pertsona hauek hiltzen direla.
Lampedusako portuan maniobra arriskutsua egin zuela dio Matteo Salvinik, egia al da?
Sea Watch 3 porturatzen ari zela,italiar armadako ontzi bat tartean jarri zen, Racketek uste zuen bertatik kenduko zirela, baina ez zuten egin. Edozein portutan gerta daitekeen kolpe arina izan zen Lampedusakoa. Ez ziren zauriturik egon, ezta kalte materialik ere. Sea Watch 3-k benetan jo izan balu, hondoratu egingo luke italiar armadaren ontzia. Ohiko maniobra izan zen Racketek egindakoa, horren inguruan sortu den oihartzuna, manipulazioa da.
Erreskateak oztopatzen dituztenen kontrako neurri juridikoak hartzea aztertzen ari zarete ezta?
Espainiako Estatuaren kontra neurri juridikoak hartzea aztertzen ari gara, bai.
Zer neurri?
Hasteko, salaketa administratibo bat egitea, eta beharrezkoa balitz, bide penalera jotzeko prest gaude, guri ezarri diguten debekua, gertatu ez den ekintza batean oinarritzen delako. Espainiako agintariek ez digute Libiara joateko baimenik ematen bertan legez kanpoko ekintzak egingo ditugulako. Baina nolatan egotzi al digute delitu bat, oraindik ez bagara Libiara joan? Gure ustez hori prebarikazio hutsa da.
Hitz egiten ari garen bitartean [astearte goizean], Bilbon aboka-tuekin bilera bat egiten ari dira ISHko hainbat kide, har ditzakegun ekintza legalak aztertzeko.
Borroka emateko prest zaudete. Politikarientzako mezua da?
ISHk ekintzailetzan eta elkartasunean dihardu, betiere legea errespetatuz. Baina nahikoa izan dugu, ez dugu onartuko esatea GKEak legez kanpo jokatzen ari direla edota mafien aliatu garela.
Kiosen egin dugun lana gure jarrera zintzoaren erakusle da. 2015ean iritsi ginen Kiosera, erakundeen eskakizunak bete genituen eta ISH greziar GKE gisa eratu genuen. Ez dugu inongo arazorik izan bertako agintariekin, eta behar izan dutenean, greziar kostazainekin aritu gara erreskate lanetan. Hau da, orain arte zintzoak izan gara, baina egungo egoera onartezina da eta neurriak hartzera behartu gaituzte. Dena dela, auzitegietan bada ere, borroka legearen barruan ematen jarraituko dugu.
Epaileek erabakiko dute nork duen arrazoia. Espainiako Arartekoak gure aldeko adierazpenak egin ditu, izan ere, bizitzeko eskubidea beste edozein eskubide edo lege baino garrantzitsuagoa da. Haien Arartekoari ez diote jaramonik egin, baliteke epaile bati kasu egitea.
Lagun ezazu migratzaileen inguruko mitoak desmuntatzen, adibidez, dei efektua.
Oso erraza da, migratzaileak GKEekin harremanetan badaude, zergatik hartzen dute geroz eta gehiagok Kanarietako bidea? Han ez dago erreskate ontzirik. Libre geratzen den bidea delako doaz Kanarietara. Berdin dio zenbat horma eta oztopo jartzen zaizkien migratzaileei, gerra eta txirotasunetik ihesi doazenek, beti topatuko dute zirrikitu bat haien helmugara iristeko. Dei efektua ez da existitzen, iheslari efektua bai. Ez datoz guregana diru laguntzak eskatzera, iristerakoan, gehienek ez dakite ezta non diren. Bakean eta duintasunez bizi nahi dute besterik ez. Gerra, gosete, izurrite eta transnazionalek suntsitutako ekosistemak uzten dituzte atzean. Askotariko biolentzietatik ihes egiten dute.
Gogorarazi behar da, gainera, Europara oso gutxi iristen direla. Hegoaldeko herrialdeak dira errefuxiatu gehien hartzen dituztenak.
Europako Batasunaren eta estatuen jarrera ikusita, ez al zarete joko hipokrita baten menpeko sentitzen?
Azken urteotan Europako Batasuneko estatu kideek dirutza gastatu dute: 17.000.000.000.euro mugak babesteko, hau da, migrazioa murrizteko. Argi dago zenbaitek negozio ona egin dutela mugen harira. Europaren interes ekonomikoek dena kutsatzen dute, eta maiz, hegoaldeko herrietan ematen diren gatazken erantzule dira hein handi batean.
Etsipenik ez duzue sentitzen?
Badakigu gure ekarpena muga-tua dela eta ez ditugula inondik inora egituran errotuta dauden bidegabekeriak konponduko.Baina oraindik badaude itsasoan laguntza behar duten naufragoak, eta Kiosen osasun arreta behar duten familiak. Lagungarri izateko aukera dugun bitartean, laguntza ematen jarraituko dugu.