Plaza dantzaz beteko dute
21. aldiz egingo dute aurten, datorren larunbatean zehazki, eta ehunka herritar aterako dira dantzara kalera, eta beste hainbeste, dantzan ez bada ere, dantzarekin gozatzera.
Dantzan jarriko dute herria, beste behin ere. Helburu horrekin sortu zuten Erromeria Eguna Ereintza dantza taldeko kideek, plaza dantzak berreskuratu eta erromeria giroa, herrien bihotzetan, plazan berreskuratzeko. 21. aldiz egingo dute aurten, datorren larunbatean zehazki, eta ehunka herritar aterako dira dantzara kalera, eta beste hainbeste, dantzan ez bada ere, dantzarekin gozatzera.
Gaur aurkeztu dute Erromeria Eguna Mikel Bagues Ereintzako presidenteak eta Ereintza dantza taldeko Juantxo Mayak, Ander Oiarbidek, Garazi Diaz de Cerio, Maialen Iribarren, Idoia Pastor Ereintza elkarteak antolatzen dituen ikastaroetako parte hartzailea, eta Ion Collar Kultura zinegotziak. Aurtengoa aurkezteko, atzera begira jarri da Maya, “iaz 20 urte bete zituen Erromeria Egunak eta guretzat oso berezia izan zen. Urterokoa egin genuen baina berritasunak sartuta, Vilafranca del Penedesetik heldutako castelersak izan genituen eta ikusgarria izan zen. gainera, arratsaldeko erromeria herriko musikariek eta Ereintza dantza taldeko kideek girotu zuten. Artista ugariren kolaborazioa izan genuen. Ikusgarria izan zen, eta horrela jaso dugu kaletik, errepikatzeko eskatu digute, nahi genuke, baina kostu handia du. Espero dugu inoiz errepikatzea izango dugula”.
Udalari eman dizkio eskerrak Mayak, baina baita herriko saltoki eta tabernariei, “haien laguntzarik gabe ezinezkoa genukeelako erromeria hau egitea. Txalotu eta eskerrak eman nahi dizkiegu erakusten duten jarrera paregabeagatik”.
Dianarekin hasiko da eguna, 10:45ean Oiarbidek zehaztu duenez eta Txorimaloak eta Errenteria Musikaleko trikitilariekin batera, errenteriako gaiteroak eta Galiziako Triskele gaita eskola arituko da. Oarsoaldeko txistulariek ere ez dute kale egingo larunbatean, eta Zubietako joaldunek gogotik astinduko dituzte joareak. Kalejira egingo dute eguerdian kalez kale eta arratsaldean berriz, erromeria Zumardian 18:00etan hasita. Tartean Aiko Taldearen emanaldia, herri bazkaria, eta bolo joko sari handia.
Herri bazkaria 14:30ean hasiko da. Merkatuzarren egingo dute lehenengoz, eta sarrerak salgai daude ostiralera arte. 500 lagunentzako tokia dute eta Intxaurrondoko lagunek egindako Zaporeak entsalada, piper beteak pikillo saltsan, ukondoa patata purearekin, izozkia, kafea eta edaria izango da menua. Helduentzat sarrerak 15 euro balio ditu, eta haurrentzat 8, erosi berriz, Ereintza elkartean, Arkaitza tabernan eta Paki dietetika zentroan eros daitezke.
Dantza gidatuen fenomenoari erreparatu dio Iribarrenek: “Hogei urte dira dantza gidatuen formatua plazaratzen hasi zela eta iruditzen zaigu aurten bereziki aipagarria dela dantza gidatu horietako bi erreferente, Patxi Laborda eta Patxi Perez beti izan dutenak oso lotura estua gure erromeriarekin gure artean izango ditugula, lehenengoa Aiko taldearekin goizean eta bestea arratsaldeko saioan. Guretzako garrantzitsua da biak gure artean izatea”.
Ikastaroetan 50-60 lagun artean aritzen dira eta horietako bat da Pastor. Ez da Errenteriako baina bertan daramatza hamabost urte bizitzen eta lehenengoz Erromeria Eguna ikusi zuenean harrituta gelditu zela aitortu du, “txikitan ibiltzen nintzen euskal dantzan baina utzita neukan eta jendea ikusi nuenean dantzan plazan gogoa piztu zitzaidan”. Ikastaroetan parte hartzen hasi zen duela bederatzi urte eta ordutik bere egutegian markatuta du egun hori. Urtean zehar dantzatzeko aukera izaten dela esan du, baina Erromeria Eguna bezalakorik ez dagoela dio. Dantzara deitu ditu herritarrak, “polita delako benetan. Lotsak eta beldurrak bazterrean utzi eta etorri dantzara, bakoitza bere mailan eta bere gogoekin aritzera”.
Gonbidapen bera egin du Baguesek, “zatoz dantzara plazara”.
Ereintza Dantza Taldeari eskerrak eman dizkio Collarrek azkenik, “atzean dagoen jende mordoari egun hau antolatzeko. Gure lana, instituzioena, eragileekin batera elkarlanean aritzea da. erraztea da gure papera. Erromeria Egunak madalenak ekarriko ditu aurten ere, pregoi moduko bat da. Ereintzak zer duen ez dakit herri guztia dantzan jartzeko, baina lortzen du eta aurten ere lortuko du. Deialdia zabaldu nahi diot herri guztiari eta inguruetako herrietako bizilagunei parte hartzera”.
Errenteria Dantzan
Erromeria Egunaren eskutik heltzen da beti Errenteria Dantzan eta aurten ere hala egingo du, astebeteko tartearekin ordea. Hilaren 19an, ostiralarekin egingo dute Ereintza Dantza taldeak antolatuta, Zumardian 18:30ean hasita desfilea eta 19:00etan emanaldia. Desfilea Santa Klara kaletik abiatuko da. Aurten, Armeniako Bert taldea izango da oholtza gainean. Armeniatik pasa diren kultura ezberdinetan oinarritutako doinu eta dantzak egiten dituzte. Ereintzak Eltziego, Bizkai eta Gipuzkoako dantzak eskainiko ditu.
Erromeria Eguneko egitaraua
- 10:45: Diana herriko kaleetan, Txorimaloak, Errenteria Musikaleko trikitilariak, Errenteriako gaiteroak, Escola de Gaitas Triskele, Oarsoaldeko Txistulariak, Zubietako joaldunak, Hendaiako Mutxiko Elkartea
- 10:45: Errenteriako Bolo Joko Sari handia Niessen elkarteak antolatuta.
- 11:30: hamaiketakoa Koldo Mitxelena plazan.
- 12:00: Kalez kale kalejira.
- 13:00: Aiko taldea Zumardian.
- 14:30: Herri bazkaria Merkatuzarren.
- 18:00: Erromeria Zumardian. Txalapartariak, musikariak, Patxi eta konpainia.