Madalenetako egitaraua aurkeztu dute
Jai egitarauaren 9.400 ale argitaratu ditu udalak, eta bihar, etzi eta etzidamu banatuko dituzte 10:00etatik 13:00etara udaletxeko arkupetan. Udal eraikinetan eta auzo elkarteetan ere izango dira egitarauak.
Madalenak hasteko hamabi egun falta direnean, gaur aurkeztu du jai egitaraua udalak. Aizpea Otaegi alkateak, Itziar Ostolaza Berdintasun zinegotziak, Ion Collar Kultura zinegotziak, Jose angel Rodriguez eta Iñaki Ruiz PSE-EEko zinegotziek eta Elixabete Murua EAJko zinegotziak. Bost egun, 130 ekintza, 25 kontzertutik gora eta hori guztia egi bihurtzeko herriko 35 elkartetik gora udalarekin elkarlanean.
Edozein herritako jaiek herri baten mundu ikuskera islatzen dutela esan du Otaegik, ” madalenak ere halaxe dira, nondik gatozen, zer garen, eta izan nahi genukeena adierazteko egunak”. Inplikazioa aipatu du alkateak, “madalenak ezin direlako ulertu ez jai batzordearen ezta hortik harago programa osatzen laguntzen duten herriko eragileen inplikaziorik gabe”. Programari erreparatzea baino ez dagoela atzean zenbat jende dagoen ohartzeko erantsi du. Konpromisoa, aipatu duen bigarren balorea izan da, eta Errenteriako komunitateari estu lotuta dagoela azken hori ere nabarmendu du: “Konpromisoaren gainean eraikitakoa da gure komunitatea eta Duintasuna elkarteak konpromiso hori oso ondo irudikatzen duela, azkenean, beraien orainaldiaren aldeko lana gure etorkizunaren aldeko lana ere bada. Beraiek madalena hauetan protagonismo eta aitortza berezia jasotzea lotuta dago beraiek herriarekiko eta komunitatearekiko erakutsi duten konpromisoarekin”.
Aipatu duen azken balioa eta ez horregatik garrantzi txikiagoa duena, zaintza izan da: Norbera zaintzea eta ondokoa, komunitatea zaintzea. “Festez gozatzea berdintasunean, aniztasunean, begi bat gure gozamenean jarrita eta beste begia ingurukoen gozamenean eta ez dadila egon, inolako desberdinkerietan oinarritutako erasorik: ez emakumeen aurkako erasorik, ez eraso arrazistarik, ez LGTBI komunitatearen aurkako erasorik, eta konprometitu gaitezen herrikide gisa egon ez daitezen”.
Programa anitza sortu dutela haurren, gazteen zein jai batzordean udalarekin batera eragileek nabarmendu du Collarrek. Hiru txupinazo izango direla azken urteetan bezala azaldu du: Mila Koloreko Txupinazo Txikia. Holi Txupinazoa, eta zuzeneko txupinazoa. Azken hori, Herriko plazan zuzenean ikusteko aukera izango da, baina baita lasaiago ere, Zumardian jarriko duten pantaila erraldoian. Herri Biziaren webgunean, berriz, streaming bidez jarraitzeko aukera eskainiko du udalak.
Musika programazio zabala eta anitza nabarmendu du, bestalde, “Su Ta Gar eta El Diluvi arituko dira hilaren 21ean; Nerabe eta La Basu 22an; Oihan Vega, 23an; Seguridad Social, 24an eta Anari, 25ean”. Horiekin batera, beste talde eta abeslari: Iker Lauroba, Joseba Irazoki, Kasomai, Leihotikan, Ze Esatek, edota Roba Estesa, besteak beste.
Karruseletan azken urteetan bezala prezioak adostu ditu udalak. Bi egunetan, euro batean izango dira bidaiak: hilaren 23an 11:00etatik 14:00etara, eta 26an egun osoan, zehazki. Gainontzeko egunetan honakoak izango dira prezioak: Talka autoen pistan eta haurrentzako barraketan bidaia 2 euro, eta zazpi bidaia, 10euro; helduentzako barraketan, berriz, bidaia bat 2,50 euro, eta sei, 10 euro.
Erasorik gabeko jaiak
Jaiak aniztasunean, errespetuan eta berdintasunean pasatzeko deia egin du Collarrek, “eraso sexistarik gabeko madalenak izan daitezen”. Horren harira mintzatu da zehazki Ostolaza, eta Oategik aipatu duen zaintzari erreferentzia egin dio, “arreta berezia jarri nahi diegu esan daitezke eraso sexistei, jakin badakigulako egunerokoan ematen direla mota askotako eraso sexistak, baina bereziki jai giroan areagotu egiten direla eraso mota horiek”. Azken urteetan egindako ibilbidean sakontzea dela asmoa azaldu du Berdintasun zinegotziak, jarduera berezituak jarriz: “Iniziatiba horietan begirada txertatu mikromatxismoa bezal ezagutzen ditugun eta egunerokoan eta eremu guztietan ematen diren gertaera horiei guztiei, norbanakotik jarrera kritikoa txertatuz eta ingurukoa zainduz”.
Mugimendu feministak jai batzordeari proposatu dion erasoen aurreko protokoloarekin bat egin duela udalak esan du Ostolazak, “fin zaindu eta betetzera konprometitzen gara, eta era berean udaletik abiatu dugu bigarrenez, 24 orduko psikologoen zerbitzu bat erasoei arreta zehatza emateko ikuspegi integral eta integratu batetik, erasoa gertatzen den unean ez erreparatzeko hainbeste erasotzaileari, baizik eta erasoa pairatzen duenaren zaintzari”. 24 orduz arreta egingo duen telefono zenbakia, honakoa: 650 407 858. Zaila dela jakin arren, eraso guztiak jaso nahiko lituzketela erantsi du Ostolazak, “mikroak diren eraso horiek guztiak ere jaso nahiko genituzke eta jendea animatu lehenengo pertsonan edota inguruan sentitzen dituen eraso horien berri ematen telefono zenbakira deituta. Garrantzitsua da guzti hori ikusarazi eta jasotzea”. Taberna eta jai gunetan protokoloa eta telefono zenbakia izango da. Emakumeen Etxetik emango da arreta, eta hori izango da gune erreferentziala.
Azken bi urteetan bezala, eta aurrekoarekin lotuta, gaueko autobus zerbitzua indartuko du udalak madalenetan. Ohikoa baino geldialdi gehiago izango ditu eta autobus zeion geltokietan izango dira ordutegiak, “gure herria herri segurua izatea nahi dugulako guztiontzat, baita pertzepzioen aldetik ere”. Sentsibilizazio eta ahalduntzearen ikuspegitik ere ekintza ezberdinak izango dira madalenetan zehar, halaber.
Euskara erdigunera
Gaiaz aldatuta euskararen normalizazioa eta sustapena ere aipatu ditu Ostolazak, “asko dugulako egiteko”. Bide horretan, hiztegi txikiak atera ditu udalak, eta postuetan izango direnei banatu zaizkie: “Lehen hitza, beraz, euskaraz egitera deitu nahi ditugu herritarrak madalenetan kalean izango diren postuetako saltzaileekin. Madalenak badira hizkuntza ezberdinen topagune, eta aprobetxatu beharko genuke hizkuntza ezberdinak ezagutu, ulertzeko, hitz berriak ezagutzen ahalegindu eta horrekin kultura berrietara murgiltzeko aukera paregabea, eta horren guztiaren ezagutza euskaratik egitera deitu nahi dugu, eta euskara jaietan ere erdigunean jartzera gozamenerako tresna gisa”. Euskaraz gozatu eta eraso sexistei tolerantzia zero erakustera deitu ditu herritarrak, azkenik.
Jai egitarauaren 9.400 ale argitaratu ditu udalak, eta bihar, etzi eta etzidamu banatuko dituzte 10:00etatik 13:00etara udaletxeko arkupetan. Udal eraikinetan eta auzo elkarteetan ere izango dira egitarauak. Formatu digitalean ere kontsultatu ahalko da egitaraua Herri Bizia webgunean zein Appan eguneratuta egongo da. Azken deialdi bat egin dute udaletik, sare sozialetan #madalenak2019 traola erabiltzeko.