«Ingurukoak Albaolaz harro egotea oso garrantzitsua da»
Ezinezkoa zirudien istorio baten lekuko izan da Erme Pedroso. Bost urte bete dira Ondartxoko ontziola zaharra Albaola bihurtu zenetik. Ibilbide luze baten fruituak jasotzen ari dira sortzaileak.
Bost urte beteko dituzue San Pedron, pozik?
Bai oso pozik. Baina bitxia da, ez dirudi bost urte igaro direnik eta hainbeste bizipen izan ditugunik.
Ospatzeko ekintzarik antolatuko duzue?
Nahi dugu bai, baina une honetan datak ez datoz bat. Lanez gainezka gabiltza beti eta beste proiektu batzuetan gaude buru belarri, Itsas Festibala esaterako. Hala ere, lagunekin ospatu nahiko genuke. Baliteke urria bukaeran zerbait antolatzeko modutan egotea.
Albaolarekin harremana izan dutenei bideo labur bat grabatzeko eskatu diezue.
Albaola bezain berezia den jende ugari pasa da hemendik. Oso ezberdinak dira denak, eta motibazio ezberdinek gidatu dituzte gugana, baina denek egin dituzte ekarpenak. Bideo horien bitartez pertsona horien guztien ekarpenak islatu nahi ditugu.
Zer eskaini dizue Ondartxoko ontziola zaharrak?
Zer eskaini digun Ondartxok? Zaila da horri erantzutea, Albaola lan soil bat baino askoz ere gehiago da niretzat eta Xabier Agote, Albaolako zuzendariarentzat. Ez da erraza leku honi buruz modu hotzean hitz egitea.
Euskal Herriko kostaldea oso txikia da eta horrelako espazio gutxi daude. Hemen nahikoa lekua dugu San Juan baleontzia eraiki ahal izateko, baita bestelako jarduerak egin ahal izateko ere. Jende askoren ametsa egi bihurtzea ahalbidetu digu Ondartxok.
Proiektu ugari aurreikusi ziren ontziola zaharrean. Nola lortu zenuten gunea zuei uztea?
Egia esango dizut, ez zen gure asmoa izan. Pasaiako Portuko Agintaritzak ontziola Gipuzkoako Foru Aldundiari utzi zion, eta haiek guri eskaini ziguten, eremuari erabileraren bat emateko. Garai hartan, guk Donibanen genuen egoitza eta ez genuen zalantzarik izan, eskaintzari baietz esan genion. Prozesu burokratikoa zaila izan zen, batez ere, erakunde ezberdinei eragiten zielako, baina merezi izan zuen.
Hasieran aldundiak itsaso ondaretzat zituen ontziak, gurean gorde genituen. Baina hori ez zen gure ametsa, Ondartxok museo arrunt bat baino askoz ere gehiago izateko ahalmena du. Duela bost urte hasi zen egungo itxura hartzen Albaola, bizirik dagoen lekua da.
Proiektua, ordea, askoz ere zaharragoa da, 1997an sortu zuen Xabier Agotek Mainen, AEBetan. Nolakoak izan ziren hastapenak?
Istorio polita da. Xabier egungo zuzendariak, betidanik maite izan du ontzigintza. Txikia zenean orduak ematen zituen Donostiako kaian, ez arrantzan, baizik eta ontziei begira. Xabierrek argi zuen ontzigintza tradizionalean jardun nahi zuela, baina hasieran Euskal Herrian ez zuen zorte handirik izan. Denek txorotzat zuten, desagertzen ari zen ogibidea berreskuratu nahi zuelako.Euskal Itsas Museoarekin lanean aritu zen tarte batez, eta bertan hainbat itsasontzi zahar ezagutzeko aukera izan zuen, baina orokorrean ez zuen bere bidea topatu Euskal Herrian.
AEBetako Maine estatuan topatu zuen nahi zuena, ibarreko zurgintza alegia. Hiru urtez ikasi ondoren Euskal Herrira itzuli zen, proiektu bat abiarazteko asmoarekin. Baina berriz ere, bere ideiak ez zuen arrakastarik izan, eta berriro atzerrira jo behar izan zuen berea egitera.
Kanadan aurkitutako bale txalupa batean laguntzeko eskatu zioten Xabierri, eta aurrerago Mainen hartu zuen eskolak, euskal ontzi bat eraikitzea proposatu zion. Ez zuen nahikoa izan euskal traineru bat eraikitzearekin, izan ere, erosi eta Euskal Herrira ekarri nahi zuen, itsas ondarearen inguruko interesa pizteko. 1997an Euskal Etxe ugarik emandako diru laguntzei esker lortu zuen bere helburua Xabierrek. Crowfunding kanpaina bat egin zuten, hitz hori sortu gabe zegoenean. Diasporatik ekarritako trainerua aurkezteko kostaldeko herri batetik bestera ibili ziren, portu bakoitzean tripulazioa aldatuz. Orduan bai, harrera ona izan zuen ideiak, eta ordutik Albaolak aurrera egin du.
Eta nolaz egin zenuen zuk bat Albaolarekin?
Kasualitate hutsa izan zen. Ni Oiartzungo taberna bateko gerente nintzen, eta eskatu zidaten Oarsoaldeko Garapen Agentzia, iparraldeko turismo arduradun eta Xabierren artean bertan hasteko. Gaiaren berri izatean oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta entzuten gelditzea erabaki nuen. Proiektua lehen unetik miretsi nuen.
Badirudi egonkortasuna lortu duzuela, 240.000 bisitari baino gehiago izan dituzue Ondartxon bost urtean. Espero zenuten halako arrakastarik?
Hasieratik konfiantza handia genuen proiektuarengan, hau ez da ustekabea izan. Honekin hasi ginenean oso argi genuen guk zer nahi genuen; Europa eta mundu osoan zehar egin ziren antzeko egitasmoak ongi ezagutzen genituen eta orokorrean ongi ikasiak gentozen.
Dena den, gure ustez arrakastaren gakoa, ez dago kopuruan baizik eta kalitatean. Nire ustez garrantzitsuena ez da zenbat pertsona sartzen diren, baizik pertsona horiek pozik ateratzen direla eta zerbait ikasi dutela.
Eta nolako profila dute bisitariek?
Bisitari gehienak euskal herritarrak dira, oso pozgarria da hori. Gure helburua ingurukoen harrotasuna piztea da, gure itsas ondareaz harro egotea eta ikasitakoa zabaltzea. Lortzen ari garela esango nuke, ez dit lotsarik ematen esatea euskal itsas ondarearen mugarrietako bat izan garela, geroz eta proiektu gehiago sortzen ari dira itsas kulturaren inguruan.
Hala ere, egoera asko aldatu da azken bost urteetan eta lortzen ari gara pasaitarrek ere geroz eta interes handiagoa izatea proiektuarengan, eta gure arbasoen historiarengan. Pasaiako Itsas Festibalak, gainera, bultzada handia eman zigun.
Zenbat langile zarete gaur egun?
23 pertsona gara: arotzak, gidariak, historialariak, ikerlariak…askotariko jendeak egiten du lan hemen.
Boluntarioen ekarpena oso garrantzitsua da Albaolarentzat, ezta?
Ezinbestekoak dira eta lan eraginkorra egiten dute. Zurgintzan, ontziak garbitzen, komunikaziogintzan eta beste hainbat arlotan ekarpen garrantzitsuak egiten dituzte. Batzuetan zaila izaten da boluntario guztiak antolatzea, baina merezi du.
Garrantzitsuena da hemendik irteten direnean gure enbaxadore bihurtzen direla eta hemen ikasitakoak munduan zehar zabaltzen dituztela. Proiektu hau kolektiboa dela frogatzen dute, herritarrak parte izan daitezkeela. Herritarrek parte hartzea nahi badugu, proiektua herriari zabaldu behar diogu.
Eskola ere bazarete, Aprendiztegin ontzigintza eta nabiga-zioa irakasten dituzue. Zerk erakartzen ditu ikasleak?
Gezurra badirudi ere, munduan zehar jende askok du gustuko antzinako ontzigintza eta itsas ondarea oro har. Globalizazioak baditu hainbat onura; pasio berdina duten pertsonek errazago manten dezakete harremana elkarrekin eta teknologia berriei esker, errazagoa da pasio horiek partekatzea. Geroz eta jende gehiago iristen da guregana, besteak beste, benetako esperientzia bat eskaintzen dugulako. Boluntario asko, adibidez, egurrarekin lan egin ahal izateko datoz, baita Lanbide Heziketako ikasleak ere. Gaur egun, metalak dira materialik ohikoenak eta makinak baliabide nagusiak. Zurezko banku bat egiteko aukera, ordea, ez da hain ohikoa. Guk aukera hori eskaintzen dugu, ondare material eta inmateriala transmititzen dugu.
Eskualdeko eskolekin harreman estua duzue?
Gauza politak egin ditugu bai, Pasaia-Lezo Lizeoarekin luzaz aritu gara elkarlanean, Donibanen egoitza genuenetik. Dibertsifikazio klaseko ikasleak hiru hilabetez egiten dituzte praktikak gurekin, ontzigintza tradizionalean zein nabigazioan.
Unescoren agiria lortu duzue. Lagungarria izan da?
Albiste oso ona da, noski, eta harro gaude Albaolaren izen ona are eta gehiago hedatuko duelako. Ekonomikoki ez Baina kalitate agiri moduko bat da, ez da ekarpen ekonomikorik egiten. Unescoren aitorpenak hemengo erakundeek babes handiagoa emateko arrazoia izan beharko luke, baina kostatzen ari zaigu.
Zein erakundek babesten duzuen lana?
Pasaiako Udala beti izan dugu gure alboan. Ez da babes ekonomiko nabarmena izan, Pasaiako Udalak ez duelako horrelako proiektu handi batean parte hartzeko adina diru. Hala ere, lagundu ahal izan duten arlo guztietan, gurekin izan ditugu. Udal gobernu guztiek ulertu dute Albaola proiektu estrategikoa dela Pasaiarentzat.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere ezinbestekoa izan da. Ondartxo ontziolan Albaola sortzeko eskaintza, haiena izan zen. Gainera, gaur egun jasotzen dugun izendatutako diru laguntza bakarra, haiek emandakoa da.
Pasaiako Portu Agintaritzaren jarrera ere eskertzen dugu. Maiz izaten dituzte tirabirak inguruko administrazioekin, baina beti ahalegindu dira gu ez kaltetzen. Eusko Jaurlaritzarekin arazo gehiago ditugu. Diru laguntza arruntak jaso bai, baina uste dut jarrera aldatzen ari direla eta geroz eta interes handiagoa dutela Albaolarengan, ulertu baitute herri proiektua dela.
San Juan baleontzia Ondartxoko izarra da. Nola doa?
Askotan presio handia jasan dugu data bat zehazteko. 2016an egin genuen eta akats galanta izan zen. Proiektu hau oso biologikoa da; XVI. mendeko baleontzi bat eraikitzen ari gara. Ontziaren inguruko informazio asko dugu, baina beste gauza asko ez. Gainera, gogorarazi behar da baleontzia urpean dela, hortaz, aztarna ugari ez direla agertu. Batzuetan, adibidez, Kanadatik jaso ditugun zuzenbideak ez datoz bat itsasontziarekin. Horrek esan nahi du pieza bakar batek eraikuntza luzaz moteldu dezakeela, ikerketak beste norabide bat hartzen duelako.
Hala ere, proiektuak utziko digun ondarea ez da baleontzia bera, baizik eta eraikuntza prozesua. XVI. mendeko ontzi bat hutsetik eraikiko dugu, garaiko teknikak erabiliz. Hemen ikasitakoa beste proiektu asko garatzeko lagungarria izango da, besteak beste, Victoria naoa eraikitzeko.
Pasaiako badiak hamarkadak eman ditu gainbeheran. Albaola badia eraberritzeko eragile izan daiteke?
Uste dut eta pentsatu nahi dut baietz. Argi dago gure eragina mugatua dela eta ezin ditugula gauzak errotik aldatu. Baina urratsak ematen ari gara; iaz 60.000 bisitari baino gehiago hartu genituen Albaolan.
Uste duzue aurrekari bat ezarri duzuela?
Bai, noski. Dena den, Oarsoaldean eta Pasaiako badiaren inguruan proiektu gehiago sortzea nahiko genuke.
Pasaia fase ezberdinetan hazi da, baina bere historia beti egon da portuari lotua. Ba al du etorkizunik Pasaiak badiari bizkarra emanez?
Niri behintzat ezinezkoa iruditzen zait. Gakoa, garai berrietara egokitzean datza. Mundua aldatu da, ekonomia ere bai, eta portuarekiko dugun jarrera ere alda-tu beharko dugu. Ezin dugu desagertzen ari den ereduarekin aurrera jarraitu. Nik uste dut badagoela ongizatea eta portua batu ditzakeen eredua, delako portu hiri kontzeptua. Bai, bizikidetza posible da.