Zigor Garrori espetxetik irteteko egun bateko baimena eman zioten atzo
Zigor Garro Perez preso oreretarrak ordu batzuez espetxetik kanpo irteteko aukera izan zuen atzo. Hala jakinarazi du NAIZ agerkariak, eta azaldu, askatasuna berreskuratuko duenean —datorren urteko maiatzean beranduenez bukatuko du bere kondena — garatuko duen lan egitasmoari loturiko hitzordu batean egon ahal izateko eman ziotela baimen hori. 08:30ean Landetako (Okzitania) Mont de Marsan espetxetik irten zen eta 18:30ean itzuli zen egun bateko baimenaren harira.
Oreretarra pasa den urteko otsailean lekualdatu zuten Mont de Marsan espetxera. Saint Maurreko espetxean aurkitzen zen Garro, Euskal Herritik 680 kilometrora. Mont de Marsan espetxea, duela 11 urte zabaldu zuten, eta Errenteria-Oreretatik 150 kilometrora dago. 2014z geroztik Frantziako Estatuko espetxeetan dauden euskal preso gizonek, espetxe horretara eramatea eskatu diote Parisi, izan ere, hori da Frantziako Estatuaren espetxeen artean Euskal Herritik hurbilen dagoena.