Kale ez egiteko moduko hiru hitzordu
EMKE Musika bandak ez du etenik hartuko, momentuz, eta hilabete honetarako hiru hitzordu garrantzitsu finkatu ditu.
EMKE Musika bandak ez du etenik hartuko, momentuz, eta hilabete honetarako hiru hitzordu garrantzitsu finkatu ditu. Horietako bi, madalenen barruan izango dira, Madalena Eguneko kontzertua da bata, madalenenen amaierako kontzertua da bestea, eta San Inazio Eguneko kontzertua hirugarrena. Horien berri emateko agerraldia egin dute gaur Josu Mitxelena EMKE Musika Bandaren presidenteak, Carlos Rodriiguez zuzendariak eta Ion Collar Kultura zinegotziak.
Madalen Kontzertu Nagusia egingo du hilaren 22an, Madalena Egunean Foru plazan 12:30ean hasita eta Alain Aierdi Gurpegik zuzenduta. Obra klasikoak eta garaikideak tartekatuko ditu bandak. Amaieran gainera, Xanti eta Maialen bertaratuko dira Errenteriako Diana eta Zentenarioa dantzatzera.
Madalenei amaiera emateko egingo dute bigarren kontzertua, hilaren 25an. Iaz hasitako bidetik joko du bandak eta Dancing Show Band bihurtuko da, Luis Mari Moreno Pirata eta Elisa di Prieto abeslari sevillarraren partaidetzarekin. Iaz aldatu zutela madalenen amaierako kontzertuaren formatua esan du Rodriguezek, “ordura arte estilo klasioan aritu ginen, baina aldatzea erabaki genuen Pirataren laguntzarekin”. Ordu pare bateko emanaldia izango dela azaldu du, dibertigarria eta dantzagarria, eta besteak beste, euskal musika, Abba, Artha Franklin, Blues Brothers, AC/DC, eta Kortaturen doinuak entzuteko aukera eskainiko du EMKEk. Iaz harrera paregabea izan zuela formatu aldaketak nabarmendu du Rodriguezek, “jendeak oso gustura hartu zuen, eta aurten ere hala izango dela espero dugu”.
Hileko azken kontzertua, hilaren 31n San Inazio egunarekin helduko da, eta hori ere berezia izango da Emke musika Bandak egiten dituen guztiak bezala. Herriko bestelako eragileekin elkarlanean hasteko apustua abiatu zuenetik, hutsik egin gabe elkarlanean ari da eragileekin banda, eta 31ko kontzertua bide beretik doa. Honakoan herriko abesbatza afizionatuekin batera hartuko du Herriko Plaza kontzertu paregabea eskaintzeko. Herri ahotsa izenarekin Beraungo herri abesbatza, Garrintzi, Kaxkabeltz, Telleri Alde, Beti Bizkor, Adaxka, San Agustin, Gazte Kemena eta Kantujira muska bandarekin batera arituko dira halako emanaldietarako agertoki paregabe bihurtu den Herriko Plazan.
Publikoa inplikatu nahi dute emanaldi horretan, kantari jarri, “kantujira handi bat egin”, esan du Mitxelenak, eta seguru lortuko dutela. Horretarako abesti oso ezagunak eta ia guztiak euskaraz aukeratu dituzte. Publikoak kantatzeko aukera izan dezan pantaila erraldoian jarriko dituzte gainera abestien letrak. Argiztapen berezia ere ez da faltako honakoan, 120 abeslarirekin batera bandak egingo duen kontzertua girotzeko.
EMKE Musika Bandaren lana eta balentria goraipatu ditu Collarrek: “Ausartu dira formatua aldatzen, belaunaldi arteko jauzia egiten eta bete-betean asmatu dute arriskatuta”. Bandak abiatutako elkarlanerako bideari ere erreparatu dio Kultura zinegotziak eta 31ko kontzertuak “ukitu erromantikoa” izango duela erantsi du.
Horiekin batera, txupinazoan hartuko du parte bandak, baita hilaren 22ko eta 25eko prozesioetan.
Hiru hitzordu eder, kale ez egiteko modukoak, beti egiten duen moduan EMKE Musika Bandak ez duelako inor epel utziko.