Matxet, Kobetamendin
Matxet, Iñaki Altolagirre, Berri Txarrak taldeak Kobetamendin igandean eman zuen kontzertuko gonbidatuetako bat izan zen.
Berri Txarrak taldeak kontzertu gogoangarria eman zuen igandean Bilbon, Kobetamendin. Kronikek diote 20.000 ikusle izan zirela bertan, gozatzen, den-dena jarraitzen.
37 abestiko set-ean, lagun asko izan zituzten Berri Txarrak taldekoek. Aitor Gorosabel (Su ta Gar), El Drogas, Aiora Renteria (Zea Mays), David Ruiz (MODA) besteak beste. Eta horien artean, Iñaki Altolagirre Matxet sanjuandarra. Nola ez, elastiko arrosarekin atera zen agertokira. Mikroa ere arrosa kolorekoa zen. Berri Txarrak taldearekin kolaborazioak egindakoa da Matxet, eta adibidez, Lekunberriko taldearen diskoren batean ekarpena egin du. Gainera, Jousilouli taldearen garaian batik bat, bi taldeek maiz konpartitu zuten agertokia. Naizroxa eta Anai Arrebak taldeetan aritutakoa da ere Altolagirre.
Matxetek Zirkua abestian egin zuen ekarpena. Eta Kobetamendiko milaka ikusleak ez zituen lasai utzi, ez. Aztoratu egin zituen zeharo. Harrotu zituen milaka arimak. Jarraian, Hamaika Telebistak egindako bideoa ikus daiteke, Matxet agertzen dena, Berri Txarrak-eko kideekin batera.