Mende bat txunpa, txunpa,txunpa...
Aurtengo madalenetan, duintasunak txupinazoa piztu eta jaiak eztanda egiten duenean, 100. urtez joko du EMKE Bandak Zentenarioa.
Duintasunak txupinazoa piztu eta jaiak eztanda egiten duenean, 100. urtez joko du EMKEren Bandak Zentenarioa. Maialen eta Xanti erraldoien mendeurrenari, pasodoblearen mendeurrena batu behar zaio, beraz. Jose Erviti y Segarra iruñearrak konposatu zuen Zentenarioa 1881ean, eta ondoren musika bandarako egokitu. Jose Mari Iraola igeldoarra musika bandaren zuzendari zela, 1920an erabaki zuen pieza lehen aldiz joko zutela, eta ordutik urtero-urtero errepikatzen da.
Biteri eskolatik (bandaren egoitza zaharretik) ateratzen zen banda orduan, gaur egun elizaren eskaileretan jotzen badute ere, Herriko Plazan. Beti hala izan dela pentsatuko du bateren batek, EMKE Bandako musikarien leku naturala hori dela; Zentenarioa eta madalenak banaezinak direlako, baina 1995ean itzuli zen eskailera horietara musika banda, urteetan Erdiko kalean edo Kapitain Enea kalean desplazatuta egon ostean.
Izan ere, 1967an Herriko Plazan jotzen hasi zen jaien hasierarekin, baina 1980ko hamarkadan beste kokalekuak bilatu zituen, 1995ean elizako eskaileretan jotzea erabaki zuten arte. Jaien hasiera ordua ere musika bandaren arabera jarri zuten. Langileak ziren musikariak, eta lanorduak amaitu arte ezin izaten zuten jo: horregatik da txupinazoa 19:00etan.
Orain pentsaezina da txupinazoaren argazkia EMKE Bandarik gabe plazan. Bertako paisaiaren parte ezinbestekoa da hilaren 21ero 19:00etan, herritarrak dantzan eta kantuan diren bezala, edota inguruko balkoi eta leihoetatik behera botatzen dituzten ur baldekadak klasikoak diren moduan.
Unerik bereziena
Okerrik egin gabe esatea dago bandarentzat jaietako unerik bereziena hori dela, Zentenarioa jotzeko momentua txupinak zeruan eztanda egin ostean. Eta musikari bat baino gehiago hunkitzen da, ziur, urtero errepikatzen den errituala bada ere.
Txunpa, txunpa, txunpa… ehun urte izanagatik, aurten ere gogotik dantzatuko ditu bazterrak herriko ereserki denak.