Pasaia Kayak-en garaipen sorta Bidasoan eta Urolan
Asteburu arrakastatsua Trintxerpeko palistentzat. Carballok garaipen bikoitza lortu zuen eta Amaia Benaventek ere txapela jantzi zuen Zumaian.
Gipuzkoan izan dira asteburuko bi piraguismo probak: larunbatean Bidasoko Nazioarteko 53. proba antolatu zuten eta igandean, Euskadiko Koparen barruan dagoen Urola Ibaiaren Igoera-Jaitsiera, Zumaian. Badirudi gertutasunak on egiten diola Pasaia Kayak piraguismo taldeari, izan ere, txapel eta domina mordoarekin itzuli dira.
Ion Carballok sekulako maila erakusten jarraitzen du, asteburu honetan beste bi garaipen eskuratu zituen senior kategorian. Larunbatean Bidasoa ibaian egindako 12 kilometroko proban, azkarrena izan zen Carballo. Estu hartu zuen Pasaia Kayakeko palista Samuel Asenjo palentziarrak eta esprintean gailendu zitzaion.
Eta ez ziren albiste on bakarrak izan Trintxerpeko klubarentzat. Kadete kategorian, Laura Zunzunegi pasaitarra eta Eider Irazu oiartzuarra, bigarren eta hirugarren izan ziren hurrenez hurren.
Igandean festak jarraitu zuen Pasaia Kayak-en. Carballok beste erakustaldi bat eman zuen Zumaiako uretan. Aise irabazi zuen proba, Jon Moreno irundarra atzean utzi ostean. Ez zen eguneko txapel bakarra izan, Amaia Benavente ere azkarrena izan baitzen emakumezko guztien artean.
Iñigo Loisek hirugarren postua lortu zuen senior kategorian, eta Uxue Lopez eta Beñat Rodal ere hirugarren izan ziren kadetetan. Egindako lan txukunari esker, taldekako sailkapenean hirugarren izen zen Pasaia Kayak, Bidasoan zein Urolan.