Animalien sufrimendurik gabeko jaien alde
Eguzkik eta Ekologistak Martxan taldeek uso, galeper eta bestelako animalien tiroketak debekatu daitezela eskatu dute.
Jaietan animalien sufrimenduak lekurik izan ez dezan eskatu du Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak eta Ekologistak Martxan taldeak. Ez da berria eskaera hori, 2016ko apirilean, duela hiru urte pasa, eskaera zehatza egin zioten Errenteriako Udalari Eguzkik, Itsas Enarak, Ugatzak, eta Ekologistak Martxan taldeek madalenetako jai egitarauaren barruan antolatzen ziren uso, galeper eta beste animalien tiro saioak debekatzea eta jaietako egitarauan ez jasotzea.
Halako erabakia araudi batean oinarritu gabe hartzea ezinezkoa zuela erantzun ziela orduan udalak ekarri du gogora Eguzkik, “baita animalien erabileraren inguruko ordenantza orokor batean lanean hasita zegoela”. Aurtengo jai egitarauan jarduera beste behin ere egingo dela jakinda haserre azaldu dira Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeak, “animaliei tratu txarra jasotzeko bidea emango dutelako. Ez dugu ulertzen horrekin amaitzeko beste herri batzuetan hartzen diren erabakiak zergatik ez dituen gure udalak hartzen. Noiz arte itxaron behar dugu?”.
Bi taldeek herrian antolatzen diren uso, galeper eta bestelako animalien tiroketak debekatu daitezela eskatu dute; gaiaren gaineko ordenantza ez izatea ez dadila izan aitzaki programan ez sartzeko edota diruz ez laguntzeko; eta lehenbailehen horrelako jarduerak debekatzeko araudia onartzek parte hartze prozesua martxan jartzea eta horren zabalkuntza eskatzea eskatu dute azkenik.