Amore eman du GHK-k Intxaurrandietaren eta Errazkinen kontrako auzibidean
Espainiako Kontu Auzitegiak ekainean emandako ebazpenaren kontrako helegiterik ez du jarriko GHK-k, txosten baten arabera, ez delako "arrazoizkoa".
Espainiako Kontu Auzitegiak ekainean berretsi zuen Ainhoa Intxaurrandieta lezoarrak eta Iñaki Errazkinek zuzen jokatu zutela errauste planta geldituta. Txosten juridiko bat eskatu ondoren, ebazpenaren aurka ez egitea erabaki du GHK-k, gaur egindako batzarrean. Txostenaren arabera, ez da “arrazoizkoa” aurrera jarraitzea. Amore eman du GHK-k.
46 milioi euroko zigorra ezarri nahi zien Gipuzkoako Foru Aldundiak (EAJ-PSE) Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin GHK-ko arduradun ohiei —2011-2015eko legealdian, Intxaurrandieta partzuergoko presidentea zen; Errazkin, aldundiko Ingurumen diputatua—, errauste plantaren lanak geldiarazteagatik.
Berria egunkariak landu duen albistean jasota dagoenez, Bilduk foru aldundian agintean egin zuen legealdian (2011-2015), orduko GHK-ko buruek hartu zuten aurreko gobernuak (EAJ) diseinaturiko errauste plantaren lanak gerarazteko erabakia. Erabaki hori okerra izan zela salatu zuten EAJko eta PSEko buruzagiek, eta, azken agintaldian, foru gobernua berreskuratuta, auzitara eraman zituzten. Kontu Auzitegian salatu zituzten botere desbideraketa larriagatik, eta leporatu zizkieten, halaber, azpiegituraren lanen gelditzeak eragindako diru galerak: 46 milioi, haien arabera.
Ekainean, Kontu Auzitegiak auzi jartzaileari leporatu zion ez frogatzea bere salaketan esaten direnak. GHK-k bere helegitean argudiatu zuen aurreko ebazpenean akatsak zeudela, baina Salako magistratuek ukatu egin zuten hori.
Lehenago ere Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoi eman zien EH Bilduko arduradunei, baina iazko urrian helegitea jartzea erabaki zuen GHK-k. EH Bilduk adierazi zuen “ulertezina eta arduragabea” zela “mendekuaren bidean jarraitzea”.