Bertsolaritzak eskola izango du Pasaian
Pasaiak duen behar bati erantzuteko jaioko da Pasaiako bertso eskola. Udala da proiektuaren bultzatzaile nagusia, baina herritarrena izango da hura sortu eta gorpuzteko ardura, Txakur Gorria kolektiboarekin batera.
Ekainaren 27an GIF oso deigarri bat agertu zen Pasaiako Udalaren Twitter kontuan.‘Adi! irailean bertso eskola sortzera goaz Pasaian,bazatoz?’. Esaldi zuzen eta zehatza, baina eduki eskasarekin. Txioak bertsozaleen jakin mina piztu zuen eta ordutik, berri gehiago jasotzeko zain daude herritar asko. Tira bada, txioak lortu du bere helburua. «Gauza txiki eta labur bat erabiliz, jendearen arreta erakarri nahi genuen. Uste dut lortu dugula, jendea bertso eskolari buruz galdetzen dabil eta», dio Eider Perezez, bertso eskolaren sustatzaileetako batek. Oraindik gauza asko dituzte finkatzeko, baina Perezek argitu du jada izena emateko epea irailean zabalduko dutela eta klaseak ematen urrian hasi nahiko luketela.
Pasaiako Udalak bertso eskola bat sortu nahi du, eta sortze prozesua, erakargarria eta parte hartzailea izan dadila. Mezua beste era batera zabaldu nahi dute, gaur egun zaila delako «gai hauekin jendearengana iristea», Perezen esanetan. Irailean kanpaina informatiboa hasiko dute, «informazioa gutxinaka emango dugu eta barruti bakoitzari irudi bidezko keinu bat egingo diogu». Gauzak beste era batera egin nahi dituzte, bertso eskola fisikoki sortu baino lehen, bertsoak ingurukoen sakelako telefonoetan eta sare sozialetan agertzea nahi dute, eta jendearen erantzunaren arabera, hartuko dituzte erabakiak. Hala ere, orain arte sortutako ikusmira dela eta, baikor dira.
Pasaiako Udaleko Euskara eta Kultura sailak dira proiektuaren bultzatzaile nagusiak. Pasaian ez dago bertsolaritzan eskarmentua duen erakunderik, hortaz, bertso eskolaren ildoak herritarrek zehaztea nahi dute. Perezen arabera, bertso eskolak herriaren behar bati erantzungo dio, «ez dut uste Pasaian beste leku batzuetan baino baldintza okerragoak daudenik bertsolaritzan aritzeko. Pasaiako hainbat eskoletan bertso klaseak ematen dira LHko 4. mailatik DBHra, eta umeek gogotsu parte hartzen dute. Baina gero ez dute non jarraitu. Gauzak eskura ematen badizkiegu, agian gazte gehiagok egingo lukete bat bertsolaritzarekin». Aktore eta idazle izateaz gain, bertsozalea ere bada Perez, eta Hitzetik hortzera ETBko programa historikoaren azken sasoiaren aurkezlea izan da.
Bertsotan ikasi nahi duten pasaitarrek,beste herrietara joan behar dute gaur egun
Trintxerpetarra da, baina Lezoko bertso eskolara jo behar izan zuen 17 urte zituela. Bere ustez, Pasaian badago bertsoarekiko interesa, baina ez dago interes hura gauzatzeko espaziorik, eta denek ez dute inguruko herri batera joateko aukerarik.
Bertso eskolak, gainera, euskararen arnasguneak dira, «dialektika, hitz jokoak eta orokorrean, sormena lantzen dugu bertsolaritzan, baina batez ere,euskaraz egiten dugu».
Herritik eta herriarentzat
Euskara eta Kultura sailek ez dute ezer inposatzeko asmorik,proiektu «parte hartzaile eta herrikoia» izango da. Helburu horri helduta, Perezekin harremanetan jarri ziren Pasaiako Udaleko teknikariak, beste hainbat herritarrekin batera bertso eskolaren nondik-norakoak koordinatzeko, «hasiera-hasieratik argi utzi zidaten eskola herriarekin batera sortu nahi zutela, jendeak benetan bat egin dezan egitasmoarekin. Eskolaren kokapena eta izena, besteak beste, jendearekin batera finkatuko ditugu».
Iraila bukaeran zabalduko dute bertso eskolan izena emateko epea
Proiektuak aurrera egin ahala, hazi nahiko lukete, baina argi dute hasieran indargunea gazteetan jarriko dutela, «hezkuntza arautuan bertsolaritza ikasi dutenek jarraibidea edukitzea nahi dugu, alegia, DBH1etik aurrera bertsolaritzan jarraitzeko aukera ematea».
Txakur Gorria sormen kolektiboko kideak bidelagun izango dituzte proiektua garatzeko. Sormena alor ezberdinetatik jorratzen duten lau emakumek osatzen dute Txakur Gorria, tartean, Nerea Ibarzabal bertsolaria. Bertso eskolaren berri ematen zuen GIFa, adibidez, haiek sortutakoa da.
Aurreiritziak iraultzen
Estereotipo asko daude Pasaia eta pasaitarren inguruan. Herriaren demografiagatik eta hiriguneetatik hurbil kokatzeagatik, herriak izaera euskaldunik ez duela iritzi dute hainbatek. Hortaz, zentzuzkoa da bertsolaritzak herrian erro sendorik ez izatea. Argudio horiek zentzugabekoak iruditzen zaizkio Perezi, Pasaian euskal kultur ondarea osasuntsu baitago. Illunbe eta Alkartasuna dantza taldeak, Donibanekoarekin batera, Oarsoaldean erreferente dira. Arraunaren eredua are eta agerikoagoa da. Pasaia eta arrauna elkarrekin batera hazi dira eta ukaezina Kantauriko arraunak Euskal Herriarekin duen lotura.
Hortaz, ez dago inongo arrazoi objektiborik esateko Pasaia bezalako herri batean bertsolaritzan aritzeko baldintzak ez direla egokiak. Trintxerpetarraren arabera, bertsolaritza berezi egiten duena, egokitzeko gaitasuna da, «bertsolaritza etengabeko aldakortasunean dago, adin tarte espazio eta bizipen ezberdinetara egokitzen da».
Ez da gogo falta izan, baizik eta aukerarik ez dela izan etxetik gertu. Irailetik aurrera sortuko dute aukera.
- Noiz. Izena emateko epea iraila bukaeran zabalduko dute eta urritik aurrera klaseak emateari ekingo diote. Kanpaina berezia egingo dute.
- Kanpaina. Irailean hasiko dute Pasaiako bertso eskolaren inguruko kanpaina informatiboa. Jendea erakartzeko asmoz, informazioa pixkanaka emango dute.
- Non. Kultur etxeak, liburutegiak eta bestelako kultur espazioak. Pasaiako lau barrutiak aintzat hartuko dituzte, eta barrutiko kaleetan zehar ekintza ezberdinak burutuko dituzte. Jende kopuruaren arabera zein barrutitan egongo diren erabakiko dute.
- Parte hartzea. Udalaren proposamena izan arren, proiektua herritarren irizpideei jarraiki garatu nahi dute. Bertso eskolaren izena herritarrekin zehaztu nahi dute, adibidez.