Kontratazio publikoetan ingurumen irizpideak bermatzeko eskatu du Eguzkik
Alabortzako kantinan behin erabili eta botatzeko tresneria erabiltzen dutela salatu du talde ekologistak. Ingurumen legedian azaltzen diren irizpideak berma ditzala eskatu diote Pasaiako Udalari.
Ingurumen zaintzaz hainbeste hitz egiten den une honetan, Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak Donibaneko kantinaren inguruko argibideak eskatu ditu. Jakin berri dute, Donibaneko kantinan behin erabili eta botatzeko tresneria erabiltzen dutela, paperezko platerak eta plastikozko edalontzi zein mahai-tresnak eta ondorioz, ez dituztela ahalik eta plastiko gutxien erabiltzeko neurriak hartu.
Kantina ustiatzeko esleipena Pasaiako Udalak ematen duen heinean, plastikoen aferari irtenbidea emateko eskatu dute ekologistek, eta hemendik aurrera ingurumen irizpide garbiak ezar ditzala, horrelako egoerak berriro ez emateko. 2018an eman zuen udalak kantina ustiatzeko kontzesioa eta ingurumen irizpide bakarra ezarri zuen, “garaiko edo nekazaritza ekologiko edo integratuaren irizpideak betetzen duten elikadura produktuak”.
Bizi-zikloaren ikuspegia eta horrekin erlazionatutako ingurumen irizpideak kontutan hartu ez izanaren zergatia galdetu diote ekintzaileek udalari. Gainera, 2020rako Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programak dioena oroitarazi dute, “erkidegoko administrazio guztiek egindako kontratazio prozesuetan bizi-zikloaren ikuspegia txertatzea eskatzen du”.
Egoera hauek jasanezinak direlakoan, hiru eskari egin dizkio Eguzki Talde Ekologistak udalari: Alabortzako arduradunekin harremanetan jartzea, haien jarduna ingurumen legediaren irizpideen arabera garatu dezaten; 2020an hitzarmen berria egin dezala kantinarentzat, ingurumen irizpide garbiak ezarriz.; eta aurrerantzean kontratazio guztien baldintza-pleguetan ingurumen irizpideak txerta eta berma ditzala.