Lezo ere zeharkatu du presoen aldeko tropelak
Luhusotik Gernikarako bidean, Lezotik ere igaro da Orain Presoak bizikleta martxa.
15:15tan igaro da Orain Presoak bizikleta martxaren tropela Lezotik, hainbat herritar zain zituztela animoak emateko, baina batez ere, euskal presoei elkartasuna adierazteko.
Txirrindulariek gaur hasi dute ibilbidea Luhuson (Lapurdi) eta etzi dira Gernikara (Bizkaia) iristekoak. Gaurko lehen etenaldia, Irunen egin dute, Ficoba alboan. HITZA bertan izan da, geldialditxoaren irudiak biltzen.
Atsedena hartuta, bidean jarraitu dute txirrindulariek. Gaintxurizketako gaina igaro eta Lezorantz malda bera joan dira. Bekoerrotako kiroldegian hondoan, hainbat herritar zituzten zain, baita babesa adierazteko bi pankarta ere. Mantso baina gelditu gabe, Donostiarako bidea hartu dute, bertan beste geldialdia egiteko.