Maddalen Doronsoro: "Bueltan etortzen zaizuna ematen duzuna baino askoz gehiago da"
Hamar urte bete ditu Oiartzungo Lartaun abesbatza zuzentzen. Horrez gain, Errenteria-Oreretako Landarbaso abesbatzako kide da, eta formazioaz ere arduratzen da.
Maddalen Dorronsoro abesbatzen munduan buru belarri murgilduta dago. Zazpi urterekin hasi zen kantatzen, eta orain, 31 urterekin, abesbatza bat zuzentzen du eta korista berrien formazioan dabil. Luze eta zabal aritu da abesbatzei buruz.
Bizi zaren herriko abesbatza zuzentzeak zer suposatzen du zuretzat?
Berez Lezokoa naiz, baina badira urte batzuk Oiartzunen bizi naizela, eta hori baino gehiago Lartaun zuzentzen dudala. Orduan, lehen kaletik jendeak agurtzen baninduen, ezagunak hurbildu… Bada orain are eta gehiago, normala den bezala. Egia esan, gustagarria da.
Hamar urte egoteko…
Zazpi urte nituenetik abesten dut koruetan, orain 31 ditut. Amaren familian, beti abestu dugu, nahiz eta gero eta gutxiago, toki guztietan bezalaxe. Landarbaso abesbatzan hamalau urte daramatzat abesten, zuzendaritzan hamabi eta beste hamar Lartaunen. Eta hamar urte baldin banoa da musika asko bizi dudalako, abestea asko gustatzen zaidalako, baina zuzentzean sentitzen den hori ezinbesteko zerbait delako.
Oso gazte hasi zinen abesbatza zuzentzen. Hori ez da ohikoa.
Ez oso, akaso. Hamar urte daramatzat Lartaun zuzentzen, eta zorionez koristen parte handi-handi batek hamar urte daramatza nirekin. Gogorarazten didate nola hasi nintzen: ‘Gogoratzen naiz 21 urtetxo zenituela gure aurrean jarri zinenean…’.
Jende helduagoa dela kontuan hartu behar da, adin diferentzia handia dago. Hamar urte hauetan esperientzia handia irabazi dut. Beraiek urte asko daramate abesten, eta nire aurretik zuzendaria zenak beste bederatzi-hamar urte eman zituen. Ohitura asko zeukaten.
«Errespetu handia zor zaio hainbesteko historia duen abesbatza bati»
Nolakoa izaten da Lartaunen errutina?
Aldatzen joan den zerbait izan da. Gaur egun, zoritxarrez, gero eta jende gutxiagok kantatzen du koruetan, edo gero eta jende helduagoa dago. Horri pixka bat buelta eman nahian, formula ezberdinak probatzen joan izan gara.
Lanerako modurik eraginkorrena bilatzen saiatzen gara. Azken finean, gaur egungo teknologiak gehituta, obra bat ikasten hasten garenean, programa bat dugu dena horra pasatzen duena eta bakoitzari etxera bidaltzen diona, han ikas edo aurreratu dezaten. Bakoitzak bere ahotsa ikasten du, eta gero denak elkartzean, lana eraginkorragoa izaten da.
Aste batean, emakume ahotsek alde batetik eta gizonenek bestetik entseatzen dute, eta hurrengo astean elkartu egiten gara. Urteko bizitza koralean badira kontzertu finko batzuk, eta gero sortzen direnak; elkartrukeak izaten dira. Asko gustatzen zaigu beste abesbatzekin esperientziak partekatzea.
Larunbatean Hipatiaren Lorategian eman zenuten kontzertua. Zein sentsaziorekin utzi zintuen?
Hamar urte daramat zuzentzen, eta hamar urte daramatzat esaten ‘noizbait kontzertu bat egingo dugu lorategi horretan…’. Orain dela lau urte egin genuen lehenengo kontzertua, eta ikusi genuen funtzionatzen zuela. Urtetik urtera gero eta jende gehiago hurbildu izan da, eta egonkortu den kontzertua da. Jendeak itxoiten dio kontzertuari, eta aurten, gainera, Oiartzun Irratiaren urteurrenarekin bat egin du. Oso kontzertu goxoa izan ohi da.
Lartaunek 55 urte baditu. Abesbatza historikoa da. Erantzukizun berezia da horrelako abesbatza baten arduradun izatea ala historiaren zama arina da?
Sekulako garrantzia ematen diot. Abesbatzen eguneroko bizitzan, talde guztietan bezalaxe, gorabeherak egoten dira, eta egongo dira; batzuetan hobeto, bestetan okerrago. Uste dut errespetu handia zor zaiola hainbesteko historia daukan talde bati. Taldeak 55 urte badaramatza da badagoelako 55 urte abesten daraman koralistaren bat edo beste; eta 50 urtetik gora abesten daraman jende dezente ere. Abesbatzen mundua hainbeste maite duen pertsona bezala, miresgarria da hori. Zenbat daukaten oraindik erakusteko! Zer den konpromisoa, talde lana, entseguak… Talde baten parte izatea, ekarpena egitea, horrek eskatzen dizun guztia, eta kontuan hartuta zenbat ematen dizun.
Hain gaztea izanda, rara avis sentitzen zara?
Zoritxarrez, gero eta jende gutxiagok abesten du. Taldean badugu gazteren bat ala beste. Zoritxarrez esaten dudanean da satelite bat bezala sentitzen zarela hori egin nahi izateagatik. Konpromisoa falta da. Astean behin edo bitan entseatzera joatera eskatzen baduzu, badirudi jendea konpromisoarekin izutu egiten dela. Eta pena da, bueltan etortzen zaizun guztia ematen duzuna baino askoz gehiago delako. Hori seguru dakit.
Beraz, emozio ugari sentitzen dira ustez hain serioa dirudienean…
Hori da beste kontu bat. Apirilean kontzertu bat eman genuen, Haurtzaro Ikastolako abesbatzarekin eta Errenteriako Kontarirekin batera. Programa afroamerikarra izan zen. Gure ohiko ikusleek esaten ziguten ez zutela uste hori kantatzeko gai izango ginenik. Pentsa! Gure ohiko ikusleek hori esaten badigute, kanpoan daudenek zer pentsatuko dute… Badago jende pila bat pentsatzen duela kanta elizkoiak besterik ez ditugula kantatzen. Ez da hala.
Hor ere egokitzen joan behar duzue.
Bai. Duela gutxi lagun batek esaten zidan: ‘Batzuetan, neroni, abesbatza munduan nagoela, nola ez dira aspertuko ikusleak!’. Noski moldatu behar dugula, ez baldin badugu nahi hau hiltzen edo erortzen utzi, irizpide batzuk mantenduta.
Lartaun abesbatzaren jarduna ongi errotuta dago herrian?
Bai, eta hemen ere adin batetik aurrerako jendea dago [barre artean esan du]. Lartaunek badauka bere publikoa. Badago adin segmentu bat, 45-50 eta piku ingurukoa, garai batean Izotz koruan aritu zena, eta badakiena zer den hori bizi izatea. Bere bizitzako esperientzia garrantzitsu bezala bizitu zutena, abestu gabe bizitzen ikasi duena eta, zoritxarrez, abestera bueltatu ez dena. Espero dezagun noizbait errekuperatuko ditugula.
Nire kasuan, ez dut nire burua ikusten abestu gabe. Eta nirekin dauden pertsonek ezta ere, horregatik jarraitzen dute. Momenturen batean utzi dute, seme-alabak eduki dituztelako, baina berriro bueltatu dira.
Landarbaso abesbatzan ere aritzen zara, irakasten eta formatzen, Kontari eta Dizdizka taldeekin. Jende gazte gutxiago dagoela esaten duzu, baina taldeak, behintzat, badituzu…
Gaur egun, Landarbason 120-130 inguru gara: Landarbaso Abesbatzan 42 gara, oker ez baldin banago; Dizdizkan beste 35 bat; haurretan 50etik gora ere badauzkagu… Elkartea urtetik urtera gora doa. 25. urteurrenaren ondoren sortu genituen gazteen eta haurren taldea, ikusten genuelako formakuntza bat eskaini genezakeela, baita zerbitzu on bat ere Errenteriako herriari. Oso pozik gaude.
Beraz, etorkizun bat badago.
Landarbaso abesbatzak ematen duen formazioa saiatzen gara ahalik eta osatuena izaten. Baina ahotsa oinarritzat hartuta, saiatzen gara formazioa eskaintzen: ahots musikala, ahots teknika, musika lengoaia, gorputz espresioa… Ez da bakarrik abestea. Horrek guztiak, Landarbasoren kalitatezko zigiluarekin batera, hainbat haur eta gaztetxo erakartzen ditu. Hurrengo ikasturteari begira, gainera, ahotsarekin batera joan daitezkeen instrumentu batzuen eskaintza ere emango dugu.
Igandean, Landarbaso Balira (Indonesia) joango da. Hango txapelketan parte hartzeak suposatzen du aitortza bat badaukazuela?
Indonesia, abesbatzei dagokionez, punta-puntan dagoen herrialde bat da. Tolosako Nazioarteko Lehiaketan, pasa den urteko 50. urteurrenera gonbidatu gintuzten talde horietako bat izan ginen. Eta azken hiru urteetan, hiru txapelketa irabazi dituzte indonesiarrek, haurren eta helduen kategorietan.
Guretzako, Indonesiako abesbatza lehiaketa batetik guri deitzea, ikusita zein maila dagoen, bada nahikoa aitortza. Ehun abesbatza izango gara, kategoria ezberdinetan, eta erronka handi samarra izango da.
Ilusioarekin joango zarete.
Bai, bai. Azken ukituak ematen ari gara, baina egindako lanarekin nahiko pozik gaude.
«Jende pila batek pentsatzen du kanta elizkoiak bakarrik abesten ditugula»
Duela bi urte Japoniara joan zineten. Horrelako bidaiek laguntzen dute taldea indartzen?
Nazioarteko horrelako bidaiak egiten ditugunean, lehenengo egunetan lehiaketetan hartzen dugu parte, eta gero aprobetxatzen dugu turismo pixka bat egiteko. Talde bezala horrek indartzen zaitu. Balira joatean, lehenengo bi egunetan ez dugu lehiaketarik, baina bai soinu-probak eta elkartruke kulturalak. Lehiaketa ez eduki arren, ordubete daukagu gure artean entseatzeko, forman egoteko, taldean egon, taldea sendotu… Asko kohesionatzen du taldea, eta agertokian nabaritzen da.
Oarsoaldean badira abesbatza asko. Osasuntsu al dago korugintzaren egoera?
Bai eta ez. Iruditzen zait gaur egun dagoena oso aberatsa dela, eta hala izan behar du. Gainera, talde bakoitzak desberdinduak dira, estilo ezberdinekoak, eta momentu batean publiko ezberdina izan dezakete. Hori izugarri aberatsa dela iruditzen zait. Etorkizuna, oraingoz behintzat, ez dut oso argi ikusten. Eta kezkatzen nau.
Egia da gure elkartean baditugula haur eta gazteak, eta haiekin lan egiten dugu, zerbait ezberdina eskaini nahian, formakuntza eskaintzen erakartzeko. Iruditzen zait konpetentzia latza dugula beste eskolaz kanpoko ekintzekin. Horren alde zerbait egin behar dugu, bestela etorkizun zaila ikusten dut.
Badago esaldi bat esaten duena Euskal Herria dela Pirinioen bi aldeetan kantua eta dantza egiten duen herri bat. Kantatzearena arriskuan dago?
Espainiako tokietara joaten bazara, begiratzen gaituzte miresmenez. Estatu baltikoetara joaten bazara, adibidez… Letoniarekin harreman estua daukat, eta Rigan bakarrik Gipuzkoan adina abesbatza daude. Orduan, perspektiba kontua da. Lehen etxe askotan abesten zen. Gaur egun ez da soilik ez dela abesten, baizik eta lotsaz ikusten den zerbait da. Gertatu izan zait, proiektu batean egonda, neska-mutilekin hitz egitera joatea, eta esatea ‘begira Maddalen, gustura joango nintzateke, baina etxean esan didate hori rollo bat dela’. Zaila da…
Kantujira bezalako iniziatibei buruz zein iritzi duzu?
Iruditzen zait oso lan polita egiten dutela. Nik, etxe alderaka pixka bat eginez, nahiago dut talde batean, ahots ezberdinetara abesten, egunerokotasunean sartuta egon, beste bizipen batzuk ematen dizkit. Horiek bultzatzearen aldekoa naiz ni.
«Gero eta jende gutxiagok abesten du koruetan, eta gero eta helduagoa da»
Haurrei eskolak ematen dizkiezu. Zailagoa al da?
Haurtzaro Ikastolaren kasuan, beti egon izan da musikaren inguruko jakin-min bat. 4-5 urteko haurrekin musika tailerra ematen dut, eta talde politak izaten dira. Taldean dauden askoren gurasoek badakite zer den abestea, bere garaian egin baitzuten.
Landarbasoren kasuan, Kontarik musikal parte hartzaile bat eskaintzen du, eta horrek ematen dit aukera hainbat ikastetxetan neska-mutilekin lan egiteko. Bizpahiru saio egiten ditugu, eta segituan sartzen dira dinamikaren barruan. Musikari eta artista bikainak izaten dira tartean, eta askotan ez dakite hala direnik ere.
Ez?
Norbait behar dute ondoan hori esateko. Eta eskertzen dute. Guraso asko harritzen dira horrekin… Harrituko zinateke zenbat guraso negatibo dauden. Errazago konturatzen dira futbolean edo beste zerbaitean onak diren ala ez. ‘Ez daki abesten’ esaten dizute maiz, baina nik ez dut esaten badakienik ala ez, abesten ikastera etorriko da, eta esaten ari naizena da aukerak badituela, artista oso ona dela, eta baduela zerbait. Bultzatu egin behar zaio.