Pirinioetako Burdinaren Bideari buruzko erakusketa inauguratuko dute hilaren 31n
Arditurrin erakusketa jarriko dute, eta irekiera egunean Mertxe Urteaga arkeologoak hitzaldia eskainiko du, azalpenak emateko.
Gaur zortzi, hilak 31, Pirinioetako Burdinaren Bideari buruzko erakusketa irekiko dute Arditurrin. Irekiera modu egokian egiteko, Mertxe Urteaga arkeologoa gonbidatuko dute, azalpenak emateko eta meategiko bisita gidatzeko. Ondare artxibategian egiten du lan, eta urtetan zuzendu ditu Arditurriko indusketak.
10:00etan hasiko da bisita, eta bi ordu iraungo ditu. Lehendabizi meategi barneko bisita gidatua egingo dute, eta ondoren erakusketaren txanda izango da. Arropa eta oinetako egokiak janzteko eskatu dute, eta izena ahal bezain pronto emateko. 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara dei daiteke, edo e-posta bidez idatzi.
Pirinioetan ardatza
Burdinaren bidea proiektua: Garai batean, burdingintzaren jarduera ekonomikoa garrantzitsua izan zen Pirinioen bi aldeetan, eta oraindik ere horrela da hainbat tokitan. Azken urteetan, Okzitaniako, Andorrako, Kataluniako eta Euskal Herriko zenbait erakundek hainbat egitasmo bultzatu dituzte siderurgiak utzitako ondarea ezagutarazteko.
Elkartean parte hartzen duten kideak: Govern d’Andorra eta Comu d’Andorra; Akitania: Commmunaute de Pays de Nay; Katalunia: Museu de la Ciencia y la Tecnica eta Generalitat; eta Gipuzkoa: GFA eta Beasaingo, Eibarko, Ormaiztegiko, Mutiloako eta Zeraingo udalak eta Lenbur Fundazioa dira.
2018an kideak elkartu zirenean, elkartean sartzeko irizpideak aztertzeaz gain, bertatik ezagutu zuten Gipuzkoako burdinaren bidea eta horretarako Zeraingo Aizpea meategiak, Igartzako proiektua, Oiartzungo Arditurri meategiak, Aiako Agorregi burdinola, Eibarko armagintzaren museoa, Legazpiko burdinaren museoa eta Ormaiztegiko zubia bisitatuz.
Elkarteak Burdinaren bidea irudikatuz, 24 panelez osaturiko erakusketa ibiltaria antolatu du eta abuztuan Arditurriko parketxean izango dugu ikusgai, ohiko ordutegian. Aukera paregabea da burdingintzaren industriak Euskal Herrian eta Piriniotako bi aldeetan utzi duen ondare aberatsaren aztarna ugari ezagutarazteko.