Udalbatzak gai estrategikoekin itxiko du ikasturte politikoa
Gai garrantzitsuak jorratuko dituzte uztaileko ohiko udalbatzarrean, tartean Mendiburu 14 eraikina ardatz dituen hiru gai.
Oiartzungo Udalbatzak uztailari dagokion plenoa egingo du datorren asteazkenean, hilak 30. Hogei puntuko gai zerrenda jorratuko dute, eta horietako batzuk gai garrantzitsuak dira.
Esaterako, Mendiburu 14 balio anitzeko eraikinaren gaineko hiru puntu aztertuko dituzte: proiektuaren onarpenari dagokiona; eraikitzearen diru-kontuei buruzkoa; eta fase pare baten onartzearena.
Horrez gain, Urkabe Baita eremuan etxebizitza dotazionalak sustatzeko Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena onartuko dute. Gainera, aldundiarekin beste hitzarmen bat sinatuko dute, mendekotasunagatik prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten oiartzuarren prestazio ekonomikoen jarraipena egiteko.
Gainontzeko gaien artean, Xorrolari dagozkion bi puntu izango dituzte aztergai. Iturriotz eta Altzibarko auzo lokalak lau urtez uztea ere onartuko dute. Plenoa 19:00etan hasiko da. Gai zerrenda osoa ikusteko, egin klik hemen.