25 urteko senidetza ospatu dute Oiartzun eta Karaezek
Karaezko ordezkaritza eta Pier Elizondo izan dira 2019ko xanistebanetako kultur ekitaldiaren protagonista nagusiak.
Ordu gutxi falta dira 2019ko xanistebanei ongi etorria emateko, eta dagoeneko Oiartzungo Udalak datozen egunotarako ekitaldi guztiak prest ditu. Ohitura den bezalaxe, atzoko kultur ekitaldian 2019ko urtekaria aurkeztu eta jaietako kartel lehiaketako irabazleak saritu zituzten, besteak beste.
Baina protagonista nagusia Oiartzun eta Karaezen (Bretainia) arteko senidetza izan da. 25 urte bete dira Daniel Cotten garaiko alkateordeak senidetza sinatu zuenetik, eta atzokoa ez zuen galdu nahi izan. Harekin batera, ordezkaritza zabala izan zen: Christian Troadec Karaezko alkatea eta zenbait hautetsi ere heldu dira herrira. Senidetzaren urteurrena biribiltzeko, Antton Mendizabalen eskutik Sutar eskultura jaso zuen egungo alkate bretainiarrak.
Bideo proiekzio batekin laburbildu zuten 25 urteko senidetza. Gainera, azken mende laurdeneko argazkiz osatutako erakusketa bat ere jada zabaldu dutela jakinarazi dute udaletik.
Omenaldi berezia
Amaitzeko, Frantzian jaiotako Pier Elizondo ergoiendarrari omenaldi oso berezia eskaini diote Oiartzungo Karaez Senidetza taldean, Ergoiengo Jai Batzordean, Auzokalte eta Girizia elkarteetan zein Mirentxinen egindako lana goraipatzeko. Olarriko Alazne Cruz eta Xanti Leonet dantzarien ohorezko kontrapasak atzoko ekitaldia amaitutzat eman zuen.
Bide batez, gaur Arizmendienean izango den ekitaldira gonbidatzeko ere probestu zuten atzokoa. Euskal Herriko eta Bretainiako sinboloak batzen dituen eskultura bat jarriko dute lorategian. Bihar berriz, senidetza afaria egingo dute Girizian, 21:00etan.
Gogoratu HITZAk aurtengo xanistebanak kubrituko dituela. Adi egon, gaurtik aurrera argazki eta bideo ugari zintziliklatzen joango baita webgune honetan!