Aritxulegiko eskalada anklajeak konpondu dituzte
Norbaitek nahita puskatu zituen hamar anklajeak, abuztuan. Mendizale federazioak txikizioak salatu ditu, eskalatzaileen bizitza arriskuan jartzen duelako.
Pasa den abuztuan, Aritxulegiko eskalatze guneko hamar bat anklaje hautsi zituzten, nahita. Gipuzkoako Mendizale Federazioak jakinarazi duenez, Club Vasco de Campingeko eskalatzaileek konpondu dituzte kaltetutako anklaje horiek. Federazioak aitortu duenez, ez dute aurrekaririk ezagutzen.
Salatu dute eskalatzaileen segurtasuna nahita arriskuan jarri dutela. “Norbaitek bere desadostasuna azaltzeko hartu duen bidea okerra da. Eskalatzaileen komunitate osoaren onuraren alde eskalatzaile pare batek musu truk egin duten lana suntsitzea tristea da benetan”, gaineratu dute.
Argi dute norbait zerbaitekin ados ez dagoela, eta horren harira, kezkak eta desadostasunak federazioari bideratzeko deia luzatu dute. Halaber, federazioak bere bitartekaritza eskaini du, arazorik balego, konpontzeko. Webgunean buzoi birtuala dutela gogorarazi dute, modu anonimoan mezuak uzteko. Bestela bitartekariak bilatzeko eskatu dute.
“Kiroleko, naturako eta ondareko balio handiko azpiegiturak dira eskalada guneak. Eskalatzaile bakar batzuk sortuak dira gainontzekoentzat”, jarraitu dute. Denen lankidetza beharrezkoa dela azpimarratu dute, eskalada guneak txukun mantentzeko. Horregatik, eskalada jasangarriaren aldeko apustua berretsi dute.