Babesa emateagatik, auzitara
Hilaren 16an hasiko da 47 euskal herritaren kontrako epaiketa, presoei asistentzia emateagatik. Tartean dira Onintza Ostolaza eta Manu Ugartemendia.
Sei urte pasa dira Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoen defentsan lanean ziharduten pertsonen kontrako 11/13 sumarioa zabaldu zuenetik. Hainbat fasetan, 47 euskal herritar auzipetu dituzte, eta hilaren 16an hasiko da haien kontrako epaiketa, auzitegiak San Fernando de Henaresen (Madril) duen egoitzan.
Presoen asistentzia eta babesean bost esparrutan egiten zuten lan: Herrira-n; abokatu lanetan; bitartekari lanetan; Etxerat-eko senideak eta Jaiki Hadi presoei asistentzia medikua ematen dien elkartean. Zortzi eta hogei urte arteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte 47 auzipetuentzat; guztira, Fiskaltzak 601 urteko zigorrak eskatzen ditu, eta 117.600 euroko isuna. 47 auzipetu horien artean Oarsoaldeko bi pertsona daude: Onintza Ostolaza abokatu oiartzuarra eta Manu Ugartemendia Herrira-ko kide ohiari. Ostolazarentzako 11 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak, eta Ugartemendiari hamalau urte eta erdikoa.
2013ra atzera egin du Ugartemendiak. Adierazi duenez, ez zen sorpresa izan, presoen babeserako lanean aritzen ziren hainbat talderen kontra jo baitzuten lehenago. «Presoen eremuan ilegalizazioak eman ziren: Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Askatasuna… Beste egoera batean ikusten da eremu horrek bere lana egiten jarraitu behar duela. Nik, Herrira-ko kide bezala, oso argi neukan eremu hori lantzeko oso prest agertzen nintzela». Orduko hainbat balorazio politiko gogorarazi ditu Ugartemendiak: «Irakurketa politikoek argi utzi zutenez, Euskal Herrian ematen ari zen prozesua blokeatzeko nahia zegoen. Blokeo hori are nabarmenagoa egiteko, presoen alorrean lanean ari zen pertsona eta taldeak erasotu zituzten».
Auzipetuak itxaropentsu daude; badira horretarako faktoreak
Ostolazak, bere aldetik, datan jarri du azpimarra, leporatzen dizkieten egitateak 2012tik aurrerakoak direlako. Gogorarazi duenez, ETAk 2011n eten zuen bere jarduera armatua, eta orduan presoen afera konpontzeke zegoela. «Gaur egun bezala», zehaztu du abokatu oiartzuarrak. Herrira elkarteak zuen indar metaketarako joera eta nahia nabarmendu ditu. Bere kolektiboari —euskal presoen abokatuak— dagokionez, 2015ekoa izan zen historiako kolperik gogorrena: «Pentsa zenbat urtetan egon diren abokatuak, eta zein urte gogorretan izan diren asistentzia egiten, eta justu data horretan izan zen inoiz baino abokatu gehiago —hamahiru— atxilotu gintuztela. Manuk esan duen bezala, beste fase batean sartuta ginen, gatazka bukatu behar zen fase batean, alegia». Prozesu berri hori oztopatzeko nahia Espainiako Estatuaren hainbat «indar faktikori» egotzi dio, hala nola Auzitegi Nazionalari eta Guardia Zibilari.
Higadura pertsonala
Atxilotze momentutik epaiketa hasten den unera arteko epeak oso luze jotzen duela nabarmendu dute Ugartemendiak zein Ostolazak. Lehenengoaren kasuan, sei urte, eta bigarrenarenean, lau urte pasatu dira. Oreretarrak jakinarazi duenez, auzipetu askori bizitza aldatu zaie sei urte hauetan: «Seme-alabak dituztenak daude. Horrez gain, atxiloketak izan ziren momentuan, presoen alorra utzita zeudenak ere badaude, bizitza beste zerbaitera bideratu zutenak. Itxoiteak eta epaiketak berak suposatzen duen karga…». Horrez gain, auzipetu guztiek bi astean behin epaitegira joan behar izan dute sinatzera, eta ezin dute Espainiako Estatutik irten. Ondasunen blokeoa ere izan dute. Hori guztia gutxi ez balitz, hilaren 16an hasiko den epaiketa hiru hilabetez luza daiteke: Madrilera astero hiru egunez joan behar dute, suposatzen duen kostuarekin.
Beste makroepaiketa batzuetan egondakoa da Ostolaza, toga jantzita, eta bere esanetan, horrelako auzietan dena da desproportzionatua: «Urte asko pasatzen dira, prozedura bera erraldoia delako. Gure kasuan, 47 pertsona gaude, eta pentsa zenbat folio egon daitezkeen. Pertsonen bizitzak aldatzen dira. Gastu ekonomikoa izugarria da; denbora-galtzea, izugarria; kostu ekonomiko handia…», esan du Ostolazak. Baina batez ere, kostu pertsonala; kalkulaezintzat definitu du. Eta ez auzipetuena bakarrik; haien defentsa eramaten duten abokatuenak, baita senide eta ingurukoenak ere.
Itxaropen izpi bat
Erakunde terroristako kide izateagatik, sei eta hamabi urte arteko kartzela zigorrak daude tipifikatuta. «Eta Auzitegi Nazionalean beti gora jotzen dute», zehaztu du Ostolazak. Hala ere, auzipetuak itxaropentsu daudela jakinarazi dute, eta badaudela horretarako hainbat faktore. Nabarmenena, 2012tik aurrerako egitateak izatea. «Fase armatutik beste fase batera sartu ginela; uste dut elementu garrantzitsua dela hori, desproportzionatuak diren eskaera horiek beste zerbaitetan bilakatzeko», esan du.
Ugartemendiak, bestalde, esan du polizia operazioekin eta ondorengo prozesu judizialarekin gizartean eragin nahi izan zutela. «Tamaina horretako kriminalizazioak eragin nabarmena dauka: horren hedatua dagoen presoekiko elkartasun hori lantzeko edo antolatzerakoan, jendeari ez dio laguntzen lan egiteko pauso bat emateak».
Ildo berean, Ostolazak uste du Herrira-k lana modu zabalean eta txukunean egiten zuela. Garaiko testuinguruan kokatu du jarduna: «Ezker abertzalearen ilegalizazio batetik ateratzen ari ginen beste fase batera pasatzeko, eta Herrira harago zihoan erakunde bat zen; eman zuten, justu, min egiten duen leku horretan». Bere ustez, abisua izan zen, presoekiko elkartasunean lanean aritu nahi dutenentzat. «Zorionez», jarraitu du, «egoskorrak gara, eta beste zerbaitekin aurrera egitea lortu zen».
Epaiketak kostu pertsonal kalkulaezinak dituela esan dute auzipetuek
11/13 sumarioan auzipetuta daudenei elkartasun keinuak han hemenka ugaritzen ari dira. Manifestu bat ere argitaratu zuten, eta 11.000 atxikimendu inguru jaso ditu. «Zenbaki zehatzetan sartu gabe», erantsi du Ugartemendiak, «jasotzen ari garen elkartasuna izugarria da, bai politikoki zein ekonomikoki».
Hilaren 14rako, Bilbon, sostengua adierazteko manifestazioa antolatu dute. Biek ala biek argi utzi dute mobilizazio hori ez dela berariekiko elkartasuna adierazteko bakarrik, presoen eskubideen defentsa ere badela: «Duela sei urte bezala, zoritxarrez —nahiz eta kopuru txikiago batean— jarraitzen dute presoek. Urtarrilero herri honen gehiengo handi batek egiten duen bezala, presoen salbuespen egoerarekin bukatu behar da behingoz. Behintzat, presoak Euskal Herriratzea, eta hortik etxeratzen joatea pixkanaka».
Ugartemendiak gogorarazi duenez, Herrira-ren garaian ikusi zuen eremu soziala irekitzeak bere fruituak ematen dituela. Eta horren gakoa izan zela diskurtso sinple bat erabiltzea, irakurketa sakonik gabe: «Garai haietan abiarazi genuen horrelako leloren bat, Kartzelak hustutzeko daude, ez betetzeko. Euskal Herrian eraikitzen ari zen prozesuan, presoek bere ekarpena egin behar zutela, eta herri honetan paper garrantzitsua jokatu behar zutela. Sei urte geroago, egoerak berdin jarraitzen du.
Elkartasuna adierazteko dinamikak, gaur eta bihar
Pasa den abuztuaren 1ean, jendetza bildu zun Oiartzungo plazan Onintza Herrian taldeak, Ostolazari elkartasuna adierazteko asmoz. Salatu zutenez, bere bizitza eta ingurukoena baldintzatu du epaiketak. Gainera, gogorarazi zuten, beste hainbat auzipetu bezala, guraso dela. Bi seme ditu Ostolazak, eta guztira, 38 haur dira auzipetuen kargu.
Auzibidea «astakeria juridiko eta sozialtzat» bezala definitu zuten, eta presoen eskubideak babestea eskatu zuten, justiziazko bake prozesu bat eman dadin. Ildo horretan, auzipetu guztien lana publikoa izan dela nabarmendu zuten. Gainera, gogorarazi zuten oiartzuar askoren defentsa lanak egin dituela, eta ehunka kilometro egin dituela espetxeetara. Ostolaza bera herriko hainbat eragiletan —kultura arlokoak, politikoak, auzokideena…— engaiatuta egon dela gogorarazi zuten.
Epaiketa tokiz eta denboraz kanpo dagoela aldarrikatu zuten. Aurrera egitea eskatu zuten, eta horretarako iraganeko zauriak itxi eta korapiloak askatu behar direla. «Etorkizun berri baten sinesten dugu, justizian, inolako indarkeriarik gabe eta bakean bizi den Euskal Herria nahi dugu. Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetuan oinarrituta eraiki behar dugun etxea da, eta guztiok gara ezinbestekoak», gaineratu zuten. Ostolaza oiartzuarrarekin ez ezik, gainontzeko auzipetuei ere elkartasuna helarazi zieten.
Elkartasun Maratoia
Auzipetuen herri eta auzoetan elkartasuna adierazteko ekitaldiak antolatu dituzte. Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan ere hala izango da. Ostolazaren herrian gaur izango da zita: Elkartasun Maratoia egingo dute. 17:00etatik aurrera, Oiartzungo Done Eztebe plazan giro polita sortuko da, eta horretarako, hainbat sortzailek beren uzta partekatuko dute bertara hurbiltzen direnekin: Ibargaingo musikariak (17:00), Maider Zabalegi (17:15), Olarri dantza taldea (17:30), Ekain eta Malen (17:45), Gotzon Autobus Magikoa (18:00), June Galardi (18:15), bertsolariak (18:30) eta Beira (18:45). 19:00etatik aurrera, mosaikoa egingo dute, eta ondoren erraldoiek dantza egingo dute.
Ugartemendiaren herrian, berriz, bihar goizean mendi martxa egingo dute. Susperregitik aterako dira, 10:00etan, eta Urdaburura abiatuko dira. Arratsaldean, berriz, argazki jendetsua atera nahi dute, elkartasunez betetakoa. 19:00etan izango da, Madalena kalean. Musikak girotuko du arratsa, eta pintxoak egongo dira. Datorren ostiralean, Bilboko manifestazioaren bezperan (autobuserako txartelak Landaren eros daitezke), Andoni Ollokiegi sanjuandarrak kantaldia eskainiko du Madalena kalean, 22:30ean hasiko den saioan.