Herriak ekoitzitako sagardoa egiten hasiko dira igandean
Igandean elkartuko dira, sagarra bildu eta jotzeko. Bereziki haur eta gazteek prozesua ezagutzea nahi dute. Sagardo Egunean banatu nahi dute.
Aurten egin duten Sagardo Eguna 30.a izan da, eta urteurren biribil hori ospatzeko, herri sagardoa egiteko hautua hartu zuten festaren antolatzaileek. Hala jakinarazi zuen Jexux Aduriz Katxondo-k HITZAri, festaren bezperatan.
Jarraipena emango diote hasitako bideari, eta Oiartzungo herri sagardoa egin nahi dute. Datorren igandean jarri dute hitzordu irekia, Oiartzungo plazan, 11:00etan. Adurizek Oiartzun Irratiari adierazi dionez, beraien helburua da ahalik eta haur eta gazte gehien hurbiltzea, ikas dezaten nola egiten den sagardoa.
Handik baserri batera joango dira, eta bertako zelai zabalean dauden sagarrak bilduko dituzte. Ondoren, sagarra joko dute. Aurten sagar asko dagoela jakinarazi du Adurizek, eta baserri askok egin dietela eskaintza, herri sagardoa egiteko.
Bilketa eta jotze lanak eginda, mokaduak jateko aukera izango dute lanean arituko direnek. Beste hitzordu bat ere jarriko dute, aurrerago, botilaratze prozesua eta abar ikusteko.
Datorren urteko Sagardo Egunean dastatuko dute lanaren fruitua, baina sagardoa etortzen denean —abenduan edo— probatuko dute lehenago.