Joseba Errekalde: «Kutsatzen den jendea izugarrizko krisian hondoratzen da oraindik»
GIBdunei laguntza ematen dien elkarteak 25 urte bete ditu. Garaiak aldatu dira, infekzioa tratatzeko moduak ere, baina ez da da aldatu asistentzia beharra.
25 urtean gauza asko aldatzen dira, baita hiesean eta GIBan. Gaixotasuna hilgarria zen garai batean, eta orain, tratatuta, ez da horrela.
Hori nagusiki. Gaixotasun hilkorra izatetik, gaur egun, kronikoki trata daitekeen gaixotasun/bizipen/infekzio bat izatera pasatu da. Hori osasun kalitateari dagokionez. Izugarria da, 25 urte horietan, hainbesteko diferentziarik eta ibilbiderik ez dela egin gizarte eta estigmaren mailan.
Bi alde dituzte GIBak eta hiesak: alde fisiko eta klinikoa, aurrera egin duena. 1997an mugarri bat jarri zuen pilularen sorrerak, lehena eta geroa ezarriz. Herrialde aberatsetan, osasun sistema onak dauzkagunok, oso ongi zainduta, tratatuta eta ikuskatuta gaude, gaixo kroniko bezala.
Harri Beltzak egiten duen lan nagusietako bat honakoa da: Gipuzkoako edozein gizon edo emakumek jakiten badu GIBduna dela, gure elkartera jotzen du normalean, eta hemen tresna batzuk aurkitzen dituzte. Konturatzen gara, gaur egun, lehen bezala, kutsatzen den jendea izugarrizko krisialdi batean hondoratzen dela. Pentsa zein gutxi aldatu den GIBdun izatearen pertzepzioa, bai infektatu denarentzat, bai kanpoko jendearentzat. Hasieratik dago horrelako hari bat horren inguruan: zeintzuk ziren, zein kolektibotako jendea zen, zer egin zuten… Jarraitzen du izugarrizko pisua izaten.
Estigmak jarraitzen du, beraz.
Nigana hurbiltzen dira profil oso jantziko jendea, berez badaukatenak informazioa, baina norberari kudeatzea egokitzen zaionean, oso gogorra da.
Nola laguntzen duzue? Zerbait aldatu da?
Hitzaren bidez, entzuten eta terapiaren bitartez. Hona norbait hurbiltzen denean, pertsona hori oso galduta dago. Askotan, Internet garai honetan, kontrako hainbat informazio izaten ditugu. Internet oso ongi dago lasai zaudenerako, orduan baituzu kritiko izateko gaitasun bat. Gaizki zaudenean, Interneten aurkitzen duzuna txarra da.
Infekzioa dutenei, etortzen direnean, esaten diegu beren motxilan bi pisu eramango dituztela. Bataz arduratuko da Osakidetza, eta horrekin lasai egon daitezkeela esaten diegu, oso ongi zainduko dituztelako. Bestea da pertsona batek dituen sentipenak, bizipenak eta egin behar duen dolua. Osasun arazo larri bat da, eta dolua egin behar duzu.
Horretarako guztirako, Sigmund Freudek bidea egin zuen. Terapia mota ezberdinak egiten dira: psikoanalisia, parekidetasunean lan egitea…
«Kutsatutakoek ikasi behar dute nori, nola, noiz esan behar duten kutsatu direla»
Parekidetasunari buruz ari zarenean, beste gaixoekin esperientziak trukatzeari buruz ari zara, ezta?
Bai. Hemen gauden gehienak, langile batzuk izan ezik, gaixotasuna dugun boluntarioak gara, eta beharra duenari bidea markatzen diogu. Jarraitzen dugu izaten autolaguntza talde bat. Gaur egun, inork ez du ezer jakin nahi autolaguntza taldeei buruz. Gizartea oso indibidualista da, eta jendeak ekidin egiten ditu taldeak.
Nik counselling-ak egiten ditut —aholkulari lanak—, eta gero, normalean terapia hasten da. Momentu bat iristen da bai psikoterapeutak baita nik ere bideratzen ditugula taldera. Eta behin taldean hasten direnean, nola heltzen dioten taldeari…
Lehen ez zen horrela izaten. Lehen, taldean egon nahi genuen, eta ez genuen terapiaz hitz egiten ere entzun nahi. Orain terapia onartuago dago.
Gero sala honetan [Harri Beltzaren lokalean dutena], kafe baten inguruan antolatzen ditugun solasaldiak daude.
Zeri buruz hitz egiten duzue?
Jendeak ikasi behar ditu hainbat gauza: nori esan; nola esan; zein momentutan; norekin partekatu eta norekin ez… Kudeatzen ikasten ari garenean, izugarrizko zama kentzen dugu gainetik. GIBaz infektatzen den edonoren lehenengo pentsamendua da: ‘Bukatu da nire bizitza afektibo-sexuala. Akabo!’. Eta ez da hala.
Zu bezalako batek kontatzen dizunean berak nola egin duen eta abar, lasaitzen da. Ezagutzen dituzunean lauzpabost pertsonen bizipenak, horrek ahaldundu egiten du pertsona bat, eta bere bidea egiten laguntzen dio. Osakidetza ez da iristen horretara. Horregatik sortzen dira gaixoen elkarteak. Badaude gauza batzuk ez daudenak ez liburuetan, hezkuntza sistema arautuetan, ez instituzioetan egin daitezkeenak, eta hor gaude gu.
Krisiaren garaian, ihia bezala izan gara, malguak, egoerari egokitzen. Espainiako eta Frantziako estatuetako hainbat elkarterekin elkarlanean aritzen gara, baita Ipar Euskal Herrikoekin ere, eta krisialdian, laguntzetan, egin duten entresaka izugarria izan da. Elkarte bat ixtea erraza da, baina irekitzea oso zaila. Baina beno, urte zail horiek igaro ditugu, eta beharra dagoen artean, hemen jarraituko dugu.
Eta beharra badago, iaz 51 lagun kutsatu baitziren Gipuzkoan. Harri Beltza da erreferentea. Denak etortzen dira hona?
Gipuzkoan bi elkarte geratzen gara. Lehen herri askotan zeuden elkarteak, beharra izugarria zelako. Gurasoak eta familiak hasi ziren behar hari erantzuten. Urteen poderioz, ACASGI eta Harri Beltza bakarrik gelditzen gara. Plangintzarik egin gabe, bakoitzak bere espezializazioa prestatu du, bizitzak eraman gaitu horretara.
Zein da zuen arteko aldea?
Donostiako elkartea asistentzialagoa: GIBa duen jendea gehi beste motxila batzuk dituen jendea, prostituzioa kasu. Guk, gainontzeko guztiak. Infekzioarekin aurkitu zen jendearekin. Beste erantzun mota bat behar dute, bizitza normalizatuagoa baitute, kulturalki eta ekonomikoki hobeto daude, baina elkarte batek asetu behar dituen beharrak daude.
Aldatu al da profila?
Bai, baina badaude oraindik nire garaiko GIBdunak, eta horiek dira gehiago Donostiara joaten direnak. Hona etortzen direnen profil nagusia gizonekin sexu harremanak izan dituzten gizonena da. Ez du esan nahi homosexualak direnik. Izan daiteke beroaldi bat edo dena delakoa izan duen gizon bat. Preserbatiboarekin babestu behar da…
Beldurra galdu zaio?
Errespetua galdu zaio.
«Etortzen direnen profil nagusiena da gizonekin sexua izan duten gizonena»
Hori da 25 urte hauetan aldatu den beste zerbait?
Bai. Jakin izan bagenu, garai hartan gauzak beste modu batera egingo genituzkeen. Hainbestekoa izan zen antirretrobiralaren sorrera, denak emozionatu ginela. Urte batez ez zen beste ezertaz hitz egiten: sendatzen da, botika on batzuk badaude, ez gara gehiago hilko… Eta horrek bere eragina izan zuen. Pilulek sortu zuten baikortasunaren axolagabetasun horretan, ez gara akordatzen infekzioak zer suposatzen duen.
Zer suposatzen du?
Lehenengo bizpahiru hilabeteetan kosta egingo zaizu onartzea, baita lo egitea ere. Psikologikoki onartu duzun momentuan, ez da hainbesterako. Gertatzen dena da arreta izan behar duzula, osasuna gal dezakezulako, baina baita ere kontziente zarelako ez duzula inor arriskuan jarri nahi. Bi faktore horiek daude. Tratamenduak gaur egun oso errazak eta eraginkorrak dira. Oso gaizki dagoen norbait errekupera daiteke. Ikusi behar da gaixotasunaren zein mailatan dagoen, baina esan dezakegu infekzio oso aurreratua duen bat, duela ere ez dakiena, senda daitekeela botikak hartuta.
Aldiz, gaur harrapatu baldin badu, eta bihar joaten bada proba egitera, GIBa ez duen pertsona batek bezalako bizi kalitatea izan dezake. Botikak oso testatuta daude, bigarren mailako eragina zutenak kendu dituzte merkatutik… Aipatzen da GIBdun ez den batek bezalako bizi itxaropena dugula. Eragin handiagoa dauka bizi iraupenean tabako erretzaile izateak ala ez.
Esan duzunez, Osakidetzak ongi tratatzen zaituzte. Baina baduzue kexa bat: pilulak hartzera ospitalera joan behar duzue, eta han ilarak sortzen dira.
Gurea bezalako elkarte batean, azkenaldian etortzen bazaizkigu hamar pertsona eta esaten badigute ‘jo, lehengoan botiken bila joan behar izan nuen, eta a zer putakeria, arratsalde guztia han’. Termometroa gara, eta ni pertsonalki ere joaten naiz. Oso ongi tratatzen gaituzte, baina joan behar gara bila ospitaleko farmaziara, duela 22 urte bezala.
Buelta emateko eskatzen dugu. Zuk uste duzu diabetiko batek, gaur egun, joan beharko lukeela ospitaleraino? Gurekin berdin. Bere garaian, gure botikak katalogatu zituzten ospitaleko medikuntzako barrukoak bezala. Egun daukagun autonomiarekin, jar dezagun mahai gainean. Lakuan esaten digute Madrilen ematen dizkietela aginduak, baina beno, egin dezakegu proba piloturen bat hemen. Mugitzen joan beharko litzatekeen gaia da.
Preserbatiboa da prebentzio modurik onena. Baina ez bada jartzen, GIBdun guztiak tratatzea da onena. GIBdun bat tratatuta dagoenean, nahita ere, ezin du infektatu. Erabat frogatuta dago. Beraz, zenbat eta pertsona gehiago tratatu, orduan eta prebentzio lan handiagoa egiten ari gara. Duela urte batzuk, Unaids-ek atera zuten 90-90-90 programa…
Zertan datza?
Ahaztu txertoa, ez da aterako. Beraz, estrategia da munduko infektatuen %90 detektatzea. Detektatutako GIBdunen %90 tratatua egotea da bigarren urratsa. Eta hirugarrena da munduan dauden GIBdunen %90ek birusa ez transmititzea.
Mundua esaten dugunean, noski, Asia eta Afrika barruan sartzen ditugu. Malaria, paludismoa eta bestelako gaixotasunak ez dituzte tratatzen, baina GIBa tratatzen ari dira. Mundu pobrea ez da sekula tratatu ezerekin GIBa tratatzen ari den bezala. Izan daiteke GKEak, Bill Gates, foundations-ak… nahi duzuna, baina pilulak badaude. Egin nahi dena da gaixotasuna ito. %90 tratatuta baldin bagaude eta detektaezinak baldin bagara, %10ek bakarrik infekta dezake.
«Tratamenduak oso eraginkorrak dira; oso gaizki dagoen bat errekupera daiteke»
Oiartzunen sortu zineten, hemen jarraitzen duzue lanean. Zein harreman duzue herriarekin?
Harremana oso ona da. Gainera, nortasunaren parte handi bat izan da non gauden kokatuta. Gurea bezalako elkarte bat, egia da, Donostian beharko luke, baina esperientziak esaten digu oso ongi gaudela hemen.
Hasieratik Oiartzungo Udala izan zen laguntzailea —asko eskertzen dugu—, eta zonaldeko erantzun bat eman nahian aritu ginen. Gipuzkoako lurraldetasuna lantzera pasatu ginenean, hemen espezial ginela erabaki genuen: autopista bertan daukagu, garraio publikoa ere… Gainera, diskrezio handia dugu hemen. Ez badakizu, propio, elkartea hemen dagoela, ez zara konturatzen elkarte bat dagoenetik. Ikastolara saioak ematera joaten naizenean, esaten dut ‘Isasti etxadian gaude’, eta han bizi diren ikasleek ez dakite non dagoen ere.
Ez gara kalera ateratzeko moduko elkartea, baina abenduaren 1ean plazan egoten gara urtero. Eskoletan ere egiten ditugu saioak, eta aurten, 23. aldiz, udako prebentzio kanpaina egin dugu. Hori bukatzen da San Inazio Eguneko kontzertu solidarioarekin. Horrela herriari bere babesa bueltatzen diogu.
Bere garaian txosna ere jartzen genuen, sentsibilizatzeko, eta kondoiak banatzen genituen. Gaur egun egiten duguna da beste elkarteei eman. Erdia, nahi baduzue, erabili globoak puzteko, baina beste erdia erabili behar den gauzetarako!