Gaur hasiko dira epaitzen Ugartemendia eta Ostolaza
Zortzi eta hogei urte arteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte 47 auzipetuentzat; guztira, Fiskaltzak 601 urteko zigorra eskatu du, eta 117.600 euroko isuna.
Gaur hasiko da 11/13 sumarioan auzipetuta dauden 47 euskal herritarren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen (Madril) duen egoitzan. Manu Ugartemendia oreretarra eta Onintza Ostolaza oiartzuarra sumario horretan auzipetuta daude. Euskal presoen defentsan lanean ziharduten pertsonen kontrako sumarioa da 11/13a, eta tartean Herrira dinamikan, abokatu lanetan, bitartekari lanetan, Etxerat-eko senideak eta Jaiki Hadi elkartean aritutako pertsonak daude.
Zortzi eta hogei urte arteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte 47 auzipetuentzat; guztira, Fiskaltzak 601 urteko zigorra eskatu du, eta 117.600 euroko isuna. 10:00etan hasiko da epaiketa eta hiru hilabete eta 18 saio irautea aurreikusi dute, baina auzipetuek aurreratu dute akordioa adosten ahaleginduko direla. Une honetan auzitegian daude 47 auzipetuak epaiketa hasi zain. BERRIA-ko Maider Galardi F. Agirre kazetariak, bertatik beratara kontatuko du epaiketaren lehen saioak emango duena.