Katerin Artolak, aurresku txapelketan, bitik bi
Ordiziako Euskal Jaietan egin dute, bigarren aldiz, Gipuzkoar erako aurresku txapelketa bateratuta. Zarauzkoan ere nagusitu da.
Katerin Artola dantzari oiartzuarra garaipenez betetzen ari da bere zakua. Pasa den asteburuan bigarren aldiz nagusitu da gipuzkoar erako aurresku txapelketan. Bigarren aldia da txapelketa mutil eta neskek batera parte hartu dutela, eta bigarren aldiz nagusitu da oiartzuarra.
Bigarren tokian, Artolaren atzetik, Villabonako Gorka Duran gelditu zen eta hirugarren, berriz, Errenteriako-Oreretako Beñat Salegi.
Artolak garaikur ugari jaso zituen Goierrin: Gipuzkoako Euskal Dantzarien biltzarreko trofeoa, Ordiziako Udalak eskainitako trofeoa, txapela, 400 euro eta Patxi Epelde artistaren eskultura. Azken hori, Oiartzungo udaletxean gordeko dute hurrengo txapelketa jokatzen den arte.
Ez da hilabete honetan lortu duen garaipen bakarra. Hilaren 7an, Zarauzko Euskal Jaietan, bertako 31. txapelketan nagusitu zen. Bigarren, orduan ere, Gorka Duran izan zen, eta podiumeko hirugarren koska Maitane Irurtzunek zapaldu zuen. Iaz ere Artola gailendu zen.
Mitxelena, bertsopaperetan
Ordiziako Euskal Jaietan baita ere, Karmele Mitxelenak sari bat lortu zuen. Zehazki, 28. Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketan. Bikoitza lanagatik hirugarren postua eskuratu zuen oiartzuarrak. Julen Zelaieta beratarrak irabazi zuen, Zor nizun hainbeste sortarekin, eta haren atzetik geratu zen Aitor Albistur oreretarra, Per secula seculorum-ekin.