Dantzak bi herrialde elkartuko ditu igandean
Eskoziako eta Euskal Herriko dantza tradizionalak ikuskizun berezi batean bildu dituzte, Atlantikaldiaren harira. Ereintza Dantza Taldeko kideek hartu dute parte proiektuan.
Itsaso batek eta ehunka kilometrok banandu arren, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko distantzia hainbestekoa ez dela erakutsi berri du dantzak. Igandean (hilak 22), batura berezi baten lekuko izango dira errenteriarrak. Izan ere, Edinburgo eta Errenteria-Oreretaren arteko 1.050 itsas miliak hizpide hartuta, Atlantik 1050 dantza ikuskizuna prestatu dute Atlantikaldirako.
Jaialdirako propio sortu dute, Etxepare Institutuak, Dance Base Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak eta Ereintzak, hain zuzen ere. Jen Wren koreografo eta Amy Geddes musikari eskoziarrek proiektua gidatu dute, baina Errenteria-Oreretak ukitu berezia eman dio. Ereintza Dantza Taldeko Alain Maya izan baita, eskoziarrekin batera, sortzaile nagusietako bat.
Oreretarrak azaldu duenez, eskoziarrekin izandako lehen kontaktua hemen izan zen, joan den ekainean egindako bi eguneko egonaldi batean. Ondoren, Eskozia bisitatu zuen Mayak, obrari azken zertzeladak emateko. «Oso proiektu polita izan da, Atlantikaldiak bezalaxe, kultura ezberdinen arteko nahasketa horren esentzia ere baduelako», dio dantzariak. Inongo pretentsiorik gabe hasi zirela azaldu du, baina pixkanaka, eta ohartu gabe, ikuskizuna bere kabuz irten zela. «Probak egiten hasi ginenean ohartu ginen erritmo eta urrats asko komunean genituela, antzekotasun ugari daudela bi herrialdeetako dantza tradizionalen artean». Hala, «nahiko modu errazean» 10-12 minutuko obra bat sortzeko trebezia izan dute.
Bi herrialdeetako dantza tradizionaleko pausuak gehitu dituzte Atlantik 1050 obran. Arropa ere, bi kulturen arteko batura berezia da. Eskoziako galtzerdi tradizionalak hemengo alkandora txuri eta zintzarriekin nahastu dituzte, esaterako. Bada, ez da landu duten fusio bakarra. Musika eskoziarrak gidatuko ditu dantzariak, baina berezitasun batekin: txalapartak presentzia handia izango du. «Eskoziarrek oso argi zuten hasieratik txalaparta nahi zutela, maiteminduta daude». Eta dantzariak, nola ez, han eta hemengoak izango dira. Ereintzako sei dantzarirekin batera, Euskal Herriko beste hiru eta Eskoziako zortzi ariko dira.
Bigarren estreinaldia
Hemen lehenengoz eskainiko duten arren, dagoeneko pribilegiatu batzuek aukera izan dute ikuskizunaz gozatzeko. Abuztuaren 9an, munduko arte jaialdirik garrantzitsuenean estreinatu zuten pieza berria: Edinburgoko Fringen. «Berezia izan zen. Ikusleek beste prisma batekin ikusi zuten emanaldia, feedback-a primerakoa izan zen», aitortu du.
Igandean, Atlantikaldiaren azken egunean, helduko zaie herrikideei fusio berezi honen fruitua erakusteko unea. Orotara, hiru saio eskainiko dituzte jarraian: 13:30ean, 14:00etan eta 14:30ean , denak Herriko Plazan.