Killirikupek emakumeak ahalduntzeko eskola aurkeztuko du hilaren 26an
Urritik martxora bitartean egingo dituzte tailerrak, lau gai ardatz hartuta. Euskaraz eta gaztelerazko saioak izango dira, adituekin.
Killirikupek emakumeak ahalduntzeko eskolak egingo ditu, beste urte batez, urritik martxora bitartean. Datorren ostegunean, hilak 26, egingo dute ikastaro horren aurkezpena, liburutegian, 18:00etan hasita.
Bertan azalduko dituzte aurten jorratuko dituzten lau gaien xehetasunak: emakumeak menpean hartzeko mekanismoak; emakume bertsolariak menpean hartzeko mekanismo heteropatriarkalak; beldurrik ez duten emakumeak; eta adingabeak eta transexualitatea. Adituak gonbidatuko dituzte, gai bakoitza jorratzeko.
Saioak asteazken eta ostegunetan egingo dituzte, gaztelera eta euskaraz, hurrenez hurren. Gaztelerazko saioa Karaez kaleko lokalean izango da, eta euskarazkoa, berriz, udaletxeko pleno aretoan. Aldatuko ez dena ordua izango da: bi kasuetan, 18:00etatik 19:30era izango dira saioak.
Killirikupek 29 urte daramatza jardunean. Gogorarazi dutenez, aurten ere Oiartzungo Feministen Asanbladako kide izango dira, eta hark egingo dituen ekintzetan parte hartuko du.
Neska gazteen topaketa
Bestalde, gaur arratsaldean, neska gazteen topaketa feministen aurkezpena egingo dute. Kataxulo Gaztetxian izango da, 19:00etan hasita. Urrian izango dira jardunaldi horiek.
Azaroan, berriz, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen atarikoa izango da hori. Badira 11 urte ez dutela egiten.